«Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka» kanpainaren 7. edizioa ate joka dugu dagoeneko, eta aurtengoa berrikuntzekin dator. Larunbatean, urriaren 12an, Agerraldia aurkeztu zuten Tafallan, aurrerantzean hizkuntzaren ezagutza zabaltzea, erabilera handitzea eta aldekotasuna indartzea izango du xede. Bestalde, aurtengo kanpainaren bigarren berritasun nagusia eskaintzaren berrikuntza izango da: 50€ko saski biren planteamendutik, izaera eta prezio desberdinetako hiru saskira pasatuko da. Beltza, betiko saskia izango da, 50€ren truke jaso ahal izango dena. Berdea 60€tan eskuratu ahal izango da, bistan denez, produktu ekologikoz osatua. Saski zuriak —berezia— 70€ko balioa izango du; gabonetako saski baten tankerakoa egin nahi izan dute, formatik bertatik ere besteetatik desberdinduz. Eskaerak azaroaren 20ra arte egin ahal izango dira.