Dagoeneko abian da AEKren Praktikatu zerbitzuaren kanpaina, euskara ZU zara lelopean. Ikasturte honetan, euskaldunon komunitatea osatzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu nahi dugu, eta bereziki, mintzapraktika programetako partehartzaileek jokatzen duten papera: egunero hizkuntzan trebatu, praktikatu eta bizi garen guztiok euskaldunon komunitatea osatzen dugu, eta horren alde era aktiboan posizionatzen garenean euskara gara denok.
Mintzapraktika programetan ez dago ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengo... Programen bidez hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dute euskaraz, euskaldunon komunitatea indartu eta zabaltzeko. Ideia horixe islatu nahi izan dugu, hain zuzen ere, bideo honetan:
Datozen egunetan hasiko dira elkartzen berbalagun, mintzakide eta mintzalagunak; ikasturte honetan, 103 herritan: Agoitzetik Muskizera edo Tuteratik Zarautzera. Aurten, bestalde, egitasmo berriak abiatuko dira: mintzalaguna Lezon, berbalagun Artziniegan eta, lehen aldiz, gurasolagun programa Hernanin. Iparraldean, AEKk mintzalagun-taldeak abiatuko ditu Lapurdiko bortz herritan: Itsasun, Baionan, Kanbon, Uztaritzen eta Hendaian.
Beti bezala, AEKren Praktikatu zerbitzuan jarraitu egingo dugu euskarazko aisialdia sustatzen ekintza osagarrien bidez. Joan den ikasturtean, esaterako, 500 aktibitate baino gehiago antolatu genituen: besteak beste, tailerrak, irteerak, mintzodromoak, asteburuko egonaldiak, udako ibiltaria, Zilegi Asteak...
Horretaz gain, hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak aurrera jarraituko dik/din, elkarri hika hitz egiteko talde berriekin. Familientzako gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolas, txango eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek aukera izan dezaten euskaraz elkarrekin aritzeko. Azkenik, azaroan online-taldeak ere abiatuko dira.
Parte-hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontu zein sari politak eskura ditzakete.
Izena emateko: emanizena.praktikatu.eus
Orain hasi eta abendura arte iraungo du Zumaian euskararekin zer? prozesuak. Udalak hurrengo 10 urteetarako plan estrategikoa landuko du, Ahize hizkuntza aholkularitzaren laguntzarekin
Herritarrekin batera diseinatuko dute plan berria Udalak eta AHIZEk, bi fasetan: lehenengo, aste honetatik aurrera galdetegi bat zabalduko dute; gero, azaroan, arlokako lan-saioak egingo dituzte. Diiseinua abendurako prest izango dutela uste dute prozesuaren bultzatzaileek, eta ondo bidean, datorren urteko otsailean gizarteratuko da plan berria, Euskara, bestela ez gara zikloaren barruan.
Zumaia udalerri euskaldun gisa indartzea du helburu prozesu honek, eta, bide horretan, herritarrak aktibatzea.
Atzo, irailak 11,prozesuaren inguruko azalpenak eman zituzten Aitor Manterola euskara zinegotziak eta Araitz Muguruza Ahizeko teknikariak, Zumaiako eskola eta elkarteetako ordezkarien aurrean.
Gehiago irakurri hemen.
Gaur, irailak 4, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek* 2024-2025 ikasturteko matrikulazio-kanpaina aurkeztu dute Bilboko Kalderapeko Kulturgunean. Hitza Lurdes Etxezarreta Artabek, Bizkaiko ordezkariak, hartu du.
Euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu euskaltegietako ateak, eroso ikasteko. Horri begira, AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen da.
Euskaltegi horiek ordutegiak, modulazioak, mailak... eskaintzen dituzte, ikasleen beharrizanetara egokituak. AEKk euskara-eskolak ematen ditu enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan. Pantailen beste aldetik ere, nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, AEKren online-euskaltegiko ikastaroen bitartez, esaterako.
Gure euskaltegietan, zalantza guztiak argituko dizkiete euskara ikasi nahi duten lagunei; baita www.aek.eus webgunean ere, edo gure telefono-zenbakietan: 673 200 100 // 946 464 000
AEKn, euskara eroso
AEKren xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea, eta, hori dela-eta, euskararen ezagutzan, erabileran eta sustapenean aritzen da. “Herritarrek, ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izatea nahi dugu, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuta sentitu gabe”, adierazi du Lurdes Etxezarretak.
“Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi dugu”, eta ikasleak handik ateratzean gure hizkuntza arlo guztietan erabiltzeko aukera izan dezaten bilatzen dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian…”; horretarako, eskaintza integrala badu AEKk: online zein aurrez aurre euskara ikasteaz gain, erabilerarako aukerak ere eskaintzen ditu, honako hauek besteak beste: AIZU! aldizkaria, euskaraz irakurtzeko; Praktikaturen eskaintza, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko...
Halaber, Etxezarretak gogorarazi du azkenaldian epaitegietatik datozkigun sententziek ez digutela uzten euskaraz eroso bizitzen, eta behin eta berriz urratzen dituztela hizkuntza-eskubideak. “Gure eguneroko bizimoduan, euskaldunak garen heinean, eroso bizi nahi dugu euskaraz. Horregatik, euskaraz eroso bizitzeko aukera eskaini nahi diegu gure euskaltegietara hurbilduko diren guztiei, ikas-prozesua eroso bizi dezaten, estutuko dituen oinetakorik gabe, bizimodua deseroso bihurtzen diguten traba, muga eta oztopo barik, hizkuntza-eskubideak urratzen dituen sententziarik jaso gabe epaitegietatik”.
Dirulaguntzak
“AEKtik doakotasuna aldarrikatzen dugu, uste baitugu administrazioek bermatu behar dutela euskara doan ikasteko herritarren eskubidea. Azkenaldian urratsak egiten ari badira ere, oraindik badago zeregina benetako doakotasuna lortzeko: besteen artean, herritarrek dirurik aurreratu behar ez izatea”, adierazi du AEKko eledunak.
Gaurko agerraldian, azpimarratu dute A1 mailarako dirulaguntza berria, doakotasunaren bidean beste urrats bat eta pizgarria euskaratik urrun bizi direnentzat: EAEn euskara 0tik ikasi nahi duten ikasleen matrikula merkeagoa izango da hemendik aurrera. Alegia, A1 mailako euskara ikasleek orain arte ordaintzen zuten matrikularen laurdena ordainduko dute aurrerantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako edozein euskaltegitan.
Ildo beretik, pasa den ikasturtean zabaldu zen dirulaguntza-lerroaren moldaketa egin du Eusko Jaurlaritzak, baina 16-18 urtekoentzat C1 maila prestatzeko dirulaguntza ere badago aurten.
Era berean, bestelako erakundeek ere (udalek, aldundiek, mankomunitateek, administrazio nagusiek..) ematen dituzte dirulaguntzak. Euskal Autonomia Erkidegoan, hain zuzen, B2ra arteko prozesua doakoa da, maila euskaltegian nahiz deialdi ofizialetan egiaztatuz gero.
Bestalde, Nafarroan eta Iparraldean ere badira euskara ikasteko diru-partidak. Alta, Nafarroako eremu batzuetan —Ager eremuan, zehazki— euskara-ikasleek Errigora bekaren laguntza ezinbestekoa dute.
Informazio hau ere berariazko orrialde batean bildu dugu, aek.eus webgunean: www.aek.eus/dirulaguntzak
Euskaltegi berriak/berrituak
Gure euskaltegietan, ikasleek euskara eroso ikasteko eta bizitzeko aukera izango dute. Gainera, ikasturte honetan, euskaltegi berriak eta berrituak izango ditu AEKk: Galdakaoko Barandiaran euskaltegi berritua ekainean zabaldu genuen, eta dagoeneko ikasleek ezagutzen dituzten beste bi euskaltegi berri inauguratuko ditugu laster: Oreretako Xenpelar AEK eta Mungiako Kinttopeko AEK.
Agerraldia horrela bukatu du Etxezarretak: “KORRIKAn HARRO bete genituen kaleak; orain, bete ditzagun euskaltegiak EUSKARA EROSO BIZITZEKO”.
*Partaideak: AEKko Artezkaritza Kontseiluko kideak (Aize Otaño Lizarralde, Gipuzkoako ordezkaria; Xabier Gartzia Castell, Nafarroako ordezkaria; Bixente Claverie, Iparraldeko kidea; Maialen Begiristain Grado, Arabako ordezkari berria —Aitziber Balantzategi Ibargoitiaren ordezkoa—; eta Lurdes Etxezarreta Artabe, Bizkaiko ordezkaria)
Irailarekin batera, iritsi da AIZU! aldizkariaren iraila-urriko alea. Hainbat kontu interesgarri dakartza:
Itziar Ituñori eta Amaia Ruizi elkarrizketak; erreportajeak (Arteagako gaztelua ezagutzen; usoak, mezulari; Lauren Bacall, labur-labur; Iruñean, udal haur eskolak euskaraz, noiz?); komikiak eta horoskopoa, denborapasak, albiste laburrak...
Harpidetza egin nahi? aizu.eus/harpidetu/
AIZU!, Euskara Eroso Bizitzeko eta euskaraz eroso irakurtzeko.
Indarrean dagoen euskararen plan estrategikoa ebaluatu eta hurrengo bost urterako plan berria diseinatzeko, maiatzaren 31n, batzar zabala antolatu zuen Busturiko Udalak Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren elkarlanarekin. World Kafe formatuan antolatu zuten jardunalditxora hainbat herritar bertaratu ziren, eta parte hartzaileek hainbat ekarpen egin zituzten guztien artean plana josteko.
AROA izena izango du bost urterako plan horrek, eta busturiarrek besteak beste, familia transmisioan, arlo sozioekonomikoan, euskalduntzean, eta aisian eta kirolean eragin behar dela azpimarratu zuten. Giro ederrean amaitu zuten jardunaldia bertaratutakoek, pozik eta ilusioz beterik.
Ale honetan, Beñat Gaztelumendiri eta Oihana Vesgari elkarrizketak; Iruñean, gazte migratzaileak euskararantz; arrano beltza, zeruetan handi; udako barnetegiak; Franz Kafka hitz gutxitan; eta beste kontu mordoa: www.aizu.eus
AEK-ko ikasleek doan jasoko dute euskaltegian hilero bezala.
Etxean jaso nahi? Egin harpidetza: aizu.eus/harpidetu
On egin!
Euskaraz Koop. S.ren Estatutu Sozialetako 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, Artezkaritza Kontseiluak Euskaraz Koop. S.ren Ohiko Batzar Orokorrerako deialdia egin du.
Eguna 2024ko ekainaren 28a
Tokia: AGURAINgo HARRESI Aretoa
Ordua: Lehen deialdia 9:30ean.Bigarren deialdia: 10:00etan
GAI ZERRENDA
Lehena.- Akta onartzeko bi bazkide eta batzarreko idazkaria izendatzea.Bigarrena.- Euskalgintzaren Kontseilua. (Lan ildoen aurkezpena)Hirugarrena.- Kudeaketarekin lotutako zenbait proposamen (24-25 ikasturterako z.o.-ak, 23-24 aurrebalantzea eta 24-25 aurrekontuaren aurreikuspena, egin beharreko ekarpenaren zenbatekoa, Korrika...)Laugarrena.- Kontu ikuskaritza aukeratzea.Bosgarrena.- Barne-araubideko erreglamendua.Seigarrena.- Sozietate organoak: Artezkaritza-kontseiluaren berritze partziala.Zazpigarrena.- Ahalmena ematea Artezkaritza Kontseiluko lehendakariari eta idazkariari Batzar Nagusian hartu diren inskribatu beharreko erabakiak notarioaren aurrean eskritura publikoan jasotzeko, hala badagokio, eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuak izan daitezen egin beharreko izapideak burutzeko.Zortzigarrena.- Galde-eskeak.
OHARRA: Bazkideei jakinarazten zaie, Euskadiko kooperatiben legearen 24.4 eta 78.1c artikuluetan zedarritutakoarekin bat etorriz, bazkide guztiek dutela eskura kooperatibaren egoitza sozialean eta barne sarean kooperatibaren dokumentazio ekonomikoa eta Barne-araubideko erreglamenduaren berrikusketa proposamena, batzarrean landuko den gainerako dokumentazioarekin batera.
Lehendakaria
Aitziber Balantzategi Ibargoitia.
Bilbon, 2024ko maiatzaren 21ean.
AEK-KORRIKAren ordezkariek Ibilbideari Elkar saria jaso dute gaur, Elkar Fundazioko lehendakari Joxemari Sors Bagüesen eta idazkari Jon Jaka Auzmendiren eskutik. Horrela eskertu eta goraipatu du Fundazioak AEK-KORRIKAk egindako lana; aldi berean, “saria bide beretik jarraitzeko akuilu” izatea espero duela adierazi du.
Saria AEK-KORRIKAri zergatik eman dioten azaldu du Jaka Auzmendik, AEKren sorrera Frankismoaren garaian sortu zen euskararen aldeko aldeko mugimendu zabalaren ondorioetako bat izan zela gogoratuz: “Baldintza zailetan, eta ia hutsetik abiatuta, heldu euskaldunak alfabetatzeko eta euskalduntzeko herriz herri sortu ziren gau eskolak koordinatzeko antolatu zen AEK, 70eko hamarkadan, Euskal Herri zabaleko gau eskolak eta euskaltegiak bilduz bere barne”. Halaber, baieztatu du AEKk “instituzioen behar bezalakoa ezagutzarik gabe” aritu behar izan zuela 80ko eta 90eko hamarkadetan: “Lan baldintza egokien gabeziari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zion AEKk, bere xedea lortzeko ahaleginari uko egin gabe”.
KORRIKAri ere egin dio aipamena Jaka Auzmendik: “Milaka lagun euskaldundu da AEKko euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu da euskarara eta euskararen aldeko ekimenera AEKren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen KORRIKAren eskutik. Ekarpen handia egiten dio, ez bakarrik helduen euskalduntzeari, baita euskararen normalizazioari ere”. Hala, Korrikaren “indar handiko irudia” azpimarratu du Elkar Fundazioak: “Era guztietako jendea elkarrekin ari da korrika, eta lekukoa eskuz esku pasatzen doa. Irudi horren bidez erakusten da euskaren normalizazioak denon beharra duela, denon artean elkarrengandik hartuz eta elkarri emanez lortuko dugula Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz bizitzea. Hori da AEKren lanak urteotan erakutsi duena, euskararen normalizazioa ezin baita sinplifikatu eta mugatu haurren eremura”.
AEKren eta KORRIKAren izenean, Artezkaritza Kontseiluko Aize Otaño Lizarradek eta KORRIKAren koordinatzaile Ane Elordi Alburquerquek hartu dute hitza, hurrenez hurren. Biek ala biek eskertu dute saria, “euskara eta euskal kulturaren garapena” helburu dutenen eskutikjasotzea“ ohore izugarria” dela adieraziz. Era berean, eskerrak eman dizkiete “AEKren sorreratik erakundean izan diren kide, euskalgintzako bidelagun, eragile, norbanako euskaltzale, ikasle eta gainerako guztiei, eurak guztiak gabe AEKrik ez litzatekeelako. Sari hau guztiona da: izan zirenena, garenona eta izango direnena”. Bestalde, Elordik gaineratu duenez, “denok egiten dugu KORRIKA, denok gara KORRIKA. Ezin jakin zenbat eskuk besarkatu duten lekukoa euskararen alde, baina ehunka mila izan dira, seguru. Eta den-denek egin dute hizkuntza berreskuratzearen aldeko hautua”. “Orain arteko bidetik” jarraituko dutela erantsi du, euskararen aldeko kontzientzia suspertzen: “Sari honek bide hori urratzeko indar handiagoa ematen digu”.
Elkar argitaletxearen Adunako egoitzan egin den sari-emate ekitaldi berean jaso du Joseba Jaka Beka Josu Goikoetxea idazleak. Poesia irakurraldi musikatuarekin amaitu da ospakizuna, Oihane Jaka eta Xabier Zeberioren eskutik.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt