Euskarak aurrera egin dezan, egoerari parez pare begiratu behar diogu. Egoera honek, gizarte zibilaren eta instituzioen arteko elkarlana eta akordio berriak behar ditu. Herri bultzada berri bat behar du. Aurrera egin behar dugu.
Euskara aurrera euskararen aldeko ekinbidea aurkeztu zuten Euskal Herriko hainbat euskaltzale ezagunek, Donostian. Eta maiatzaren 21ean, 17:30ean, Donostiako Antiguako tuneletik abiatuta manifestazioa eginen zutela iragarri ere bai. Mobilizazioan parte hartzera deitu zituzten euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar guztiak.
Adierazpenarekin bat egin dutenak: Kontseilua, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Jakin, Elhuyar, Pantailak Euskaraz, Maizpide, Bai Euskari Elkartea, UEMA, Elkar, Ikastolen Elkartea eta AEK-k
Beraz, badugu beste hitzordu bat, gorde data eta lau haizetara zabaldu deialdia.
Hitzetik ekintzetara pasatzeko unea da. Hitzek hizkuntza, ekinak herria.
Hitzaren eta ekintzaren urtea izango zela 2022a azaldu zuten urte hasieran Korrika eta Euskaraldiko arduradunek. Izan ere, urte berdinean ziren burutzekoak 22. Korrika eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta ekimen bietako antolatzaileek bat egin zuten hitzaren eta ekimenaren garrantzia azpimarratzeko orduan. Ideia hori berretsi dute gaur Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako agerraldian Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijo eta AEKko koordinatzaile Alizia Iribarrenek. Bi ordezkariokin batera parte hartu du gaurko prentsaurrekoan Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzaileak, Maddi Juanikorenak.
Pandemiak bi urtetan eragindako etenak inoiz baino nabarmenago agertu du euskararen normalizazioak gizartearen aldekotasun eta bultzadaz gain, hiztunen praktika linguistiko eraldatzaileak eta era guztietako erakundeen urrats sendoak behar dituela. Horregatik, 2022 urtean euskaltzaleak kalera ateratzeak, euskararen aldeko ekimen jendetsuek eta euskararen ezagutza zein erabilera areagotzeko urrats sendoek berebiziko garrantzia dutela nabarmendu dute ekimen bietako arduradunek.
Donostian bertan Korrika amaitu zenetik hilabete betetzear dela, Alizia Iribarren AEKko koordinatzaileak gogora ekarri du 22. Edizioa aurkeztu zutenetik adierazi eta balorazioan ere azpimarratu zutena: “Korrika egitea helburu bat zen, normaltasunez gauzatu ahal izatea, alegia. Euskararen olatua berreskuratzea, errepidera ateratzera, eta horren aurretik, hilez hil, tokian tokiko batzordeak osatu, herrietan ekintzak antolatzea, Euskal Herriko agenda politiko eta komunikatiboan euskarak toki esanguratsua hartzea”. Iribarrenen iritziz “oso Korrika garrantzitsua izan da, egin dugulako, eta, era berean, zer esanik ez, bizitakoa ikaragarria izan delako: jendarteak erakutsi duen “herri gogoa” zinez indartsua izan da eta gure ustez oso garrantzitsua da Korrikak bistaratu duen energia sozial hori Euskaraldian ere egotea”. Besteak beste, bi ekimenak zinez erabakigarriak direla azpimarratu du AEKko koordinatzaileak, “euskararen dinamika soziala hauspotzeko, indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko eta hizkuntzaren biziberritzean urrats sendoagoak eman daitezen aldarrikatzeko”.
Korrikaren 22. edizio jendetsu eta gogoangarria aurten antolatuko diren gainontzeko ekimenetarako akuilu izango dela esan du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. Korrikak gizartean utzi duen energia eta aktibaziorako olatua euskararen erabileran, ezagutzaren unibertsalizazioan eta euskararentzako gune erosoak zabaltzen urratsak ematen jarraitzeko baliatu beharra azaldu du Urkijok. Euskaraldiak horretan ekarpena egin nahi duela azaldu du eta aurten belarriprest eta ahobizien hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, nabarmendu du era guztietako entitateei euskarazko praktika linguistikoak bultzatzeko neurri zehatzak hartzea eskatuko zaiela.
Euskaraldia batzordeak martxan jartzen hasiak daudela eta herriz herri aurtengo ariketa sozialaren aurkezpenak egiten ari direla azaldu du Goiatz Urkijok. Herritarrak batzordeetan partaide aktibo izateko gonbitea eginez eta Euskaraldian parte hartzeko deia eginez amaitu du bere hitzartzea.
Korrika eta Euskaraldia moduko ekimenen antolaketan herritarrek duten garrantzia azpimarratu du Maddi Juanikorena Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzaileak. Azken bi urteetan batzordeen eta euskalgintza antolatuaren lana normaltasunez garatzeko egon diren zailtasunak aintzat hartuta, aurten berriro herri ekimenak martxan egotea eta batzordeak indartsu aritzea garrantzitsua izango da. Euskaraldia batzordeek aurten belarriprest eta ahobiziei euskarazko hizkuntza praktikak indartzeko tresnak eskaintzen ahalegin handia egingo dutela azaldu du Juanikorenak. Era berean, tokian tokiko entitateetan euskararen erabilera areagotzeko urratsak eman ditzaten herrietako batzordeak proposamenak lantzen ari direla ere azaldu du.
EUSKARALDIA: HURRENGO DATA GARRANTZITSUAK
• Maiatzak 18: entitateek parte hartzea berresteko eta izena emateko epearen irekiera.
• Irailak 29: belarriprest eta ahobiziek parte hartzea berresteko eta izena emateko epearen irekiera.
• Azaroaren 18tik abenduaren 2ra: EUSKARALDIA
Udaberri bezperetan Errigoraren eskutik eskura kanpaina izanen dugu laster. Etxeko despentsa betetzeko aitzakia ezin hobea hau, urte guztirako Nafarroako hegoaldeko oliba-olio birjina estrarekin (bidoika) eta kontserba, pasta, arroz eta lekale sortekin (12 unitateka). Auzolanari esker, zure herrian ekoizlearen etxean duen prezio berean.
Eskaerak martxoaren 10etik 30era egin daitezke, Errigoraren webgunearen bidez zein telefonoz (+33) 532 09 35 45 / (+34) 848 87 12 23.
Euskara administrazioan arautzeko Nafarroako Gobernua prestatzen ari den dekretu berria «atzerapausoa» izanen da eta euskaldunen eskubideak murriztuko dituela argi dago. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari iraganeko hizkuntza-politika ilunak baztertu ditzala eskatzeko mobilizazioa deitu du Kontseiluak. Uztailaren 2an izanen da, 18:30ean, Iruñeko Baluarte plazatik abiatuta eta Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean.
Bada garaia eskubide murrizketak ahalbidetuko dituen dekretuaren aurka ozen eta sendo agertzeko. Justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren aldeko aldarria eginen dugu ostiralean.
Atzo, azaroak 19, Euskaraldia hastearen bezperako egunean eta saskien banaketarekin hasi garen honetan, Errigorak, Ikastolen Elkarteak, Sortzen Elkarteak eta AEK-k prentsaurrekoa deitu genuen Euskarari puzka kanpainak emandakoaren berri emateko.
Eskatu diren 16.000tik gora saskien balioaren %25ari dagokio ekarpen horren zati handiena, eta Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratuko da. Zonaldeko ikastolen, euskaltegien eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamiken lana indartzera. Baita Agerraldia egitasmo berrira ere. Baina aurten, pandemiak euskara eta euskalgintza hain estu hartu dituen honetan, Korrika atzeratu dela eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera geratu direla, saskiko 5 euroko ekarpen osagarria egin dugu, Korrika-ri, Seaskari eta Sortzeni zuzenean bideratzeko.
Izugarria da egungo baldintzetan herri ekimen bat 302.000 euroko ekarpena biltzeko gai izatea. Bihotzez diogu hitzez azaltzeko zaila den zirrara eragiten digula elkartasun erakustaldi honek eta inoiz baino harroago gaudela gure komunitateaz, Errigora osatzen duten sarekide, euskaltzale, ekoizle eta askotariko herritar ederrez. Eskerrik asko, beraz, erdi bakartuta gauden honetan taldean aritzeko hautua egiteagatik. Eskerrik asko egoera tamalgarri honetan euskararen alde konpromisoa hartzeagatik. Kanpainako leloak dioen bezala, egiten duguna gara.
Euskararen herria euskal hiztun jardunaldia azaroaren 12 eta 13an izango da. AEKren koordinatzaile Alizia Iribarrenek azaroaren 13ko saioan, Zein bide egin behar da helduen euskalduntzearen sektorean hurrengo urteetan? elkarrizketan parte hartuko du.
Online jarraitu ahal izango dira eta izena ematea ezinbestekoa izango da, hemen.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt