Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gizarte eragileen ordezkariak Martin Ugalde Kultur Parkean elkartu dira «Larrialditik indarraldira» izeneko Adierazpena irakurtzeko.
Azaroaren 9an, Kontseiluak, ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareak babestuta, euskara eta hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaudela adierazi zuen. Larunbateko agerraldian, urrats bat aurrera egin eta larrialditik indarraldira bideari ekiteko beharra aldarrikatu dute Kontseiluko bazkideek. Horretarako, lehen eginkizuna euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea dela azaldu dute. Bestalde, iazko azaroaren 4ko manifestazioaren ondoren adierazi bezala, euskararen normalizazioa berriro norantza egokian jarriko duen akordio sozio-politikoa bideratzeko erantzukizunean berretsi dira, eta adierazi dute 2025a urte garrantzitsua izango dela euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat.
Halaber, 2025eko abendurako mobilizazio sozial handi baterako deia egingo dutela iragarri dute. Azkenik, bide honen parte izatera gonbidatu dituzte herritarrak, erakundeak, agintariak eta eragile politiko eta sozial guztiak. Jarraian, Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurritako adierazpena. Ikusi hemen.