Maiatzaren 3a eta Maite Zaitut jaialdia bertan dira! Herritar talde baten bultzadaz sortu da Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egingo zaien omenaldia, eta AEKk laguntza eta babesa adierazi dio hasieratik Maite Zaitut Elkarteari. Gaur babesleen agerraldia egin da, eta bertan izan dira AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Grado eta Aize Otaño Lizarralde.
AEK-Korrikaren lagun
1987. urtean hasi ziren sudur gorria janzten, Lasarte-Oriako herritarren aurrean euskaraz eta euskarari puzka. Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek belaunaldi askori utzi diote arrastoa bidean; jendarte oso bat eraikitzeko oinarri eta zimenduak jarri dituzte, eta euskaratik mundua ikusten irakatsi digute, bere poz eta bere min. Ikuskizunez ikuskizun, eta abestiz abesti, zaintza, kulturartekotasuna, taburik gabeko heriotza, minbizia, herrimina, haurtzaroko beharrak, desberdinen arteko elkarbizitza, hierarkietatik aparteko antolakuntza, lurraren zaintza, generoaren inguruko gogoetak… jarri dituzte erdigunean, eta beti, Maialen Lujanbiok 2009an txapelketako agurrean bota zuen bezala: euskaratik eta euskaraz.
Gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek harreman estua izan dute, eta dute, AEKekin eta Korrikarekin. Besteak beste, 15. Korrikaren ingurumarian, Txis Pun Korrika! abestia eta bideoklipa egin zuten, eta 16. Korrikan lekuko barruko mezuaren egileak izan ziren. Mezu hartako azken hitzak berreskuratu nahi ditugu: “Aupa zu! Eta aupa gu! Bihotza, burua, eskuak! Sentitu, pentsatu, ekin! Denok elkarrekin!”.
Azken sarrerak erosteko eta ekarpenak egiteko aukera, webgunean
Era berean, Maite Zaitut Elkarteak jakinarazi du gaurtik norbanakoek beren ekarpena egiteko aukera izango dutela www.nikeremaitezaitut.eus webgunean. Eta pistako azken sarrerak ere badaude eskuragarri, orrialde horretan bertan.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots maite ditugulako, maiatzaren 3an herri omenaldian parte hartuko dugu AEKko kideok!