Durangoko Azokaren 56. edizioko egitarauaren barruan, AIZU! aldizkariak hainbat lagun batu zituen mahai-inguruan, hizkuntza baten ikas prozesuan irakurketak duen garrantziaz hitz egiteko. AIZU! 40 urte euskara ikasleak hezten eta euskarazko irakurleak hazten lelopean jardun zuten Belen Rufz Aguayo euskara ikasleak, Maider Irurozki Artaxo irakasleak eta Gotzon Hermosilla kazetariak, AIZU!ko koordinatzaile Eñaut Mitxelena moderatzaile zutelarik.
AIZU! aldizkaria euskara ikasteko bidelagun egokia dela argi utzi zuten Irurozkik eta Rufzek. Lehenak azpimarratu zuen oso lagungarria dela irakasleentzat esku artean “material erreala” edukitzea eskolak prestatzerakoan, eta AIZU! bezalako aldizkari bat modu askotan erabil daitekeela, hori baita argitalpen honen beste ezaugarri bat, ariketak eta denbora-pasak dituelako. Rufzek, berriz, aldizkariak egiten duen zubi lana nabarmendu zuen, beste argitalpen batzuetara jotzeko beldurra kentzen laguntzen duelako: “Hau ulertzen badut, agian beste batzuk ere ulertuko ditudala pentsatuta, proba egiten duzu”.
Bestalde, hirurek baieztatu zuten AEKren aldizkariak euskal kultura ezagutzera emateko ere balio duela, “erreferentzia euskaldunak ematen dizkiolako irakurleari”. Halere, Hermosillak gaineratu zuen, ikasleentzat ez ezik, edozein irakurlerentzat balio duela ekarpen horrek, “euskal hiztunek ere batzuetan ez dituztelako euskal kulturako hainbat erreferente ezagutzen”.
Ordubeteko saioaren ostean, txaloaldi bero batekin bukatu zen mahai-ingurua. Bertaratu zirenek horrela eskertu zuten agertokian izan ziren partaideen ekarpena eta ikusleen artean egon ziren AIZU!ko sortzaile taldeko Iber Otsoaren eta Amaia Montorioren aspaldiko ekimena.
Argazkian, ezkerretik eskuinera, Irurozki, Hermosilla, Rufz eta Mitxelena.
Atzo, abenduak 2, Igo Bolumena! Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik jardunaldia izan zen, AEKren Hizkuntza aholkularitza AHIZEren eskutik. Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean, 130 bat lagun elkartu ginen.
Streaming bidez emititu zen. Ikusi nahi duenak hemen dauka osorik.
Jardunaldian, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean sortutako Damolat ikas-unitatea (gazteei zuzenduta) ere aurkeztu eta banatu zen. Webgune honetatik deskargatu daiteke, hemendik. AEK-AIZU!k Landako Gunean (Goienkale, 23) izango duen standean ere paperean eskuratu ahal izango da (ale batzuk egongo dira).
Eskerrik asko parte hartu zenuten hizlari eta lagun guztioi!
1981eko abenduko Durangoko 16. Disko eta Liburu Azokan aurkeztu zuten AIZU! aldizkariaren 0. zenbakia. Euskara ikasten ari zirenei beren ikas prozesuan laguntzeko euskara errazean idatzitako aldizkariaren aurkezpena xelebrea izan zen, aldizkaria baino, aldizkariaren azalaren kopia eraman baitzuten AIZU!ren sortzaileek. Berrogei urte geroago, euskara ikasleentzako aldizkariak, AEK-k argitaratzen duenak, jaio zen toki berean ospatuko du urtebetetzea, Durangoko Azokan.
40. urteurrenaren ospakizuna 2021eko urtarrilean hasi genuen: hilero, AIZU!ren historiaren pasarte garrantzitsuenak argitaratu ditugu aldizkarian. Horrez gain, irailean, aldizkariaren diseinu berria eta webgune berritua (aizu.eus) ipini genituen martxan, eta harpidetza digitala egiteko aukera ere zabaldu genuen. Alabaina, abenduarekin batera etorriko da ospakizuneko une nagusia. Hala,Durangoko Azokan 462. zenbakia aurkeztuko dugu, berezia. Izan ere, ohi baino orri gehiago izango ditu, guztira 68, eta eduki aldetik ere ez da ohikoa izango:
- Ez da hain fazila atalak 20 orri izango ditu, 12 beharrean, irakurleei denbora-pasa eta ariketa gehiago eskaintzeko.
- Ohiko edukiak eta bereziak tartekatuko ditu. Lehenengoen artean, Durangoko Azokari buruzko erreportajea, elkarrizketa laburrak, kultur orriak, albiste laburrak... Era berean, AIZU!ri erreparatuko diote beste hainbat orrik: AIZU!n aritutako irudigile eta artistek egindako zorion postalak, aldizkariari berari elkarrizketa, irakurle eta ikasleen iritziak...
- Irakurleei esker ona agertzeko, lehiaketa berezia eta opari gehiago.
Aldizkariaren ale solteak erosteko edota harpidetza egiteko aukera izango da Azokan bertan, AEK- AIZU!k Landako Gunean (Goienkale, 23) izango duen standean. Harpidetza egiten duenak, gainera, prezio berezia ez ezik, oparia ere izango du oraingoan: Patxi Huarte Zaldieroak marrazturiko poltsa
polit askoa.Landako guneko standean izango direnez gain, beste hitzordu bat ere badugu Azokan: abenduaren 7an, 16:30etik 17:30era, Talaia-Musika Eskolan, aldizkariaren aurkezpena egingo dugu, mahai-inguru batekin batera. AIZU! aldizkaria, 40 urte euskara ikasleak hezten eta irakurleak hazten izenburupean, Gotzon Hermosilla Berria-ko kazetaria, Maider Irurozki AEK-ko didaktikari eta irakaslea, eta Belen Rufz euskara ikaslea solasean ariko dira aldizkariaren helburu eta eginkizunen gainean.
Nolanahi ere, eta 40. urtemuga Azokaz harago luzatzeko, aldizkaria bera ezagutarazteko kanpaina berezia ere egingo dugu abendu osoan. Horretarako, Harrapatu aukera! lelopean, AIZU!ren ale bat (2022ko urtarrilekoa) doan eskuratzeko aukera eskainiko diogu hala nahi duen euskara ikasle orori. Horretarako, aizu.eus webgunera jo eta aldizkaria paperean edo PDF formatuan jasotzeko eskaria egin beharko dute. Horrela, euskara ikasleentzako beren-beregi egindako aldizkaria ezagutzen ez duenak bertatik bertara ezagutu ahal izango du AIZU!ren eskaintza.
2021-11-25
Emakumeon* aurkako biolentziak baditu mila aurpegi, hamaika forma. Leku eta espazio guztietan dago presente.
Gainera, etengabe, indarkeria horren ardura eta errua emakumeon gain jarri gura izan dituzte: mozkortzeagatik, gauez kalean bakarrik ibiltzeagatik, gure emozioak erakusteagatik, lanean kasu egin diezaieten exijitzeagatik, haserretzeagatik, ustez probokatzeagatik... Emakumeon* gorputzak emakumeonak dira, beti!: parrandan, etxerako bidean, ohean, lantokian, etxean, kirola egiten, kalean edota bileretan, edonon! Hortaz, nori egotzi behar zaio biolentzia horren gaineko ardura osoa? Bestela esanda: nork hartu behar du erantzukizuna bere gain, ERASOTUAK ala ERASOTZAILEAK?
Bada ordua gizonek beren ardura onartzeko, erasotzaileek beren ardura har dezaten! Erasotzaileak eta haiek babesten dituztenak dira arduradun bakarrak.
Beraz, dagokigun lekutik, eskatzen dizuegu sexismoaren aurkako jarrera irmoa har dezazuen. Erasotzaileen lagunak izanik ere, ez zaitezte izan sekula konplize; are gehiago: har iezaiezue kargu, dudarik gabe. Gizonok, erasoak soilik besteen kontuak balira bezala ikusi ez ezik, zeuen jarrerak aztertu eta eguneroko gertaerez hausnartu ere egin behar duzue.
Nahiz eta eraso sexisten aurrean beldurra erraietaraino sartu, argi utzi nahi dugu ez dugula gehiagorik onartuko. Egoera izugarria izanik ere, ahaldundu gaitezen eta joka dezagun irmo: zaindu dezagun elkar.
Ez dugu eraso bakar bat ere gehiago onartuko.
AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoa zeharkatuko du 22. KORRIKAk 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean. «HITZEKIN» da hautatutako leloa, AEKren esanetan, «euskara HITZetik EKINtzetara eramateko unea delako». Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko ditu KORRIKAk edizio honetan, «beren ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik».
KORRIKAren 22. edizioa aurkeztu dute AEK eta KORRIKAren arduradunek gaur, azaroaren 17an, Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian. 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean, Euskal Herri osoan barrena ibiliko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia, Amurrio abiapuntu eta Donostia helmuga hartuta. 11 egun izango dira, eta 2.500 kilometro inguru burutu ostean, Gipuzkoako hiriburuan bertan jakingo da KORRIKAren sekreturik handienetakoa: lekuko barruan milaka kilometro egin dituen mezua.
Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiaren esanetan, «egun, oraindik, KORRIKAk jaiotzetik izan dituen bi helburuek oso bizirik diraute: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea». Lehendabizikoaren gainean, Iribarrenek hau gehitu du: «AEKn jakitun gara pandemiak errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik; eta, beraz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu KORRIKAk dakarren euskararen aldeko uholdea berreskuratzea».
Bestetik, diru-bilketari dagokionez, eta aurrerapausoak eman diren arren, «Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak», dio AEKren koordinatzaile nagusiak, «eta ezinbestekoa da Euskal Herri osoak nahitaezkoa duen helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea». Hori dela eta, 22. KORRIKAk jasoko duen dirua Euskal Herri osoko bere euskaltegiei laguntzeko baliatuko du AEK-k.
HITZEKIN
KORRIKAren beraren mamiari erreparatuta, Aitziber Balantzategi AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakariak eta KORRIKAbatzordeko kideak eman ditu azalpenak. «HITZEKIN da edizio honetako leloa. Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Ekiteko ordua da: euskara hitzetik ekintzara eramateko unea». Hala dio 22. KORRIKAren mezuak. Aldekotasunik konpromisora jo behar dela dio Balantzategik, «eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko».
Horren adibide argia izan dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, KORRIKAren edizio honetako omenduak. Hala erabaki dute AEK-ko kideek, Balantzategiren esanetan, «beren 34 urteko ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik; eta orainaldiari eta etorkizunari begira dauden eragileak direlako». Euskararen transmisiorako izan duten rolean ere jarri du azpimarra Balantzategik, «azken batean, haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute, eta zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten. Haiek, haien hitzekin, euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote».
Euskaraz Koop. S.ren Estatutu Sozialetako 31. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Artezkaritza Kontseiluak Euskaraz Koop. S.ren Batzar Nagusi Berezirako deialdia egin du.
DEIALDIA
Eguna 2021eko abenduaren 16a
Tokia: GASTEIZko Judimendiko Auzo Elkartea
Ordua: Lehen deialdia 10:00ean.
Bigarren deialdia: 10:30etan
GAI ZERRENDA
Lehena.- Batzarreko idazkaria eta akta onartzeko bi bazkide izendatzea.
Bigarrena.- Estatutuen 57. artikuluaren berridazketa proposamena aztertzea eta hala balegokio, aldaketa proposamena eta testu bategina onartzea.
Hirugarrena.- 2021-2022 ikasturtean erreserba funtsa hornitzeko bazkideen nahitaezko ekarpena. Zenbatekoa eta prozedura onartzea.
Laugarrena.- Galde-eskeak.
OHARRA: Bazkideei jakinarazten zaie, Euskadiko kooperatiben legearen 24.4 eta 78.1c artikuluetan zedatutakoarekin bat etorriz, bazkide guztiek dutela eskura kooperatibaren egoitza sozialean eta barne sarean estatutuen egokitzapen proposamenaren justifikazio-txostena.
Lehendakaria
Aitziber Balantzategi Ibargoitia.
Bilbon, 2021eko azaroaren 29an.
Azaroko AIZU! iritsi zaigu! Askotariko gaiak oraingoan ere, eta tartean Maite Larbururi eta Iñigo Llopisi elkarrizketak; 'Guernica' Gernikara egitasmoa; AIZU!-k 25 urte bete zituenekoa; Kapilduiko radarra, eguratsaren behatzailea; mursien herria ezagutzen...
Hainbat eduki, denborapasa, komiki... irakurketaldi goxo bat eusakraz burutzeko!
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt