Lanabes egitasmoaren baitan kokatzen da Eskuara egitasmoa, eta Arabako Enpresen XI. Foroan egin dute sinadura ekitaldia. Enpresen foroan ikasleen praktikaldien inguruko mahai ingurua egin dute, eta bertan izan dira Lanabesek banatzen dituen Euskarazko Lanbide Heziketa Duala sarietako bi saridunak. AEKren hizkuntza aholkularitza Ahizek ematen du zerbitzua.
Arabako enpresetan euskara erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute lurraldeko 24 enpresek Eskuara zerbitzuarekin hitzarmena sinatuta. Lanabes egitasmoaren barruan kokatzen da zerbitzua, eta gaur goizean, abenduak 11, egin dute sinadura ekitaldia Arabako Enpresen XI. Foroan. Honako enpresa hauek sinatu dute hitzarmena Eskuara-rekin: Adigrafik, Aenkomer, Aiaraldeko Faktoria, Angostoko Kanpinga, Asafes, Ciudad Jardin, Ediren, Egibide LH, Eraiken LH, Eska Hiunday, Galemys, Gamarra LH, Grafik Sarea, Idarte LH, Irsearaba, Iza, Laudioalde LH, Mendizabala LH, Metaposta, Mutualia, Sartu Araba, Sirimiri, Tartekamedia eta Uriarte.
Araban arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa da Lanabes, eta horren barruan kokatzen da Eskuara zerbitzua: doako aholkularitza ematen diete enpresei euskararen presentzia areagotzeko. 2023ko irailean aurkeztu zen, eta ordutik harremanak egiten aritu dira bertako aholkulariak 24 enpresa horiekin, eta zerbitzua eskaintzen: barne dokumentazioak euskaldundu dizkiete, langileen artean euskara erabiltzeko dinamikak abiatu, sare sozialetan euskara erabiltzen hasi, hizkuntza irizpideak zehaztu, ikasleen praktikaldian euskara erabiltzeko neurriak hartu... Proiektua Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatzen du, eta zerbitzua Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak ematen du.
Erakunde horietako guztietako kideak egon dira foroan. Ekitaldiari harrera egin diote Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak eta Saray Zarate Fernandez Arabako Foru Aldundiko Landa, Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren saileko foru diputatuak. Eskuara zerbitzuarekin bat egin duten enpresei aitortza egin die, bestalde, Zarate Fernandezek eta Iñaki Gurtubai Artetxe Berdintasun, Euskara Eta Gobernantza Saileko foru diputatuak.
Eskuara zerbitzuarekin hitzarmena sinatu duten 24 enpresa horiena izan da goizeko argazki nagusietako bat, baina enpresa horiez gain, beste hainbat ere bertaratu dira Gasteizko Europa jauregira. Denetara 40 enpresetako ordezkariak gerturatu dira Arabako Enpresen XI. Forora. Euskara eta lan mundua uztartzen dituen topagunea da honakoa, eta bertan praktika onak aurkeztu dituzte: Iza igogailuak enpesako ordezkariak eta Mutualiakoak ere hitz egin dute. Lehenengoak hasi berriak dira euskararen erabilera areagotzeko lanketa egiten, eta bigarrenek urte asko daramatzate hizkuntzak kudeatzen. Biek ala biek nabarmendu dute euskararen erabilera areagotzearen beharra eta premia.
Baina lan mundua euskalduntzeko bidean, ezin ahaztu behar da Lanbide Heziketaren eta praktiken katebegia. Lanabes egitasmoak Euskarazko Lanbide Heziketa Duala sariak banatzen ditu, eta Arabako Enpresen XI. Foroan izan da aurtengo saridunetako bat: Ane Sesmilo Cruz nabarmendu ditu praktikaldia euskaraz egiteak ekarri dizkion onurak, eta horrek enpresari ematen dion balio erantsia. Izan ere, enpresetan hizkuntza aniztasuna kudeatzen denean besteengandik bereizteko balio dutela esan du, eta horrez gain, baita enpresa kokatzen den errealitatearekin egokitzea ere. Praktiketako ikasle sarituarekin batera igo dira taula gainera Joseba Koldo Gartzia Hontz Extrem-eko enpresaria, bertan praktikak egin zituen Mikel Nevado eta Xabier Mendiguren Ciudad Jardin ikastetxeko kidea.
Hitzartze horren ondoren, forora bertaratu diren 40 enpresetako ordezkariak taldetan banatu dira, eta taula gainean esandakoaren inguruko hausnarketa egin dute. Praktikaldiak euskaraz egiteko elkarlana sustatuz. Arabako Enpresen Foroa ere hori baita: lanketarako gune bat.
Jarrai dezagun Arabako arlo sozioekonomikoan euskara txertatzeko pausuak ematen!