Urtetik urtera handitzen ari da eusGara komunitatea. Arratiako arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko asmoarekin sortutako proiektua da, eta gaur gaurkoz 33 enpresek* osatzen dute. Iaztik hona lau enpresa berrik hartu dute konpromisoa euskara gehiago erabiltzeko: Bela Detail, Keia, Ortomobility eta Petardos CM. Enpresa horiek guztiek familia argazkia berritu dute gaur goizean Zeanuriko Zulaibar campusean egin den hitzarmen ekitaldian. Bertan elkartu dira eusGara komunitateko kide diren 33 enpresatik 20.
2025ean euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute komunitateko 33 enpresek, eta eskura izango dituzte eusGarak eskaintzen diendoako zerbitzua: besteak beste, itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitza, diru-laguntzen kudeaketa, edo trebakuntza saioak. Zerbitzua Errota fundazioak sortu zuen 2017an, eta orduz geroztik berak kudeatzen du. Finantzazio publikoa, dena den, Bizkaiko Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik jasotzen du, Arratiako udaletakoaz aparte. Zerbitzua Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak eman du hasieratik. Sinadura ekitaldian izan dira proiektuaren bultzatzaile diren erakundeetako ordezkari nagusiak: Kizkitza Aurrekoetxea Errota fundazioko koordinatzailea; Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia. Horiez gain, bailarako udaletako ordezkariak ere bertan izan dira. Baita Ahize-AEKko teknikari Mertxe Mugika eta Lander Muñagorri ere.
Euskara zaintza sektorean
Arratiako Egoitzak, Jandonizek eta Piedade Ondok iaz hartutako konpromisoari tiraka, hiru lanketa abiatu dituzte 2024an: praktikak euskaraz egiteko bidea abiatuko zutela; egoitzetan kontuan hartzea zainduak izango diren pertsonen eta senideen hizkuntza hautuak; eta egoitzetako langileentzako oinarrizko hiztegi bat sortzea ezagutza handitzeko.
Praktika onak
Alinar Die Casting eta Industrias Galarza enpresek aurten egindako praktika onak aurkeztu dituzte: hizkuntza irizpideak zehazteko prozesua, eta Berbatratuak izeneko dinamika, hurrenez hurren.
eusGara Komunitatea
Aurten, Arratiako 4 enpresek egin dute bat zerbitzuarekin, eta horiekin 33 dira eusGara komunitateko kide. Gaur gaurkoz, honako hauek dira eusGara zerbitzuarekin bat egin duten enpresak: Alfe Cutting, Alinar, Amorrortu, Arbegui, Arbisa, Arratiako Egoitza, Autos Varela, Batz, Behingoz, Bela Detail, Carrocerias Joseba, Carrocerias Usansolo, Cementos Lemona, Comecaran, Ekin Eraiketak, Etxegana hotela, Gorbeialde landa garapeneko elkartea, Ilunbe, Industrias Galarza, Jandoniz, Keia, Lur 2000, Ormaurre, Ormazabal, Ortomobility, Petardos CM, Piedade Ondo, Rotulos Usansolo, Tresnak, Wolco, Zuhaitz Etxeak, Zulaibar Lanbide Ikastegia eta Zuloaga Motor.