Gure aldizkaria berritua dator: testuak mailakatuak; zenbait testu oinarri dituzten ariketak online; gida didaktikoak... Eta ohiko eduki interesgarriak, noski: ETSko Iñigo Etxezarretari eta Patricia Martin harri-jasotzaileari elkarrizketak; erreportajeak, albiste laburrak...
Eskuratu eta gozatu! www.aizu.eus/harpidetu
AEKko ikasleek, hilero bezala, doan jasoko dute euskaltegian.
AEKk gorazarre egin die Korrikaren sortzaileei, bai eta gogorarazi ere “Korrika antolatzeko arrazoiak” bere horretan mantenduko direla, harik eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea lehen lerroan ipini arte
Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeko eskatu du AEKk. Izan ere, Korrika sortzeko arrazoiek hor segitzen dute, zoritxarrez, 45 urte geroago. Era berean, AEKk helburu duen Euskal Herria lortzeko bidean ezin da ezer geroko utzi; “presa dugu”, euskararen etorkizuna jokoan baitago. Gaur azaroak 29 ditu; orain dela 45 urte (1980an) abiatu zen lehenengo Korrika Oñatiko Unibertsitatetik, gaueko 10etan; efemerideaz baliatuta, AEKk Korrikaren sortzaileak eta 1980ko lasterketaren hasieran protagonista izan zirenak omendu ditu euskararen aldeko ekimenaren aurreneko edizioa hasi zen lekuan bertan: Oñatiko Unibertsitatean, hain zuzen.
Eguerdiko 12:00etan puntu-puntuan hasi da “Ez gero, orain baizik” ekitaldia, kanpai-hotsekin batera. Xabier Amuriza agertu da oholtzan, eta ekitaldiari izena eman dioten letrak, lehendabiziko Korrikaren koplak, abestu ditu. Jarraian, Korrika arduradun Ane Elordik hartu du hitza. Hark ekitaldiak helburu bikoitza duela aipatu du.
Batetik, ospakizuna eta omenaldia. Duela 45 urte, mundu osoan hizkuntza baten alde egiten den ekitaldirik jendetsuena eta arrakastatsuena abiatu zen; “Badugu, beraz, zer ospatu. Eta badugu nori eskertu”. Korrikaren sortzaileak aipatu ditu orduan Elordik: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea... Orduko AEKide guztiei ere esker ona adierazi die: Julen Kaltzada, Bittor Allende... baita lehenengo Korrika hartan protagonista izan zirenei ere: Xabier Amurizari, Korrikaren lehendabiziko kantaren sortzailea; Remigio Mendibururi, lekukoaren egilea; Eli Galdosi eta Jose Maria Satrustegiri, 0 kilometroa korritu zutenak...
Bigarren helburua aldarrikapena da. Korrika ez da jai-giroa soilik, aldarrikapen-giroa ere bada; horretaz jabetzeko, “Korrika bakoitzaren leloei erreparatzea baino ez dagoela” azpimarratu du Korrikaren arduradunak. Horregatik, gaur, 24. KORRIKAren atarian, AEKren mezua eta aldarrikapena publiko egiteko baliatu dugu urteurrena. Zoritxarrez, oraindik, 45 urte eta 23 Korrika geroago, Korrika antolatzeko beharrizan berberak ditu AEKk: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeko. Elordik argi utzi nahi izan du ezen “ez gara folklore. AEK GARA. KORRIKA GARA. EUSKARA GARA”.

Aitortza
Ondoren, Urtsa Erraztik hartu du hitza, Korrikaren sortzaileen eta lehenengo edizioan parte hartu zuten guztien izenean. "45 urte, eta berriro hemen, Oñatiko Unibertsitatean". Hunkituta ekarri ditu gogora berarekin batera Korrika sortu zuten "gazte zoro" haiek, gure artean daudenak eta ez daudenak: Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo... eta Álvaro Gurrea.
Publikoari azaldu dio Korrika euskararen aldeko urtebeteko kanpaina moduan jaio zela, "baina, zoritxarrez, Korrika aldarrikatzailea egiteko beharra dago oraindik", adierazi du; eta azpimarratu du nahiko lukeela euskarak Korrikaren beharrik ez izatea eta belaunaldi berriek Korrikaren "alde festiboa" besterik ez ezagutzea.
AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek eta Xabi Gartzia Castellek lehenengo Korrika hura egiteko beharrizanak aipatu dituzte: 1980an, euskaltzaletasunak euskarari beste Pizkunde bat eman zionean, alfabetatzearen eta euskalduntzearen premia hauspotzeko eta antolatzeko bultzada urrats logikoa eta naturala izan zen. “AEKren estrategia herri-dinamikan eta lurraldetasunean oinarritu da hastapenetatik”, adierazi du Gartziak. “Sorrera hartan, AEKk erakundeetatik ez zuen lortzen ez ofizialtasunik, ez dirurik”; Dirua batzeko ez ezik, euskalduntzearen eta alfabetatzearen beharra sortzeko ere, kanpaina bat egitea pentsatu zuten. “herrikoia, irekia eta Euskal Herri osoaren batasuna adieraziko zuena”. Horrelaxe sortu zen Korrika.
Otañok esan du kontu batzuk ez direla horrenbeste aldatu 45 urtetik hona: “Berriki esan dugu 24. Korrikan aldarrikatu nahi dugula euskara guztiontzako aterpe irekia eta erosoa dela; eta, nola ez, presa dugula Pizkunde berri bat abiatzeko, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira”. Horretarako, beste gauza batzuen artean, AEKk nabarmendu du helduen euskalduntzea lehen lerroan ipini behar dela; izan ere, gaur-gaurkoz, eta garai hartatik aurrerapausoak eman diren arren, aldarrikapenek berdin jarraitzen dute: “Helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeak esan nahi du botere publikoek gisa horretako aitortza egitea”. Osterantzean, AEKk jarraitu beharko du Korrika antolatzen, hala dirua biltzeko nola euskararen normalizazioaren aldeko lana aurrera eramateko Euskal Herri osoan.
AEKren xedea: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea
Horixe da AEKren helburua, eta berori lortzeko “finantzazio iraunkorra” aldarrikatu du Gartziak: “Aldian aldiko hiru eremu administratiboetako dirulaguntza-sistema gainditzeko finantzazio-eredua behar dugu; hots, gure zerbitzua osotasunean finantzatzea”. Hau da, Euskal Herri osoan egitura iraunkor eta egonkor baten beharra azpimarratu du, zeinaren bitartez posible izango den “euskara ikasteko zerbitzua doan eskaintzea, herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskara ikasi ahal izateko, eta, horrela, euskara ikastea irisgarria izatea denontzat, herritar orori bermatu behar zaielako berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea”.
Euskararen etorkizuna jokoan da
Otañok gehitu du, Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko, jada unea dela euskaltzaleok elkartzeko eta indarrak batzeko. Presa ere badagoela adierazi du: “Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”. Zeregin horretan, instituzioek berebiziko ardura dutela azpimarratu du, euskarak ez duelako dagokion berdintasunezko ofizialtasun-estatusik bere lurralde guztietan: Ipar Euskal Herrian, ez du ofizialtasunik; Nafarroan, oraindik ere zonifikazioaren ondorioak daude; EAEn, ofiziala izanik ere, “azken urteetako oldarraldi judizial, ideologiko eta politikoak desofizializazio-prozesu batean sartu gaitu”.
Gauzak horrela, momentua da euskarari Pizkunde berri bat emateko. Horretarako, abenduaren 27an Bilboko Bilbao Arenara biltzeko deia egin dute AEKko ordezkariek.
Nazio Kontseiluko kideek bat egin dute esatean helduen euskalduntze eta alfabetatzeak izan behar duela herria euskalduntzeko prozesuaren ardatza, eta dei zuzena egin diete administrazio nagusietako arduradun politikoei: “Zeuenak dira euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuan eragiteko eskumena, gaitasuna, boterea eta lidergoa; zeuek bideratzen dituzue politika publikoak, eta orain da lehentasunezko politika publikoak abiatzeko garaia”. Halaber, eragile politikoei eskatu diete, ezagutza unibertsalizatzeari begira, zenbait esparru lehentasuntzat jo ditzaten: hezkuntza (formala zein ez-formala), helduen euskalduntze-alfabetatzea, kultura eta harrera-politikak.
Helduen alfabetatze eta euskalduntzea sektoreari dagozkion eskariak
1) Otañok eta Gartziak “Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra” sortzea aldarrikatu dute; helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna koordinatu eta osorik finantzatuko duen agentzia bat, hain zuzen ere.
2) Doakotasuneranzko bidean urrats sendoagoak emateko konpromisoa; hau da, “herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskara ikasi ahal izateko, eta herritar bakoitzak 2000 orduko poltsa bat izatea euskalduntze-prozesu osorako”.
3) Euskara ezagutzeko beharra sustatzea. Azpimarratu dute, Euskal Herri osoan bizitzako alor guztietan euskara nagusi izatea jomugan, beharrezkoa dela hizkuntza-politika koordinatu, bateratu eta bakarra egotea, “Erdaldun elebakarrei argi sentiarazteko euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa gertatuko zaiela. Hala, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko erabakia edo hautua egin dezaten, oso beharrezkotzat jotzen dugu hizkuntza-politikako zenbait neurrik lege-babesa izatea ezagutzaren unibertsalizazioa espresuki jasotzea”. Bereziki, lau eremu aipatu dituzte: administrazioa, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa eta ingurune digitala.
“AEKn oso argi daukagu: Euskara gara. Orain ez bagara, noiz izango gara?”.
Ekitaldiari amaiera emateko, aurreskua dantzatu diete omenduei eta euren senideei; jarraian, familia-argazkia egin dute AEK-Korrikako kideekin batera.
Gaur goizean (azaroak 28), Durangoko Elkartegian, LANDUE 2025 urte amaierako ekitaldiak 60 pertsona baino gehiago bildu ditu: eskualdeko enpresetako ordezkariak, erakundeetako arduradun politikoak eta hizkuntza-normalizazioko eragileak. Ordubeteko topaketa bizia izan da, non 2025eko balantzea egin, praktika onak partekatu eta etorkizunerako konpromiso berriak hartu diren.
Mertxe Mugika Ahize-AEKko kideak eta LANDUE proiektuko aholkulariak gidatuta, ekitaldia erakunde sustatzaileen agurrarekin hasi da. Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak, Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak berretsi dute egitasmoarekiko babes osoa eta elkarlanaren garrantzia.
Emakume*: Sexu-genero sistemak markatzen duen binomioaz gaindi, bizipen, ibilbide, ahalmen eta identitate anitzak biltzen dituen kontzeptua (bollerak, trans, ez-bitarrak…). Gure egungo errealitatean politikoki eragiteko baliagarritzat dugu.
AZAROAK 25: Indarkeria matxisten aurkako nazioarteko eguna
AEKko Berdintasun Batzordea Euskal Herriko Mugimendu Feministaren irakurketan oinarritu da honako testu hau idazteko:
Hasteko, gogorarazi nahi dizuegu iazko azaroaren 25etik sei emakume* hil dituztela, eta gure babesa eskaini nahi diegu haien senide eta lagunei. Bestalde, biolentziaz ari garen egun honetan, ezin Palestina aipatu gabe utzi. Doakie hango lagunei gure besarkadarik beroena.
Guztiok dakigu egungo egoera ez dela batere samurra eta, gainera, feminismoak aurrerapausoak ematen dituen heinean, erantzunak eta erresistentziak gordintzen ari direla. Faxismoa eta ultraeskuina indartzen ari dira, bai, baina baita geure artean ere: Zenbat aldiz azaldu behar du emakume* batek erasoren bat jasan duela? Zergatik da hain zaila egiturazko matxismo hau baztertzea? Emakumeon* rolak eta lanak zalantzan jartzea, ezer ez egitea, oztopatzea, balioa kentzea... Jokabide horiek geure artean, eta, noski, AEKn ere, badaude; zehazki, nahi eta behar baino gizon gehiagok dituzte. Eta hor dago arazoa. Benetan berdintasunean eta parekidetasunean sinesten badugu, benetan helburu horiek lortu nahi baditugu, denoi dagokigu erantzukizuna hartzea eta, batez ere, gizonei, euren pribilegioei uko egitea, espazioa ez hartzea, bidaide edo aliatu izatea, jokaera baztertzaileei uko egitea...
Hain zuzen, orain ari dira abortatzera zihoazen emakumeak jazartzeagatik zenbait pertsona epaitzen. Ikusi beharko da hainbeste izerdirekin lortutako eskubideak babesteko interesik badagoen ala ez.
Aipaturiko guztiaren aurrean, erresistentzia feministarako deia egiten dugu. Segi dezagun antolatzen eta kaleak hartzen, segi dezagun autodefentsa feminista aldarrikatzen eta gauzatzen; kaleetan, etxeetan, lantokietan, jai guneetan… Erantzun diezaiegun indarkeria sostengatzen duten konplizitate sareei, horien aurka borrokatzen duten konplizitate sare feministekin.
KONPLIZITATE SAREEN AURREAN, ERRESISTENTZIA FEMINISTA.
Eusgara 2025ean 33 kidetik 38ra igaro da, eta industria, zaintza eta lanbide heziketako arloetan aurrerapauso esanguratsuak eman dira
Arratiako eskualdean errotze handia hartzen ari da EusGara komunitatea. Gaur goizean (azaroak 22) egin da urteko topaketa nagusia Zeanuriko Zulaibar Lanbide Heziketa Ikastegian, eskualdeko ordezkari politikoak, eragile sozialak eta enpresa-munduko ordezkariak bildu
dituen ekitaldian. Bertan, 2025ean lortutako aurrerapausoak ezagutarazi eta etorkizunerako lan-ildoak partekatu dira.
EusGara komunitateak hazten jarraitzen du. Orain arteko 33 enpresei aurten bost berri gehitu zaizkie, eta guztira 38 entitate ari dira lanean Arratian lan-munduan euskararen presentzia eta erabilera indartzeko. Sektore eta tamaina askotako erakundeak dira, baina
guztiek partekatzen dute helburu bera: euskarari leku handiagoa ematea eguneroko jardunean eta antolaketa-mekanismoetan.
Ekitaldian industria, zaintza eta lanbide heziketako ordezkariek hartu dute parte, eta nabarmendu da 2025ean hiru eremu horietan eman diren urrats esanguratsuak. Era berean, azpimarratu da Arratian abiatu zen eredua Durangaldera lehenik eta Bizkaia osora zabaltzen ari dela.
Euskararen herria denentzat aterpe ireki eta zabala da
AEKk antolatuta, Euskara gara lelopean, euskararen herria zeharkatuko du 24. KORRIKAk martxoaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora. Omendua, bestalde, Errigora izango da. Laguntzaile kanpaina ere abian jarri da ―hau da, Korrikari babesa adierazteko ekimena―, eta Korrikaren doako aplikazioa, berriturik, eskuragarri dago gaurtik aurrera.
KORRIKAren 24. edizioaren aurkezpen-ekitaldia egin du gaur goizean AEKk, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. AEKko kideekin batera, Korrikaren bidelagunak eta Gasteizko euskalgintzaren lagin bat ere bildu dira ekitaldira; ondoren, argazki jendetsua atera dute, euskara herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa dela adierazteko.
Oraingo honetan, euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Atharratzen hasiko da, martxoaren 19an; gero, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Bilbon amaituko da. Bertan, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai-egitarauaz gozatzeko parada izango da.
Ane Pedruzok eta Jon Basagurenek gidatu dute aurkezpen-ekitaldia, non AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabe igo diren oholtzara.
Begiristainek, lehenik, azpimarratu du KORRIKAren 24. edizioak erakusten duela euskara herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa dela: “Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita”.
Etxezarretak, bere aldetik, hiru mezu helarazi dizkio jendarteari. Batetik, Begiristainen hitzen ildotik, euskara ardatz duen komunitatean eroso eta aske bizitzeko nahia: “Euskal Herri euskalduna, feminista, antiarrazista eta goxoa izango delako gurea”. Bigarrenik, presa: “Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”; eta zera gehitu du: “Larrialdi linguistiko bete-betean gaude, eta ziklo berri bat abiatu behar dugu, inguruari eta gaur egungo aldaketei so eginda”. Hirugarren mezua instituzioei helarazi die. Euskararen ekosistema babestu eta indartzeko, “hizkuntza-politika ausarta eta sendoaren beharra” aipatu du.
Euskara gara
Ondoren, Korrikaren mezua azaltzeko, Korrika arduradun Ane Elordi Alburquerquek hartu du hitza.
Euskara gara leloak jendartea du helburu: “Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da”. Euskarak jendarteari arnasa ematen diola aipatu du: “Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza...”.
Errigorari gorazarrea
24. KORRIKAk Errigora omendu nahi du; Korrikak aitortza egin gura dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari egiten ari den ahaleginarengatik, eta babesa ere adierazi nahi dio aurrera jarrai dezan bultzatzeko. Elordik adierazi legez, “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere”.
Era berean, Elordi esker onez agertu da Korrika Laguntzaile eta Korrika egiten laguntzen duten guztien aldera, baita Gasteizko euskalgintzatik bertaratu diren kide eta euskaltzaleen aldera ere: “Guztioi esker, EUSKARA GARA”.
Aurkezpenari amaiera emateko, arduradun nagusiak lekukoa altxatu du, eta AEKren Nazio Kontseiluko kideekin batera (Maialen Begiristain, Lurdes Etxezarreta, Bixente Claverie, Xabi Gartzia eta Aize Otaño), Korrikaren deiadarra aditzera animatu du jendartea. Izan ere, aurkezpen honekin batera piztu da Korrikaren garra, eta, euskararen aldeko lasterketa martxoan izan arren, bitartean hamaika hitzordu egongo dira, Korrika Kulturala kasu. Hala, Kaka antzezlana —Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekaren irabazlea— izango da ikuskizun nagusia. Hilaren 19an estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean; ondoren, hainbat herritan ikusteko aukera izango da.
Eraman Korrika poltsikoan
Korrika doako aplikazio berritua ere gaurtik aurrera egongo da eskuragarri, Android eta IOS sistema operatiboentzat.
Korrika dendak, zabalik
Hiriburuetako Korrika dendak eta online-denda gaurtik aurrera egongo dira irekita. Bertan izango dira salgai arropa, bizkarrekoa eta bestelako osagarriak.
Ekitaldia bukatutakoan, familia-argazkia atera dute Gasteizko euskalgintzaren lagin batek* eta AEKko kideek.
Gasteizko euskalgintza (23.Korrikan parte hartu zuten eragile batzuen ordezkariak): Alea, Artepan, Mendia Optika, Gasteiz Kantuz, Geu Elkartea, Hala Bedi Irratia, Jimmy Jazz aretoa, Armentia ikastola...
Martxan da Errigoraren Euskarari Puzka kanpaina, Nafarroako produktuekin osatutako saskiak eskatuz Ager zonaldeko euskalgintzari bultzada ematen diona.
Nafarroa erdi eta hegoaldean gurekin batera ari dira lanean Sortzen, Ikastolak eta Agerraldia euskarari bultzada emateko. Ezinbestekoak guztiak euskarak zonaldean arnasa har dezan bertatik eta bertarako lan eginez.
Lanean jarrai dezagun, ezinbestekoak zarete gainontzeko lurraldeetako euskalzaleak. Asmo horretan auzolana tresnarik baliotsuena, ezinbesteko elkartasun-keinua da Euskarari Puzka kanpaina, saskiak eskatuz balioaren %25a Ager zonaldeko euskalgintzara bideratzen delako.
Eskatu zure saski beltz, berde edo gorria errigora.eus atarian azaroaren 13a baino lehen!
Euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela adierazi eta urtebete geroago, Euskalgintzaren Kontseiluak bere diagnostikoa berretsi eta, eskuhartze sendorik egin ezean, euskararen etorkizuna jokoan dagoela adierazi du. Hala ere, larritzeko osagai guztiak izan arren, itxaropen mezu bat zabaltzeko prentsaurrekoa egin du Kontseiluak, eta euskaltzaleei dei egin die indarrak batzeko eta euskararen etorkizunari norabide berria emateko.
Euskaltzaleon garaia dela aldarrikatzeko, abenduaren 27an Bilbao Arena euskararen eta euskaltzaletasunaren bilgune eta arnasgune bilakatzeko deia egin du, milaka pertsona batuko dituen ekitaldi erraldoian. 17:00etan hasiko da Miribillako kirolgunean, eta sarrerak urriaren 16tik aurrera izango dira eskuragarri www.pizkundea.eus webgunean.
AEKk ere agerraldian parte hartu izan du, euskalgintzako hamaika ordezkari eta norbanako euskaltzalerekin batera.
Adierazpena eta informazio gehiago Kontseiluaren webgunean.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt