Euskararen normalizazio eta biziberritzeak erronka handia du esku artean. Eta bultzada sozial handia beharko da erronka hori euskararentzako aukera bihurtzeko. Iazko Euskararen Egunaren testuinguruan, urrats bat aurrera egin eta larrialditik indarraldira bideari ekiteko beharra aldarrikatu genuen Kontseiluko bazkideok, eta 2025a euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat urte garrantzitsua izango dela iragarri genuen.
Alde batetik, akordio soziopolitiko berri bat bideratzeko lanean sendo ari garelako eta lehen emaitzak badatozelako. Zentzu horretan, erakundeei, eta eragile sozial eta politikoei dei egin genien euskararen auzia, euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politikoaren lehen lerrora ekartzeko, lehentasunetan jartzeko, egiturazko arazoei erreparatzeko.
Bestetik, herritarrak gonbidatu genituen euskararen normalizazio eta biziberritzeak behar duen arnasa berri horren kide eta bultzatzaile izatera. Abendurako ekimen sozial handi baten proposamena egingo genuela iragarri genuen.
Hain zuzen ere, horretara gatoz: herritarrei egindako gonbidapen hura berritu eta zehaztera. Sinetsita gaude euskarak behar duen Pizkunde berria gure historia sozial garaikideko beste kinka larrietan bezala herritarren kidetza eta bultzadatik etorriko dela. Horregatik, 2025eko abenduaren 27an milaka euskaltzale batuko dituen ekitaldia egingo dugu Bilbon, Bilbao Arenan, euskarak behar duen indarraldia gorpuzten hasteko lehen urratsa. Ekitaldi hori Pizkunde horretarako bidean etorriko diren beste mobilizazio batzuen abiaburu izango da, eta garrantzitsua da lehen urrats hori sendo ematea.
Bagoaz larrialditik arnasa berritzera. Elkarrekin egingo dugu bidea.
Albistea osorik Kontseiluaren webgunean.