2024an 15 enpresek egin dute bat Landue-rekin, eta gaur gaurkoz 38 enpresek osatzen dute Durangaldean euskara sustatzeko lan egiten duten enpresen komunitatea.
Landue proiektua Durangaldeko Mankomunitateak kudeatzen du, eta diruz laguntzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Zerbitzua Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak ematen du.
Sinadura ekitaldia egin zuten azaroaren 28an Durangoko Elkartegian, eta bertan egon dira Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Isaak Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia eta Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunitatearen presidentea. Baita Mertxe Mugika Ahize-AEKko hizkuntza aholkularia ere.
Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egiteko bidea
Landue proiektuaren aurtengo nobedade azpimarragarriena izan da eskualdeko Lanbide Heziketako zentro denek bat egin izana. Horrek praktikak euskaraz egin ahal izateko bidea argitu duela azaldu dute sustatzaileek, eta Durangalde mailako erronka
hor kokatu dute. Hain zuzen, arlo horretan egindako esperientzia onak partekatzeko mahai ingurua egin dute ekitaldian.
Landue zerbitzuak urteroko argazkia berritu du gaurkoan. Gaur gaurkoz, honako enpresa hauek osatzen dute Landue komunitatea: Azterlan, Lantegi Batuak, Bruss, Baque, Zornotza LH, Iurreta LH, Maristak, Ibaizabal ikastola, Txirula, Dendak Bai, Durangaldeko Enpresarien Elkartea, Asca, Tabira Berezi, Gure Kide, Bermeosolo, Lasuen, Malda Bike, Urkiola Landa Garapena, Sorland, DEK, Hirukobat, Gerediaga elkartea, Begilan, Garaiko landetxea, Saltsan Katering, Bikain, Ona, Kultiba, Aisilan, Inforlur. Eiser, Eixu Artisauen Elkartea, Urkilan, Macober, Delikatetxe, Oarbeaskoa, Lantegia, Inmediobai eta Kirolene.