AEKn, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarriko dugu abian, aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko.
Euskal Herriko herritarren % 55 erdalduna da. Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako. Beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu; bide onetik goaz, urtero-urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira horietan, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere. Bultza ditzagun euskaltegiak! Bultza dezagun euskara!
Hala eta guztiz ere, arlo horren finantzaketa ez da aski, aurrerapausoak eman diren arren. Esate baterako, AEK Euskal Herri osoan aritzen da; herritarrei euskara ikasteko aukera ematen zaie edonon bizi direlarik ere; horregatik, gaur egun, hiru administrazioetatik (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) arloari bultzada estrategikoa eman behar zaiolakoan gaude.
Hurrengo hilotan, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarriko dugu abian, aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. Duela 55 urte Rikardo Arregik bidalitako gutun hartan argi islatu zen helduen euskalduntzea ezinbestekoa zela, orduan, euskararen biziberritze osoa lortzeko. Gaur egun, bide oparo eta nekaezina eginda ere (ikerketek diotenez, jendarteak azken hamarkadetan irabazi dituen hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik atera da), bistan da euskaltegiok buru-belarri segitu behar dugula lanean.
Hiru ardatz izango ditu (gehiago irakurri gainean egin klik,eskuinetara):
Iparraldean, gau-eskoletako ikastaldeen artean argazki lehiaketa antolatu dute. Apirilean argazki irabazlea ikusteko aukera izango dugu.
Gure euskaltegi eta gau-eskoletan... #EuskaraPraktikoa!!
Plateretik baratzera leloa izanen du 2021eko Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak. Martxoaren 4tik 24ra eskatu ahal izango dira olioa eta kontserbak Errigoraren webgunean.
Elikagaiak ekoizteko erak aldatzeko, alda dezagun kontsumitzeko modua. Ohiko esamoldea (baratzetik platerera) atzekoz aurrera jarrita, ohiko kontsumitzailearen ohiko eskemak hankaz gora jarri nahi ditu Errigorak. Izan ere, eserita itxaron ordez, aulkitik altxatu gabe egin dezakegu bidea elikadura-burujabetzara, pentsatzen dugunaren arabera janez. Platerak tokiko uztarekin betez. Eskala txikian ekoitzitako elikagaiak kontsumituz. Produktu agroekologikoen eskaintza handitu dadin, hauen eskaera indartuz.
Asmoa ez da, ordea, maila teorikoan geratzea; praktikan, ekoizpena eskaerara nola moldatzen den erakutsi nahi da. Batetik, kanpaina hau abiatu zenetik, milaka kontsumitzaile arduratsuk bestelako hautuak eginez, ekoizpenaren eremuan eman diren pausuak kontatuz. Bestetik, kanpaina hau erronka gisa planteatuz: hainbat produkturen ekoizpenean muga handiak topatu dira, eta kanpaina honetan horien eskaera indartzen bada, ekoizle eta lur-eremu berriekin mugak gainditzeko elkarlanak bideratzeko gai izanen gara. Hau da, gure lankide, auzokide edo lagunei ulertarazi behar dieguna: gaurko kontsumoaren araberakoa izanen da biharko ekoizpena.
Ez da LANIN egistamoaz hitz egingo dugun lehendabizikoa aldia. Orain, Oiartzungo lan munduan euskara sustatzeko proiektuan azaldu den ekimen berria aipatu nahi dugu. Izan ere, Oiartzun Irratiarekin elkarlanean, sortutatako podcasta estreinatu da berriki. Aste honetan, hain zuzen ere, Oiartzun Irratiko 'Arguyun' saioan. Lanin egitasmoaren barnean martxan jarritako saioa da, proiektuaren nondik norakoak Oiartzunen zabaltzeko asmoz. Zabalpena handiagoa izan dadin bloga ere sortu dugu, eta bertan podcastaz gain, gaiari lotutako berriak ere igotzen ditugu.
Hemen duzue podcastaren lotura: https://oiartzunlanin.eus/?p=49
Lehen saioan, hizkuntza-kudeaketa zergatik eta zertarako den garrantzitsu azaldu digu Mikel Urdangarinek. 20 urte inguru darama Ahize-AEKn hizkuntza-aholkularitzan, eta Lanin egitasmoan sorreratik ari da lanean.
Hemendik aurrera, podcasta hilero emititzen ahaleginduko gara.
Asteartean, hilaren 23an, prentsaurreko telematiko baten bidez, aurkeztuko dugu abian jarriko dugun dinamika: Bultza euskaltegiak, Bultza euskara!
Ekimena martxoaren 28an burutuko da hainbat lekutan. Gorde eguna!
BULTZA!
Egunotan gutun bat zabaltzen ari gara, duela 55 urte Rikardo Arregik Euskaltzaindiari bidali zuena aitzakia hartuta. Bertan, Rikardo Arregik euskaldunak alfabetatzeko ekimen bat martxan jar zezaten eskatzen zien. Gutun hura jo izan da 60ko hamarkadako helduen euskalduntze-alfabetatze ekimenaren abiapuntutzat. Beraz, AEKrena berarena ere bai.
22. KORRIKA atzeratu behar izan dugun sasoi honetan, ideia zirraragarri eta ero haren sorreraren urtemuga ere bizi izan dugu, joan den abenduan lehendabiziko KORRIKAren 40. urtebetetzea izan baita; hasierako edizioaren lekukoaren barruan Rikardo Arregiren gutunaren kopia zihoan (azkenean, galdu egin zen arren). 1982ko bigarren KORRIKAn eskutitza berreskuratu, eta Rikardo Arregi bera omendu genuen. AEKren hastapenetan, Euskal Herri osoan guztiz eratu zenean, KORRIKA sortu genuen, euskaltegietako lana sustatzeko eta, halaber, diru-beharra agerian zegoelako.
2022an, 22. KORRIKA egingo dugu, eta ikusten dugu oraino ere guztiz beharrezkoa dela, Rikardo Arregiren ekimenaren hazia nahiz KORRIKA sortu zuten haien izerdia lehortu ez direlako. 55 urte geroago, AEK-k berretsi egin nahi du egun ere Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzeak berebiziko garrantzia duela.Horregatik guztiarengatik, 2021. urtean ez gara geldirik egongo: efemeridea aintzat hartzeaz gain, martxoaren 28rako deialdia egingo dugu, hainbat tokitan elkartzeko asmoz. Ekimen horren nondik norakoak aurrerago jakinaraziko ditugu; beraz, laster geure berri izango dituzue.
Zozketa eginda, 5 ikasleri sorpresa polita ematen diegu sasoi honetan. Egunotan bakoitzak otzara bana jaso du; bertan, besteak beste, hauxe aurkituko dute: ELKAR opari txartela (15 euro), Euskaraz bizi nahi dut-osagarriak KOPARIAren eskutik, baita ERRIGORAren eta CASA ECEIZAren produktuak ere. Eskerrik asko ekimen hau aurrera eramaten laguntzeagatik.
Hauek dira saridunak: Ashrhen Avaguian (Baiona), Ruben Ayechu (Pirinioak), Veronica Rodriguez (Santutxu-Bilbo), Julian Fernando Zayas (Arana-Gasteiz), Emerita Carton (Amara-Donostia).
HABEk, ELKAR-ek eta AEK-k Primeran B2.2 material didaktikoa plazaratu dute. Honekin Primeran B2 maila egitasmoaren osagai guztiak ikasle eta irakasleen esku jarri ditugu. Izan ere, Primeran B2.1, lehendabiziko liburuxka, 2020ko irailean kaleratu zen.
Ezaugarri berezia du Primeran B2.2 materialak: jardun biko taldeentzat pentsatutako materiala da, aurrez aurreko talde arruntetan ere erabil daitekeena. Izan ere, ikasgelan eta ikasgelatik kanpora gauza daiteke, taldean zein bakarka.10 ikasunitate ditu eta horietako bakoitzak 10 ikastordurako jarduerak eskaintzen ditu.
Ikaslearen liburua da PRIMERAN! B2ren euskarri nagusia. Ikus-entzunezkoen transkripzioak eta erantzun-orriak jasotzen ditu, baita landutako edukien aurkibide zehatza ere. Baliabide eta osagarri guztiak www.primeranb2.ikasbil.eus atarian daude eskuragarri:
Informazio gehiago hemen
Materialaren aurkezpena
Primeran! B2 materialaren berri emateko bi saio eskainiko dira: bata otsailaren 12an eta bestea 19an, eguerdiko 12etan.. AEKren Didaktika taldeko kide eta materialaren egile Maider Barandiaranek eta Aitor Ogizak aurkeztuko dute lana. Ordubete iraungo dute.
Aurretiaz izena eman behar da.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt