Edozein entitatek edo enpresak bere interes-taldeei (bezeroak, erabiltzaileak, bazkide edo jabeak, langileak, administrazio publikoak eta jendartea) entzuten jakin behar du, bai eta dibertsitate hori bere jardueran integratzen ere. Osasunaren kasuan, adibidez, bazkide konpromisarioek Estatutu berriak onartu zituztelarik, 2017ko martxoaren 23an, C. A. Osasunaren helburu sozialetako bat Klubaren jardueretan euskara eta gaztelania erabiltzea zela adostu zuten. Horregatik, orain, Zuzendaritza konpromisoa betetzeko ahalegina egiten ari da.
Aunitz aitzindu du epe labur honetan: webguneak eta sare sozialetako kontuak bi hizkuntzetan daude, newsletter-a euskaraz ere jasotzeko hautua egin dezakegu, bazkidetza online euskaraz zein gaztelaniaz berritzeko aukera eskaintzen zaigu, baita sakelakoetarako eta sarrerak erosteko aplikazioak ere, Sadarreko harmailetako errotulu berriak bi eletan dira ikusleak noiz bueltatuko zain, dagoeneko egin diogu zelaiari lehen bisita euskaraz, Osasuna aldizkarian Kolore Gorriz ataleko artikuluak, futbol-eskola eta -campusak gaztelaniaz, euskaraz edo mistoak... Hori guztia AEKren laguntzarekin eskainitako langileendako euskara-eskolak, itzulpen-zerbitzua, hizkuntza aholkularitza... Informazio gehiago nahi duenak 2020. urteko UdalTopen (Udaletako euskara-zerbitzuen topaketa) webgunean aurkituko du Osasuna egiten ari denari buruzko txostena, Mikel Erbitik, C.A. Osasunako kazetari elebidunak, idatzia.
Egindako lan horrek hiru oinarri izan ditu. Bat, dagoeneko aipatu dugu: bazkide eta erabiltzaileen eskaerek piztu dute beharra. Hori gabe ez ginateke hemen. Bi, langileak. Prozesua borondatean oinarritu da, helburuarekin bat egin duten langileen lana ezinbestekoa da, euskal hiztunak izan ala ez. Azken hauen ahalegina nabarmenduko genuke. Gainera, zorte handia izan dugu, une honetan, talde nagusietako entrenatzaileak eta kapitainak elebidunak direlakoz. Eta hiru, aitzinera egiteko baliabideak mugatuak izanik ere, jarduera giltzarrietan inbertitu da. Oso garrantzitsua izan da kazetari elebidun bat kontratatzeko hartutako erabakia. (Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari planari emandako laguntzagatik).
Taldearen sortzaileek oso argi izan zuten izena euskaraz izanen zela, duela 100 urte, Nafarroan, giro euskaltzalea bizirik zegoenaren seinalea; eta bizirik jarraitzen du, bazkideek eta erabiltzaileek Osasunak euskaraz ere egin dezan nahi dutelakoz. Aunitz dugu oraindik egiteko, eta denen laguntza behar dugu. Horregatik, bazkide, zale eta erabiltzaile euskaldunak animatu nahi ditugu zerbitzuak euskaraz erabiltzera eta hobekuntzak proposatzera. Zuendako ari gara, eta elkarrekin eginen dugu.
Oianko Garde Jaunsarasek eta Mikel Urdangarin Monterok (AHIZE-AEK hizkuntza aholkularitza) idatzitako iritzi-artikulua
Osasunak euskaraz jarduera asko eskaintzen ditu. Zerrenda: