Gaur (azaroak 13) Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzaren lehendakariarekin, Ibone Bengoetxea Lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuarekin, Andoni Iturbe Kulturako sailburuordearekin eta Ion Muñoa Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarekin bilera egin dugu, Elkar Taldearen Adunako egoitzan. Euskalgintzaren Kontseilutik Idurre Eskisabel idazkari nagusia, Aize Otaño lehendakaria eta AEKko Artezkaritzako kidea, eta Joanmari Larrarte zuzendaritzakidea eta Elkar Fundazioko lehendakaria izan dira.
Kontseiluko ordezkariek euskara eta euskaldunen komunitatea larrialdi linguistikoan daudela adieraztera eraman dituzten arrazoien berri eman dute bileran.
Halaber, bi aldeak bat etorri dira momentu honetan euskararen normalizazio eta biziberritzeak dituen erronka handien inguruko diagnostikoan, baita horiei aurre egiteko ezinbestekoa zaiela erakundeen eta gizarte eragileen arteko elkarlana bultzatzea eta elkarlanean aritzea.