Atzo, abenduak 2, Igo Bolumena! Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik jardunaldia izan zen, AEKren Hizkuntza aholkularitza AHIZEren eskutik. Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean, 130 bat lagun elkartu ginen.
Streaming bidez emititu zen. Ikusi nahi duenak hemen dauka osorik.
Jardunaldian, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean sortutako Damolat ikas-unitatea (gazteei zuzenduta) ere aurkeztu eta banatu zen. Webgune honetatik deskargatu daiteke, hemendik. AEK-AIZU!k Landako Gunean (Goienkale, 23) izango duen standean ere paperean eskuratu ahal izango da (ale batzuk egongo dira).
Eskerrik asko parte hartu zenuten hizlari eta lagun guztioi!
Hiriguneetako gazteak eta euskarazko kultura. Bi aldagai horien barruan sartzen denaz hausnartuko da abenduaren 2an Barakaldon. IGO BOLUMENA! Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik jardunaldia izango da horretarako zita, eta Ahize-AEK-k bertan aurkeztuko du #Damolat unitate didaktikoa. Proiektuaren helburua argia da: hirigunetako gazteen artean euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioa eta berrartikulazioa bultzatzea. Horretarako diseinatu dute unitate didaktikoa, eta behin jardunaldietan aurkeztuta, materiala doan jarriko zaie eskuragarri euskarazko kultura gazteen artean sustatzen diharduten eragileei: irakasleei, euskara zein kultura teknikariei, gazte teknikariei, erakundeei, gaztetxeei...
Unitate didaktikoaren lanketa Ahize-AEK aholkularitza zerbitzuak egin du --Ikastolen Elkartea ari da diseinu lanak egiten--, eta jardunaldiak ere eurek antolatu dute, erakunde publikoen babesarekin. #Damolat proiektua diruz lagundu du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta IGO BOLUMENA! jardunaldiak, berriz, honako instituzioen laguntza jaso du: Barakaldoko Udalarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailarena.
Jardunaldia gaur goizean aurkeztu da Barakaldoko BIC Bizkaia Ezkerraldean zentroan, eta proiektuaren parte izan diren eragile denetako ordezkariak izan dira bertan: Miren Dobaran (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordea), Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria), Iratxe Foces (Barakaldoko Euskara zinegotzia), Alizia Iribarren (AEK-ko koordinatzaile nagusia) eta Naroa Jauregizuria (Ahize-AEK-ko aholkularia eta proiektuaren arduraduna).
ERTZETATIK EUSKARA ETA EUSKARAZKO KULTURA SUSTATU
IGO BOLUMENA! jardunaldiak helburu argi bat izango du: euskararen erdigunetik urrun egon daitezkeen eremuetako gazteen inguruan hausnarketa egitea. Euskararen ertzean dauden horiei euskarazko kultura ikusgarri egiteko gakoak zein izan daitezkeen bilatzea, hain zuzen. Horregatik defendatu du Naroa Jauregizuriak bolumena igo behar zaiola euskarari eta euskarazko kulturari: “Bilbo Handian, jende asko euskararen ertzetan bizi da euskararen mundua alboan izan arren; ikusezina, entzunezina, sentiezina edo oso lausoa zaio, eta proiektu honen bidez kanalak topatu eta eraiki nahi ditugu euskararen bolumena igotzeko”.
Jardunaldietan ertz ugari landuko dira. Eduardo Apodaka eta Irati Agirreazkuenaga EHUko ikerlariek, hasteko, marko orokorrean kokatuko dute gazteak eta periferia zer den definituz; Iratxe Retolaza EHUko ikerlariak, bestalde, hezkuntza sistemaren erronkak non dauden kokatuko du, eta ondoren, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako hezkuntza sistemako ordezkari banak gogoeta partekatua egingo dute.
#Damolat unitate didaktikoa aurkeztuko dute ostera Ahize-AEK-k eta Ikastolen Elkarteak. Horrekin batera, gazteen artean euskarazko kultura transmititzeko lan egiten duten proiektu gehiagoren berri ere emango da. Ertzetako gazte sortzaileek ere euren ikuspegia plazaratuko dute. Bertan izango dira Beñat Rodrigo ‘Kiliki Fresko’ musikaria, Iholdi Beristain abeslari eta aktorea, eta Sara Nieto abeslari eta aktorea.
Jardunaldiak amaitzeko, ikasleen kultura eta hizkuntza identitateak izan duen bilakaeraren berri emango dute Letizia Garcia Mondragon Unibertsitateko ikerlariak eta Itsaso Junquera Huhezi irakasle eskolako irakasleak. Azkenik, irakaskuntzaren arlotik hausnarketa kritikoa bultzatuko da.
Transmisioarekin kezkatuta dagoen orori bideratuta egongo da Barakaldon egingo diren jardunaldia. Miren Dobaranek, hain zuzen, horien guztien arteko elkarlanaren beharra azpimarratu du: “Jardunaldietan landuko da nola hobetu euskara eta euskal kulturaren transmisioa, gazteen motibazioak, interesak… Euskaraz sortzen ari diren periferiako gazteen esperientziak landuko dira. Eta uste dut eraldaketa sakon bat egin behar badugu, sarean lan egin beharko dugula hezkuntza munduak, kultur eta euskara teknikariek, gizarte eragileek eta erakundeek, eta gazteen beharrizanetara egokitzen diren programak bultzatu. Gaur egun beraiek bilakatu behar ditugu sortzaile eta asmatu behar dugu beraien sorkuntzak zabaltzen eta hedatzen”.
BILBO HANDITIK EUSKAL HERRIKO BESTE ERTZETARA
Naroa Jauregizuriak ikerketa Bilbo Handiko ikastetxeetan egin zuen, eta hortik abiatutako unitate didaktikoarekin pilotajea egiten ari dira egun Barakaldoko Minas institutuan. Baina proiektuak badauka Barakaldoko ertzetik Euskal Herriko beste ertzetara zabaltzeko helburua. Hala azaldu du Alizia Iribarrenek gaur goizeko prentsaurrekoan: “#Damolat proiektuarekin, lehendabiziko hazia Barakaldon jarri da, baina AEK Euskal Herri osoan aritzen da, eta guztiz konbentzituta gaude beste leku askotara eramateko moduko egitasmoa dela, eta honek segida eduki behar duela. Beraz, horretarako konpromisoa jendaurrean hartzen du AEK-k, hemen eta orain”.
Xabier Arauzok, bere aldetik, egungo errealitatera egokitzeko beharra aldarrikatu du, gazteen egunerokoa aldakorra baita: “Errealitate aldakorrean bizi dira gazteak, eta euskararen kulturaren transmisioa eragiten duten faktoreak ere aldakorrak dira. Bada, testuinguru horretan kokatzen da proiektu hau, izan ere, aurrera eramaten ditugun ekimenak errealitate aldakor horretara egokitu behar dira”.
ZERGATIK DU GARRANTZIA PROIEKTUAK?
Une honetan kezka handia pizten duen gaia da. Euskal Herriko gazte gehienek dakite egun euskaraz, eta lorpen hori hezkuntzaren eskutik etorri da. Are gehiago, hiriguneetako gazteen ezagutza izugarri handitu da. Bilbo Handiko gazteen artean euskararen ezagutzak azken hiru hamarkadetan izan duen gorakada aski adieerazgarria da, Mapa Soziolinguistikoko datuetan oinarrituz gero: 1986an 5-24 urte arteko biztanleriaren %10,5a zen euskalduna, eta 2016an %76,5. 66 puntu egin du gora ezagutzak.
Euskararen erabilerak, kontrara, ez du aurrera egiten: kale erabileraren 2016ko neurketaren arabera, 2-14 urte artekoen %4,5ak erabiltzen zuen euskara Bilbon, eta 15-24 artekoen %2,6ak. 2011eko neurketarekin alderatuz gero, bi adin tarteetan ia bi puntu egin zuen behera erabilerak.
Errealitate horrek bultzatu zuen Naroa Jauregizuria ikerketa egitera. Bilbo Handiko lau ikastetxetako ikasleekin egindako lanketatik baieztatu ahal izan zuen euskarazko kulturaren transmisioan etena dagoela haurtzarotik gaztarorako saltoa egiten denean. Oinarri horrekin eta ikasle horien ekarpenarekin, unitate didaktikoaren hezurdura osatu zuen Ahize-AEK-ko aholkulariak. “Euskarazko kulturaren transmisioan dagoen eten horretan eragiten saiatzeko ahalegina da #Damolat”.
Arlo horretan eragiteko asmoz hartu du parte jardunaldietan Barakaldoko Udalak ere, Iratxe Focesen hitzetan: “Gure kaleetan euskararen erabilera bultzatzeko, Barakaldoko Udaletik euskararen sustapenean eta normalizazioan lan egiten dugu hainbat eremutatik. Horietako bat da kulturaren arloa, eta euskararen normalizazioa lantzen da kulturaren bidez”.
IZEN EMATEA
Azaroaren 26ra arte egongo da zabalik izen ematea, doan, helbide honetan
Informazio gehiago jardunaldiaren blogean.
Hiriguneko gazteek euskararen eta euskarazko kulturaren inguruan duten pertzepzioa ikertu du Naroa Jauregizuria Ahize-AEK-ko aholkulariak, eta #Damolat proiektua abiatu. Ikastolen Elkartea unitate didaktikoa diseinatzen ari da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes ekonomikoa jaso du.
Bilbo Handiko gazteen errealitatea, eta hiriguneetako gazteek euskararekin eta euskarazko kulturarekin duten harremana landuko dute abenduaren 2an Barakaldon egingo den ‘Igo Bolumena!’ jardunaldian.
Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak ikerketa egin du jakiteko zein diren Bilbo Handiko gazteek euskararen eta euskarazko kulturaren inguruan dituzten iritziak, asoziazioak edo jarrerak. 2020ko urte hasieratik 2021eko udaberrira arte interbentzioak egin dira Bilboko, Portugaleteko eta Getxoko ikastetxeetan,
eta bertatik ateratako materialarekin #Damolat unitate didaktikoa osatu dute Ikastolen Elkartearekin elkarlanean. Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du hasieratik, eta gaur goizean aurkeztu dute prentsa aurrean.
Bertan izan dira Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria; eta Naroa Jauregizuria Ahize-AEK-ko teknikaria, eta proiektuaren gidaria.
Unitate didaktikoaren lanketa amaitzen ari da Ikastolen Elkartea, eta datozen asteetan egingo da bere hedapena. Hori baino lehen, ordea, Barakaldoko Minas ikastetxean pilotajea egingo dute Ahize-AEK-ko teknikariek, eta azkenik, euskararen zein euskarazko kulturaren hedapenean lan egiten duten eragileen
esku jarriko da doan. Hau da, irakasleen, kultur teknikarien, programatzaileen,begiraleen edo kultur elkarteetako kideen esku, besteak beste.
Ikas unitateak euskarazko kulturaren transmisiorako eta berrartikulaziorako hainbat jarraibide eta ariketa jasoko ditu, oinarri argi batekin: gazteek eurek bilatu ditzaten euskarazko euren erreferenteak. #Damolat proiektuaren berri eman dute gaur, baina unitate didaktikoaren aurkezpen ekitaldi nagusia abenduaren 2an egingo da, Barakaldon antolatuko den Igo Bolumena! jardunaldian. Arlo ugaritako profesional eta adituen parte hartzea izango da bertan, baina gazteei eurei ere ahotsa emango zaie.
Proiektuaren asmoetako bat hori izan baita hasieratik: euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioan gazteek aktiboki parte hartu dezaten. Jardunaldiok Ahize-AEK-k antolatu ditu, honako erakundeen laguntzarekin: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Barakaldoko Udala. Datozen asteetan emango da jardunaldi horien berri zehatza.
PROIEKTUAREN ZERGATIA
#Damolat egitasmoaren ernamuinean kezka bat egon da, azken urteetan gero eta ageriago dagoena: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako gazte gehienek euskaraz dakite, baina hizkuntzaren erabilera ez da maila berean areagotzen ari. Ez hori bakarrik, ingurune ez euskaldunetako hiriguneetan bizi diren gazteek euskarazko kulturarekin duten harremana txikia da. Transmisioaren funtzioa ikastetxeek betetzen dute kasurik gehienetan, baina eremu horretan ere herren dabiltza askotan. Izan ere, ikastetxeetan haurrek euskarazko erreferente ugari badauzkate ere —Irrien Lagunak, Ene Kantak, Goazen, marrazki bizidunak—, ez da gauza bera gertatzen nerabeekin. Euskaratik aparte bilatzen dituzte euren erreferente kulturalak, eta egoera hori aldatzen saiatzeko ahalegina da #Damolat.
Adinean aurrera egin ahala, ikastetxeetako transmisio sareak indarra galtzen duela ondorioztatu du ikerketan Naroa Jauregizuriak: “Euskarazko mundutik jasotzen diren erreferentziak ikusezin, arrotz eta, neurri batean, deseroso ere bihurtzen dira, nahiz eta gazte gehienak euskal komunitateko parte sentitzen diren, eta hizkuntza eta kulturarekiko lotura emozionala mantentzen duten”. Ahize-AEK-ko teknikariak argi azaldu du eremu horietako gazteak izango direla euskararen etorkizuna bermatuko dutenak: “Egun euskarak aurrera egingo badu, hori hala izango da euskaradun gehien pilatzen den hiri eremuek bere
lekua hartu dutelako. Eta horretarako, halabeharrez, eremu horretan garatzeko funtzionala izan beharko du euskarak: mundua interpretatzeko, ohiko beharrizanak asetzeko, bizipenak sortzeko, komunikatzeko, komunitatea sortzeko...”. Bide horretan ekarpena egin nahi du #Damolat proiektuak.
Kezka hori partekatu du Xabier Arauzok, eta horregatik erabaki zuen aldundiak proiektuari babesa ematea: “Errealitate aldakorrean bizi dira gazteak, eta euskararen kulturaren transmisioa eragiten duten faktoreak ere aldakorrak dira. Bada, testuinguru horretan kokatzen da proiektu hau, izan ere, aurrera
eramaten ditugun ekimenak errealitate aldakor horretara egokitu behar dira. Honen harira, proiektu hau borobiltzera dator Bizkaiko Foru Aldundiak azken hiru urteetan euskararen periferian, hots, euskararen indarguneetatik kanpo bizi diren gazteen artean gure hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa sendotzeko
aurrera eraman duen ekimena, eta hain zuzen ere Euskara Bizia Batzordearen beraren ekimenez abiatu zen. Bada, helburu orokor hori interes handikoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Zuzendaritza Nagusiaren euskara sustatzeko jarduketa-planaren barruan”.
Euskararen eta euskarazko kulturaren transmisio sarean dauden gabeziez jabetuta, proiektuarekin bat egin du Ikastolen Elkarteak, eta ikerketatik ateratako ondorioekin #Damolat unitate didaktikoa diseinatu dute. Koldo Tellitu lehendakariak hala azaldu du: “Ikastolak aspaldi ari gara ohartarazten ikasleen euskararen erabilerak eta kalitateak behera egin dutela. Garbi dago kezka partekatua dela, euskararen eta euskal kulturaren ezagutzan, transmisioan eta hedapenean gehiago egin behar dugula, egiten dugunean sakondu eta indartu eta bide berriak jorratu behar ditugula”.
Elkarlanaren beharra ere nabarmendu du Tellituk: “Konbentzituta gaude herri gisa eman beharreko erantzunak behar ditugula. Gai honetan funtsezkoa izango da hezkuntzatik, euskalgintzatik eta kulturgintzatik erantzutea; erakunde publikoetatik ere bai. Eta erantzuna elkarlanaren ondorioa bada, are eta emaitza hobeak lortuko ditugu”.
PROIEKTUAREN FASEAK
Ahize-AEK-ko Naroa Jauregizuria teknikariaren ikerketaren abiapuntua Mondragon Unibertsitatearen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan dago. Bertan egin zuen hiriguneetako gazteek euskararekiko eta euskarazko kulturarekiko duten harremanaren lehen hurbilketa. Oinarri teoriko hori praktikara eramateko, Ahize-AEK-k elkarlanerako hitzarmena sinatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiarekin.
Leioako hiru ikastetxetan 2018an egin ziren lehenengo hurbilketetan hasierako hipotesiak baieztatu ziren, eta euskararen zein euskarazko kulturaren sustapenean laguntzeko baliabideak behar zirela ondorioztatu zen. Ahize-AEKren eta aldundiaren arteko elkarlanak aurrera jarraitu zuen, eta Berritzeguneak ere inplikatu ziren hurrengo fasean. 43 irakasleren iritziak bildu ziren, eta 77 ikasleren ekarpenak ere jaso zituzten. Finean, unitate didaktikoa sortzeko prozesuan gazteekin elkarlanean aritu ziren hizkuntza aholkulariak.
2020 hasieran egin ziren pilotaje horiek lau ikastetxe hauetan: Getxoko Aixerrotan, Bilboko Gabriel Aresti eta Txurdinagako Lanbide Eskola, eta Portugaleteko Ballontin. COVID-19 gaitzaren eraginez, pilotajea bi fasetan egin behar izan zen, eta 2021 otsailean amaitu zen lanketa. Ikasleen ekarpenei esker joan dira unitate didaktikoaren hezurdura egokitzen, eta Ikastolen Elkarteak lanketa amaitzen duenean, azken pilotajea egingo dute Barakaldoko Minas ikastetxean. Horren guztiaren ondoren, lan tresna doan erabili ahal izango dute euskara eta euskarazko kultura gazteen artean sustatu nahi duten eragileek.
Duela hiru urte ezartzen hasi zen lehendabiziko plana amaitu da, baina, era berean, Osasunaren eta AEKren arteko hitzarmen berria sinatuta, bi erakundeek elkar hartuta segituko dute. C.A. Osasunaren estatutu sozialek dioten moduan, gaztelania eta euskara direla klubaren berezko hizkuntzak, eta, ondorioz, biak erabiliko direla normaltasunez jarduera guztietan. Bada, xede hori bat dator AEKren misioarekin: herritarrek eta eragileek, egunerokoan, euskara normaltasunez erabiltzea.
Gainera, oraingo abiapuntua bestelakoa da; azken hiru urteetan, Osasunak aurrerapausoak eman ditu eta horretan ari dira lanean. Hainbat eremutan euskararen presentzia eta erabilera areagotu da, baina argi dago oraindik ere lan handia dagoela egiteko, eta, beraz, beharrezkoa bezain pozgarria da AEKren AHIZE hizkuntza aholkularitzak gidatzen duen planaren berritzea.
AEKren Hizkuntza Aholkularitza zerbitzu AHIZE trebatze-saioak eskaintzen ari da Oiartzunen, LANIN egitasmoaren bitartez. Mezu elektronikoetan eta deien harreran trebatzeko bi ikastaro dira.
Enpresei zuzendutako urruneko euskara ikastaro laburrak egiten ari da, hilaren 10etik 21era. Ikastarootako parte hartzaileak telefono bidezko arretan eta mezu elektronikoen idazkeran trebatzen ari dira. Oinarria edukita ere, telefono dei bat jasotzeko edo egiteko unean edo eposta bat erantzuteko momentuan, euskaraz segurtasun handiagoarekin aritzea da ikastaroon helburuetako bat.
Egitasmoari buruzko informazio gehaigo Lanin egitasmoaren webgunean
Ez da LANIN egistamoaz hitz egingo dugun lehendabizikoa aldia. Orain, Oiartzungo lan munduan euskara sustatzeko proiektuan azaldu den ekimen berria aipatu nahi dugu. Izan ere, Oiartzun Irratiarekin elkarlanean, sortutatako podcasta estreinatu da berriki. Aste honetan, hain zuzen ere, Oiartzun Irratiko 'Arguyun' saioan. Lanin egitasmoaren barnean martxan jarritako saioa da, proiektuaren nondik norakoak Oiartzunen zabaltzeko asmoz. Zabalpena handiagoa izan dadin bloga ere sortu dugu, eta bertan podcastaz gain, gaiari lotutako berriak ere igotzen ditugu.
Hemen duzue podcastaren lotura: https://oiartzunlanin.eus/?p=49
Lehen saioan, hizkuntza-kudeaketa zergatik eta zertarako den garrantzitsu azaldu digu Mikel Urdangarinek. 20 urte inguru darama Ahize-AEKn hizkuntza-aholkularitzan, eta Lanin egitasmoan sorreratik ari da lanean.
Hemendik aurrera, podcasta hilero emititzen ahaleginduko gara.
Oiartzungo entitateei PuntuEus domeinua zabaltzeko erraztasunak emango dizkiete. Hitzarmenaren helburua herriko entitateen ingurune digitalean euskararen presentzia handitzea izango da. Horretarako, egungo egoera aztertuko da eta egoera ezagutu ondoren, euskararen erabilera handitzeko ekintzak planteatuko dira.
Hitzarmen hau sortu da AHIZE-AEK-k kudeatzen duen LANIN proiektuaren barruan. Izan ere, AHIZE-AEK Hizkuntza Aholkularitza euskara planak sustatzeko aholkularitza eta normalizazio zerbitzua eskaintzen ari da Oiartzungo enpresa txiki eta ertainetan. Udalak Lanin egitasmoa jarri zuen martxan duela urte batzuk, 50 langile baino gutxiago dituzten enpresetan euskararen erabilera handitzeko. AHIZE-AEK Lanin egitasmoaren garapenean ari da, eta oso pozgarria izan da testuinguru horretan, gure ekarpen eta bultzadaz urrats aitzindari hori ematea.
Soziolinguistika Klusterrak antolatuta, gazteen hizkuntza errealitatea aztertuko da Euskal Soziolinguistikaren 12. jardunaldian. Urriaren 28an egingo da, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan, eta goiz eta arratsaldeko egitaraua izango du. Ikusi hemen.
AEKren hizkuntza aholkularitza zerbitzuak, AHIZEk, parte hartuko du eta Maialen Beristain AHIZEkideak Eusliderrak egitasmoaren inguruan hitz egingo du. Hizkuntza-ohitura berriak sortzeko tailerra da. Xede du baliabideak eta erraztasunak ematea, euskara gehiago erabiltzeko.
Eusliderrak programa zertan datzan jakin nahi? Irakurri, irakurri hemen.
Eusko Jaurlaritzak LANHITZ dirulaguntza deialdia argitaratu berri du. Deialdi honen bidez, EAE-n, enpresetan euskara planak diseinatzeko eta garatzeko laguntza ekonomikoak eskaintzen dira. Interesa dakiokeen enpresa batean lan egiten baduzue, AEKren Hizkuntza Aholkularitza Zerbitzuarekin, AHIZErekin, harremanetan jar zaitezkete eta eskaera kudeatzen laguntzeko aukerak aztertuko dituzte.
Posta elektronikoa: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt