Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete erakundeetako kideek Famili’on egonaldi ibiltariaren lehen edizioa ezagutzera eman dute. Udaberriko oporretan familian momentu goxoak pasatzeko eta helduek euskara ikasten jarraitzeko aukera ezinhobea!
Goizean, helduak euskara klaseetan izanen diren bitartean, haurrak jokoetan ibiliko dira. Arratsaldean, gurasoek eta haurrek batera ekintzak eging dituzte, eta batzuetan, publiko zabalari irekitako animazioetan parte hartuko dute. Helburu nagusia parte-hartzaileen euskara maila hobetzea da eta familien hizkuntza ohiturak aldatzea, baina baita Euskal Herriko xoko ezberdinak ezagutzea ere.
Bi formula ezberdin, euskara eroso bizitzeko
-Apirilaren 21etik 25era. Aste bat barnetegian, 5 egun eta 4 gau Baigorri (Baxe Nafarroa) eta Lesaka (Nafarroa) artean, maila aitzinatua duten gurasoentzat (B1-B2),
-Apirilaren 28tik maiatzaren 3ra. Aste bat ikastaldian, 5 egun eta gau bat pasatuz Arbona (Lapurdi) eta Orio (Gipuzkoa) artean, oinarrizko maila duten gurasoentzat (A2).
Talde txikiak izango dira: aste bakoitzean 20 familia* elkartuko dira, 3 eta 11 urte bitarteko haurrekin. Aste bakoitzaren prezioa 300€ eta 650€ artekoa da, formularen eta seme-alaba kopuruaren arabera. Prezio horretan sartzen dira: apairuak, garraioa, lo tokia, aktibitateak, klaseak, animazioak eta materiala.
*Aurten Ipar Euskal Herriko udaberriko oporrek bat egiten dute Hego Euskal Herriko Aste Santuko oporren bukaerarekin, Arabako San Prudentzio bestarekin eta maiatzaren 1eko zubiarekin, beraz, edizio honetan Euskal Herri osoko familiek parte hartuko dute.
Izen-emateak eta informazioa
Martxoaren 15ean bukatuko da izena emateko epea, HEMEN. Informazio gehiago: telefonoz (+ 33 06.03.20.50.10) edo e-postaz (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.) edo hemen.
Deskargatu eskuorria.
Famili'On egonaldiaren aurkezpena Baionan, otsailaren 21ean, ama-hizkuntzaren nazioarteko egunaren karietara, egin zen. Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete erakundeetako kideekin batera, babesle diren instituzioetako ordezkariak ere bertan izan ziren: Mathieu Berge (Euroeskualdea), Joseba Erremundeguy (Euskal Hirigune Elkargoa), Javi Arakama (Nafarroako Gobernua) eta Johañe Etxebeste (Euskal Kultur Erakundea).