Egunero esateko nahi dugun guztia, atzo, gaur, bihar direlako euskararen eguna!!
Irudian, Omar Diop Paseolagun taldeko beste bi kiderekin
Koldo Almandoz zuzendariaren Hondar Ahoak telesaila arrakasta handia izaten ari da. Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako thriller-ak euskal kostaldeko arrantza portu batean gertatutako intrigazko istorioa kontatzen du 4 ataletan.
Aktoreen artean, Omar Diop dago. Aktore moduan lan egin duen lehen aldia eta poz-pozik dago, esperientzia ederra izan da berarentzat.
Omar 14 urtegaz etorri zen Senegaletik Berriatura. Ondarroako AEKideek kontatu digutenez, jada Zubi Zahar Herri ikastolan zegoenean ezagutu zuten, gazte etorkinen laguntza-eskolekin; gero, AEK euskaltegian izena eman zuen eta egun, Berbalagun egitasmoan dabil. Astean behin, paseatzeko eta euskaraz praktikatzeko elkartzen da eskualdeko zenbait lagunekin.
Asteon, azken atala izango duzue ikusgai: asteazkenean, 22:30ean. Ez galdu (eta hasierako hiru kapituluak galdu badituzue, Nahieran aurkituko dituzue)!! Aupa Omar!!
LEKEITIOKO AEK-KO EUSKALTEGIA BERRITU DUTE
Lekeitioko AEK-ko ikasleak eta irakasleak euskaltegi berritua estreinatuko dute abiatzear dagoen ikasturtean. Helduen euskalduntzearen inguruko akordio orokorraren baitan, AEK-k eta Udalak adostu zuten Udalak 15 urterako lagako diola lokala AEKri, euskalduntze erakundeak barruko obrak egitearen truke. Udalak proiektua egin duen arkitektoa kontratatu eta kanpoko arrapala ordaindu du, eta gainerako guztia AEKren kontura joan da.
Euskaltegiak, hortaz, lehengo lekuan jarraitzen du, Atea kaleko 7. zenbakian, baina bi erakundeen arteko akordioak herritarrek euskaltegi guztiz berrituaz gozatu ahal izatea ekarri du. Lehen bezainbeste ikasgela ditu euskaltegiak orain, hiru alegia, baina erabat berrituak. “Ez daukate aurrekoekin zerikusirik: askoz ere zabalagoak, argiagoak eta erosoagoak dira, aurrerapen teknologiko guztiak dituzte eta altzariak ere berriak dira”, adierazi du euskaltegiko arduradun Edurne Brouardek. Aurreko euskaltegiak ez zituen gutxieneko baldintzak betetzen eskolak emateko, “HABEk berak ere emana zigun abisua”. Oraingo erakina, ordea, epela eta erosoa ere bada: “Izan ere, euskarararen irakaskuntzak behar ditu, batetik, bik adina balio duten irakasleak, aurtengo kanpainak dioen moduan. Bestetik, baldintza fisikoek ere lagundu behar dute irakaskuntzan, horiek bete ezean gorputzak ez duelako ondo erantzuten, are gutxiago buruak”. Obrak aurten egin badira ere, ez da pandemiarako propio prestatu den euskaltegia, baina beharrezko osasun neurriak hartzea errazagoa izango da orain “ikasleak eta irakasleak eroso egon daitezen euskara ikasten eta irakasten”. Horiek horrela, ikasturtea ahalik eta normaltasun handienarekin hasi eta garatzea espero dute guztiek ala guztiek.
Lekeitioko euskara ikasleen tipologia gutxi gorabehera bi ikasle motak osatzen dute batez ere: “Batetik, kanpotik etorri berriak, hau da, hutsetik hasten diren ikasleak. Eta bestetik, B2 edota C1 tituluak atera nahi dituzten bertoko ikasleak”. Bestalde, Lea- Artibaiko AEKn eskualde osoko herrietara mugitzen diren hamabi irakasle badaude ere, horietatik lau dira Lekeitio bertakoak. Ez dute ondo gogoratzen duela zenbat urte hasi zen AEK euskara eskolak ematen Atea kaleko lokalean, “baina 30 urte edo izango dira. AEK Lekeition beti egon da leku berean”.
Urriaren hasieran ekingo diete eskolei, “HABEren dekretua, hil honen 28an argitaratuko omen dena, atera zain gaude data zehatza erabakitzeko”. Bitartean, euskaltegi berrituan ari dira irakasleak ikasturtea prestatzen, euskaltegiari azken ukituak ematen eta bertaratzen diren ikasleak artatzen. Izena astelehenetik ostiralera eman daiteke, 10:00etatik 12:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara: “AEK-k sekulako inbertsioa egin du, eta orain herritarren ardura da euskaltegia betetzea”, dio Brouardek.
Ireki dute matrikulazioa Santurtziko AEKren egoitza berrian
Euskaltegi berria ireki du AEK-k Santurtzin, Larrarte anaiak kaleko 18 zenbakian. Orain arte, AEK-ko irakasleek Santurtziko Udalak lagatako Fleming doktorea kaleko lokalean eman dituzte eskolak, hiru hamarkadan baino gehiagoan, baina 2020-21 ikasturtetik aurrera, egoitza berria estreinatuko dute ikasleekin batera.
Hamaika irakaslek eta berrehun ikaslek baino gehiagok jardun dute elkarrekin 2019-20 ikasturtean, euskara ikasiz eta irakatsiz, Santurtzi gero eta euskaldunagoa izan dadin. Eta orain matrikulazio kanpainan buru-belarri sartuta dabiltza datorren ikasturteari begira. Ikasturte hasiera, ordea, ez da ohi bezalakoa izango. Ohikoa da inaugurazio ekitaldia egitea euskaltegi berri bat zabaltzean, baina aurten ez da horrelakorik egingo, pandemiaren eraginez. Hori dela eta, Santurtziko AEK-ko zenbait irakaslek bideo labur bat prestatu dute euskaltegi berria erakusteko: harrera gela, irakasleen gela, autoikaskuntzakoa eta beste lau ikasgela ditu egoitza berriak, eta guztia dago prest urriaren hasieratik aurrera lanean hasteko.
Santurtziko AEK-k adierazitakoaren arabera, eskolak osasun erakundeek ezarritako segurtasun arauak betez eskainiko dira beti, hau da, unean-uneko osasun neurrietara egokituta (maskara, distantzia, garbitasuna...), “ikasleak eta irakasleak lasai eta goxo senti daitezen euskaltegian”. Ondorioz, eta koronabirusak eragindako egoerak espazio gehiago erabiltzera behartuta, baimena eman dio Santurtziko Udalak AEKri Fleming doktorearen kaleko lokala erabiltzen jarraitzeko, irakasleek eskertu duten jarrera, bestalde.
Hala ere, izen ematea euskaltegi berrian egiten ari dira (goizeko 10etatik 13etara, eta arratsaldeko 16:30etik 19:30era), han baitago bulegoa, eta han egongo baitira ikasleen zain AEK-ko irakasleak. Hain zuzen ere, AEK-k bere irakasleengan jarri du arreta aurtengo matrikulazio kanpainan, AEK-ko irakasle batek bik beste balio duela azpimarratuta. Izan ere, AEKren esanetan, “irakasten daki” (eskarmentu handiko irakasleak ari dira lanean AEK-ko euskaltegietan) eta “ikasleek ikastea nahi du, euskara eta euskalduntzea pasioz bizi duten pertsonak direlako”. Horiek horrela, ikasturtea ahalik eta normaltasun handienarekin hasi eta garatzea espero dute.
Amikuzeko AEK Gau Eskola inauguratu genuen joan den astean
Bertara auzapezak, euskalgintza eta komunikabideak hurbildu ziren, baita ikasleak zein irakasleak ere.
Hilabete honetan Lekeitioko AEK euskaltegi berritua ere inauguratuko dugu.
Azken hilabeteetan, mundua gainera erori zaigula dirudien arren, AEKn jo eta su ari gara lanean, beste eragile asko ari diren bezala, betiko helburuak lortzeko: herritarrei euskalduntzen eta hiztun aktiboak izaten laguntzea. Helburu horiek lortzeko lanean jarraituko dugu, euskarak normalizazioaren bidean aurrera egin behar duelako; euskararen presentzia urritu egin da, eta orain da egoera iraultzen hasteko unea.
Beraz, matrikulazio-kanpaina honetan, AEKtik ezinbestekotzat jotzen dugu azpimarratzea euskara ikasteko prest zaudeten milaka herritarrok gure euskaltegietan euskara ikasteko aukera izango duzuela eta beti bezain seguru ariko zaretela.
Euskal Herri osoan, AEKren euskaltegietako ateak zabalik dituzue; heldu da, berriro, euskara ikasteko garaia, euskara-maila hobetzen saiatzekoa eta euskara erabiltzen jarraitzekoa, lanean, lagunekin edo etxeko harremanetan, eta bide horretan laguntzeko prest gaituzue. Euskara ikasteko gogoa edo beharra baldin baduzue, ez galdu aukera, informa zaitezte gertuen duzuen euskaltegian.
AEKn, dagoeneko egokitu gara guztion bizimodua hankaz gora jarri duen egoera berezi honetara, eta gogotsu gaude ikasturte berria hasteko. Lanean segitzen dugu etor daitekeen guztiari irtenbiderik onena emateko, Euskal Herri osoan ditugun 100 euskaltegi pasatxoak egoera berezi honen aurrean beharrezko baliabideez hornitzeko eta prest egoteko.
Osasun-erakundeek ezarritako neurriak kontuan harturik, eta tokian tokiko egoerara moldatuta, euskaltegi bakoitzak bere plana egiten dihardu.
Euskal Herriko euskaltegi guztietan, matrikulazioa abian dugu, eta datorren ikasturtea hasten denean, urrian, zuen beharretara egokituriko eskaintza topatuko duzue: aurrez aurreko ikastaroak, autoikaskuntza eta online ikastaroak, barnetegiak... Gainera, egoera edozein izanda ere, zuen ikasprozesuak etenik ez izateko antolatzen ari gara.
Gure irakasle batek bik beste balio du: zuek ikastea nahi duelako eta bide horretan bidelagun fidela izango duzuelako.
Horretarako, AEK-ko irakasleok, dinamizatzaileok eta teknikariok prestakuntza berezia jasotzen ari gara, euskara eskolak emateko zein bestelako jarduerak antolatzeko modua bizi izaten ari garen egoerara egokitzeko asmoz.
Irakaslea hurbil izango duzue ikasleok, eta ikasprozesuan aurrera egin dezazuen arduratuko gara, zuek ikastea eta euskaraz bizitzea nahi dugulako.
Esperientzia, batetik, eta kideon pasioa eta gogoa, bestetik, lagun izango dituzue.
Beste alde batetik, erakunde askok euskara ikasteko dirulaguntzak ematen dituzte ikasleentzat; kasu askotan, ikasprozesua doakoa ere izan daiteke. Une honetan, euskaltegira hurbiltzen bazarete, inoizko babes ekonomikorik handiena izango duzue.
Azken egun hauetan, gainera, euskaltegira itzultzeko ilusio han-dia dagoela ikusten ari gara. Uda aurretik, gauza bera sumatu genuen, ikasturte honetarako aurrematrikulaldian ere bai, eta udan matrikulazioari eutsi diogu. Jarrai dezagun guztiok euskararen bidean aurrera!
Alizia Iribarren Andueza, AEKren koordinatzaile nagusia
Gaur -irailak 17- Gasteizko Zadorra AEK euskaltegian HABE-k euskaltegien matrikulazio kanpaina aurkeztu zuen. AEKren izenean, Iñaki Urkijo artezkaritza kideak eta gure ikasle batek hartu zuten hitza.
Esaera Zaharren Sopelako Lehiaketako Antolakuntza Taldeak bilera egin du, eta honako erabakiok hartu ditu:
1- Aurten, 2020an, ez da txapelketarik egingo, egoeraren ziurgabetasunak eraginda.
2- Hortaz, hurrengo lehiaketa 2021ean egingo da; printzipioz, apirilaren 24an, Korrika eta Aste Santua pasatuta.
Alarma egoerak agerian utzi dituen gabeziei aurre egiteko urgentziazko neurriak aurkeztu ditugu Kontseiluko kideok. Oraindik ez dakigu COVID-19aren eragina zenbatekoa izango den, ezta zer nolako bilakaera izango duen ere. Dakiguna da krisi honek agerian utzi dituela gure gizartearen gabeziak, eta, ondorioz, zaurgarrienak eta gutxitutakoak izan direla kaltetuenak. Hizkuntza-eskubideen kasuan beste hainbeste gertatu da: euskal hiztun komunitateon eskubideak zapalduak izan dira ustezko berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean, eta euskalgintzarekiko erakundeen babes falta are begibistakoagoa izan da.
Krisiak sortu dituen kalteei aurre eginez, hizkuntza-politikak birpentsatzea eta etorkizun hobea eraikitzea da helburua. Ekitaldian, AEKren koordinatzaile Alizia Iribarrenek hartu du parte. Bertan, Geroa euskaratik adierazpena aurkeztu da.
Irakurri adierazpena osorik hemen.
Albistea osorik Kontseiluaren webgunean
Euskaraz Koop. E.ren Estatutu Sozialetako 32. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Artezkaritza Kontseiluak Euskaraz Koop. E.ren Ohiko Batzar Nagusirako deialdia egin du.
Aurten 11 urte beteko dira Bilboko Ikasleen jaia ospatzen hasi ginela. Bilboko AEK-ko ikasle guztientzako jai honetan egun osoko egitaraua antolatu ohi da eta azken urteetan, bereziki, ospakizun hau kalean egiten saiatu gara. Aurtengo egoerak behartuta, ikasleen jaia birplanteatu behar izan dute Bilboko AEKideek eta ikasleen astea (maiatzaren 25etik ekainaren 5era) prestatu dute. Nor bere etxetik aritzeko ekintzak proposatu dituzte; lau guztira:
HABEk berrabiatu egin ditu euskara-mailen agiriak eskuratzeko egiaztatzegintza-prozesuak, COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioz behin-behinean atzeratu zirenak. Matrikulazio-epeen berri eman du, deialdien eta azterketen antolaketaren ezaugarriak ezagutarazi ditu, eta, besteak beste, aurrez-aurre egingo diren azterketerako aintzat hartuko diren prebentzio- eta babes-neurriak.
Lotura hauetan, informazio osoa duzue:
Era berean, AEKn matrikulatuta bazaude, galdetu zure irakasleari eta berak zure zalantza guztiak argituko ditu.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt