AEK-k REGCONen (Registro y Deposito de Convenios Colectivos, Acuerdos Colectivos de Trabajo y Planes de Igualdad) erregistratu du bere II. Berdintasun Plana. Hurrengo lau ikasturteetan garatuko da, AEKren eguneroko funtzionamenduan ikuspegi feminista txertatzen jarraitzeko asmoz. Duela bost urte diseinatutako lehen planarekin abiatu zen bideari segitu nahi zaio horrela, erakundeko kideen berdintasuna bermatuko duten neurriak hartu eta horiek AEKren eguneroko jardunean ezartzeko.
Hortaz, xede hauek, besteak beste, lortu nahi ditu AEK-k II. Berdintasun Planaren bitartez: AEK-ko langile guztiak eguneroko jardueran emakume* eta gizonen arteko aukera eta tratu berdintasunari buruzko kontzeptuak barneratzeko eta transmititzeko gauza izatea; erakundeko langileek lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko dauden neurriei eutsi eta etorkizunean sor daitezkeenei bide ematea; erakundeko lan hautaketan, promozio arloan eta soldatetan sexu arrazoiengatik diskriminaziorik gertatzen ez dela bermatzea; genero ikuspegia duten lan arriskuen prebentziorako politikak ezartzea, amatasunaz, aitatasunaz eta edoskitzeaz harago...
Eta, nola ez, lantokian gerta litezkeen jazarpen sexual eta sexisten kasu eta egoerak aurreikustea, horiek antzeman eta desagerrarazteko.