Egunero esateko nahi dugun guztia, atzo, gaur, bihar direlako euskararen eguna!!
Ohi duten moduan, AEK-k eta AIZU! aldizkariak aurten ere hartuko dute parte Durangoko Azokan. Dagoeneko jakina da Azokaren 55. edizioa guztiz eraldatua datorrela pandemiaren eraginez. Ondorioz, www.durangokoazoka.eus webgunean online denda sortuko da estreinakoz, eta hori izango da salerosketa gune bakarra aurten. Azokazaleek bertan eskuratu ahal izango dituzte produktu guztiak, baita AEK-AIZU! erakusmahai birtualean aurkituko dituztenak ere: AIZU! aldizkariaren harpidetza egiteko bi modu, urteko azken bi zenbakiak eta Primeran! langai didaktikoak. Abenduaren 4tik 8ra bitartean erositako DA! produktu sorta etxean jasoko du kultur zaleak.
AIZU!ri dagokionez, edizio honetan salmenta beste modu batean egingo denez, erosleak AEKren aldizkariaren azken bi aleak eskuratzeko aukera paregabea izango du, oso modu onean: bost euro, 451. eta 452. zenbakiak (abendukoan, labetik atera berria, Izaro abeslaria da elkarrizketatu nagusia). Bestalde, esan bezala, harpidetza bi eratan egin ahal izango da. Alde batetik, harpidetza murriztua (4 zenbaki, 10 euro), berariazkoa, batik bat, aldizkaria ezagutzen ez dutenentzat; eta bestetik, urteko harpidetza (10 zenbaki, 23 euro). Eskaintza guztiek izango dute, hortaz, beherapen polita Durangoko Azokan, aldizkari batek 3,10 € balio baitu. Gainera, harpidetzaren bat egiten dutenek (murriztua zein urte osokoa) Izaroren azken disko sinatuaren (Limones en invierno) zozketan parte hartuko dute.
AEKren “erakusmahaian”, bestalde, Primeran! langai didaktikoak ere aurkituko ditu bisitariak. Helduen euskalduntzean aurrez aurreko eskuliburu edo klaseko material modura erabiltzeko pentsatuak, bost elementu ditu B1 mailako unitate bakoitzak: ikaslearen liburua (ikasleak ikasgelan burutu beharko dituen jarduera nagusiak egiteko materiala), ikaslearen lan-koadernoa (ikasgelan burutzeko jarduera osagarrien zerrenda eta materialak), irakaslearen liburua edo gida, ikus-entzunezkoen DVDa, eta lan-koaderno digitala (klaseko programazioaren online osagarria).
Eskaintza ederra, hortaz, euskara ikasten zein irakasten ari den ororentzat, eskolarako material iturri garrantzitsua.
Kalean da abenduko alea. Izaro abeslariari eta Joseba Attard diseinatzaile eta ardi ilemoztaileari elkarrizketak; Florida parkearen 200. urteurrena; Kantuen kontrabandista; literatur lehiaketak; 55.Durangoko Azoka... erreportajeei dagokienez.
Liburu eta diska gomendioak, albiste laburrak, komikiak... eta gehiago AIZU! aldizkarian.
Gainera, eskaintza berezia izango dugu Durangoko Azokan. Erosleak AEKren aldizkariaren azken bi aleak eskuratzeko aukera paregabea izango du, oso modu onean: bost euro, 451. eta 452. zenbakiak (abendukoan, labetik atera berria, Izaro abeslaria da elkarrizketatu nagusia eta azarokoan, Oier Sanjurgo Osasuna futbol taldeko kapitaina). Bestalde, esan bezala, harpidetza bi eratan egin ahal izango da. Alde batetik, harpidetza murriztua (4 zenbaki, 10 euro), berariazkoa, batik bat, aldizkaria ezagutzen ez dutenentzat; eta bestetik, urteko harpidetza (10 zenbaki, 23 euro). Eskaintza guztiek izango dute, hortaz, beherapen polita Durangoko Azokan, aldizkari batek 3,10 € balio baitu. Gainera, harpidetzaren bat egiten dutenek (murriztua zein urte osokoa) Izaroren azken disko sinatuaren (Limones en invierno) zozketan parte hartuko dute.
Udazkeneko jaia egingo dute asteazkenean (abenduak 2) Bilboko AEK-ko ikasleek eta irakasleek. Aforoa eta segurtasun neurri guztiak beteta, EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena gunean elkartuko dira. Goizean, Imanol Ituño magoaren bi emanaldi egongo dira eta arratsaldean, Bea Egizabalen umore-bakarrizketaren beste bi.
Euskara praktikoa lantzeko modu zoragarria! Ondo pasa, Bilboko lagunak!!
Oiartzungo entitateei PuntuEus domeinua zabaltzeko erraztasunak emango dizkiete. Hitzarmenaren helburua herriko entitateen ingurune digitalean euskararen presentzia handitzea izango da. Horretarako, egungo egoera aztertuko da eta egoera ezagutu ondoren, euskararen erabilera handitzeko ekintzak planteatuko dira.
Hitzarmen hau sortu da AHIZE-AEK-k kudeatzen duen LANIN proiektuaren barruan. Izan ere, AHIZE-AEK Hizkuntza Aholkularitza euskara planak sustatzeko aholkularitza eta normalizazio zerbitzua eskaintzen ari da Oiartzungo enpresa txiki eta ertainetan. Udalak Lanin egitasmoa jarri zuen martxan duela urte batzuk, 50 langile baino gutxiago dituzten enpresetan euskararen erabilera handitzeko. AHIZE-AEK Lanin egitasmoaren garapenean ari da, eta oso pozgarria izan da testuinguru horretan, gure ekarpen eta bultzadaz urrats aitzindari hori ematea.
Irudian, Omar Diop Paseolagun taldeko beste bi kiderekin
Koldo Almandoz zuzendariaren Hondar Ahoak telesaila arrakasta handia izaten ari da. Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako thriller-ak euskal kostaldeko arrantza portu batean gertatutako intrigazko istorioa kontatzen du 4 ataletan.
Aktoreen artean, Omar Diop dago. Aktore moduan lan egin duen lehen aldia eta poz-pozik dago, esperientzia ederra izan da berarentzat.
Omar 14 urtegaz etorri zen Senegaletik Berriatura. Ondarroako AEKideek kontatu digutenez, jada Zubi Zahar Herri ikastolan zegoenean ezagutu zuten, gazte etorkinen laguntza-eskolekin; gero, AEK euskaltegian izena eman zuen eta egun, Berbalagun egitasmoan dabil. Astean behin, paseatzeko eta euskaraz praktikatzeko elkartzen da eskualdeko zenbait lagunekin.
Asteon, azken atala izango duzue ikusgai: asteazkenean, 22:30ean. Ez galdu (eta hasierako hiru kapituluak galdu badituzue, Nahieran aurkituko dituzue)!! Aupa Omar!!
Atzo, azaroak 19, Euskaraldia hastearen bezperako egunean eta saskien banaketarekin hasi garen honetan, Errigorak, Ikastolen Elkarteak, Sortzen Elkarteak eta AEK-k prentsaurrekoa deitu genuen Euskarari puzka kanpainak emandakoaren berri emateko.
Eskatu diren 16.000tik gora saskien balioaren %25ari dagokio ekarpen horren zati handiena, eta Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratuko da. Zonaldeko ikastolen, euskaltegien eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamiken lana indartzera. Baita Agerraldia egitasmo berrira ere. Baina aurten, pandemiak euskara eta euskalgintza hain estu hartu dituen honetan, Korrika atzeratu dela eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera geratu direla, saskiko 5 euroko ekarpen osagarria egin dugu, Korrika-ri, Seaskari eta Sortzeni zuzenean bideratzeko.
Izugarria da egungo baldintzetan herri ekimen bat 302.000 euroko ekarpena biltzeko gai izatea. Bihotzez diogu hitzez azaltzeko zaila den zirrara eragiten digula elkartasun erakustaldi honek eta inoiz baino harroago gaudela gure komunitateaz, Errigora osatzen duten sarekide, euskaltzale, ekoizle eta askotariko herritar ederrez. Eskerrik asko, beraz, erdi bakartuta gauden honetan taldean aritzeko hautua egiteagatik. Eskerrik asko egoera tamalgarri honetan euskararen alde konpromisoa hartzeagatik. Kanpainako leloak dioen bezala, egiten duguna gara.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt