Atzo, abenduak 2, Igo Bolumena! Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik jardunaldia izan zen, AEKren Hizkuntza aholkularitza AHIZEren eskutik. Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean, 130 bat lagun elkartu ginen.
Streaming bidez emititu zen. Ikusi nahi duenak hemen dauka osorik.
Jardunaldian, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean sortutako Damolat ikas-unitatea (gazteei zuzenduta) ere aurkeztu eta banatu zen. Webgune honetatik deskargatu daiteke, hemendik. AEK-AIZU!k Landako Gunean (Goienkale, 23) izango duen standean ere paperean eskuratu ahal izango da (ale batzuk egongo dira).
Eskerrik asko parte hartu zenuten hizlari eta lagun guztioi!
1981eko abenduko Durangoko 16. Disko eta Liburu Azokan aurkeztu zuten AIZU! aldizkariaren 0. zenbakia. Euskara ikasten ari zirenei beren ikas prozesuan laguntzeko euskara errazean idatzitako aldizkariaren aurkezpena xelebrea izan zen, aldizkaria baino, aldizkariaren azalaren kopia eraman baitzuten AIZU!ren sortzaileek. Berrogei urte geroago, euskara ikasleentzako aldizkariak, AEK-k argitaratzen duenak, jaio zen toki berean ospatuko du urtebetetzea, Durangoko Azokan.
40. urteurrenaren ospakizuna 2021eko urtarrilean hasi genuen: hilero, AIZU!ren historiaren pasarte garrantzitsuenak argitaratu ditugu aldizkarian. Horrez gain, irailean, aldizkariaren diseinu berria eta webgune berritua (aizu.eus) ipini genituen martxan, eta harpidetza digitala egiteko aukera ere zabaldu genuen. Alabaina, abenduarekin batera etorriko da ospakizuneko une nagusia. Hala,Durangoko Azokan 462. zenbakia aurkeztuko dugu, berezia. Izan ere, ohi baino orri gehiago izango ditu, guztira 68, eta eduki aldetik ere ez da ohikoa izango:
- Ez da hain fazila atalak 20 orri izango ditu, 12 beharrean, irakurleei denbora-pasa eta ariketa gehiago eskaintzeko.
- Ohiko edukiak eta bereziak tartekatuko ditu. Lehenengoen artean, Durangoko Azokari buruzko erreportajea, elkarrizketa laburrak, kultur orriak, albiste laburrak... Era berean, AIZU!ri erreparatuko diote beste hainbat orrik: AIZU!n aritutako irudigile eta artistek egindako zorion postalak, aldizkariari berari elkarrizketa, irakurle eta ikasleen iritziak...
- Irakurleei esker ona agertzeko, lehiaketa berezia eta opari gehiago.
Aldizkariaren ale solteak erosteko edota harpidetza egiteko aukera izango da Azokan bertan, AEK- AIZU!k Landako Gunean (Goienkale, 23) izango duen standean. Harpidetza egiten duenak, gainera, prezio berezia ez ezik, oparia ere izango du oraingoan: Patxi Huarte Zaldieroak marrazturiko poltsa
polit askoa.Landako guneko standean izango direnez gain, beste hitzordu bat ere badugu Azokan: abenduaren 7an, 16:30etik 17:30era, Talaia-Musika Eskolan, aldizkariaren aurkezpena egingo dugu, mahai-inguru batekin batera. AIZU! aldizkaria, 40 urte euskara ikasleak hezten eta irakurleak hazten izenburupean, Gotzon Hermosilla Berria-ko kazetaria, Maider Irurozki AEK-ko didaktikari eta irakaslea, eta Belen Rufz euskara ikaslea solasean ariko dira aldizkariaren helburu eta eginkizunen gainean.
Nolanahi ere, eta 40. urtemuga Azokaz harago luzatzeko, aldizkaria bera ezagutarazteko kanpaina berezia ere egingo dugu abendu osoan. Horretarako, Harrapatu aukera! lelopean, AIZU!ren ale bat (2022ko urtarrilekoa) doan eskuratzeko aukera eskainiko diogu hala nahi duen euskara ikasle orori. Horretarako, aizu.eus webgunera jo eta aldizkaria paperean edo PDF formatuan jasotzeko eskaria egin beharko dute. Horrela, euskara ikasleentzako beren-beregi egindako aldizkaria ezagutzen ez duenak bertatik bertara ezagutu ahal izango du AIZU!ren eskaintza.
2021-11-25
Emakumeon* aurkako biolentziak baditu mila aurpegi, hamaika forma. Leku eta espazio guztietan dago presente.
Gainera, etengabe, indarkeria horren ardura eta errua emakumeon gain jarri gura izan dituzte: mozkortzeagatik, gauez kalean bakarrik ibiltzeagatik, gure emozioak erakusteagatik, lanean kasu egin diezaieten exijitzeagatik, haserretzeagatik, ustez probokatzeagatik... Emakumeon* gorputzak emakumeonak dira, beti!: parrandan, etxerako bidean, ohean, lantokian, etxean, kirola egiten, kalean edota bileretan, edonon! Hortaz, nori egotzi behar zaio biolentzia horren gaineko ardura osoa? Bestela esanda: nork hartu behar du erantzukizuna bere gain, ERASOTUAK ala ERASOTZAILEAK?
Bada ordua gizonek beren ardura onartzeko, erasotzaileek beren ardura har dezaten! Erasotzaileak eta haiek babesten dituztenak dira arduradun bakarrak.
Beraz, dagokigun lekutik, eskatzen dizuegu sexismoaren aurkako jarrera irmoa har dezazuen. Erasotzaileen lagunak izanik ere, ez zaitezte izan sekula konplize; are gehiago: har iezaiezue kargu, dudarik gabe. Gizonok, erasoak soilik besteen kontuak balira bezala ikusi ez ezik, zeuen jarrerak aztertu eta eguneroko gertaerez hausnartu ere egin behar duzue.
Nahiz eta eraso sexisten aurrean beldurra erraietaraino sartu, argi utzi nahi dugu ez dugula gehiagorik onartuko. Egoera izugarria izanik ere, ahaldundu gaitezen eta joka dezagun irmo: zaindu dezagun elkar.
Ez dugu eraso bakar bat ere gehiago onartuko.
Euskaraz Koop. S.ren Estatutu Sozialetako 31. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Artezkaritza Kontseiluak Euskaraz Koop. S.ren Batzar Nagusi Berezirako deialdia egin du.
DEIALDIA
Eguna 2021eko abenduaren 16a
Tokia: GASTEIZko Judimendiko Auzo Elkartea
Ordua: Lehen deialdia 10:00ean.
Bigarren deialdia: 10:30etan
GAI ZERRENDA
Lehena.- Batzarreko idazkaria eta akta onartzeko bi bazkide izendatzea.
Bigarrena.- Estatutuen 57. artikuluaren berridazketa proposamena aztertzea eta hala balegokio, aldaketa proposamena eta testu bategina onartzea.
Hirugarrena.- 2021-2022 ikasturtean erreserba funtsa hornitzeko bazkideen nahitaezko ekarpena. Zenbatekoa eta prozedura onartzea.
Laugarrena.- Galde-eskeak.
OHARRA: Bazkideei jakinarazten zaie, Euskadiko kooperatiben legearen 24.4 eta 78.1c artikuluetan zedatutakoarekin bat etorriz, bazkide guztiek dutela eskura kooperatibaren egoitza sozialean eta barne sarean estatutuen egokitzapen proposamenaren justifikazio-txostena.
Lehendakaria
Aitziber Balantzategi Ibargoitia.
Bilbon, 2021eko azaroaren 29an.
Azaroko AIZU! iritsi zaigu! Askotariko gaiak oraingoan ere, eta tartean Maite Larbururi eta Iñigo Llopisi elkarrizketak; 'Guernica' Gernikara egitasmoa; AIZU!-k 25 urte bete zituenekoa; Kapilduiko radarra, eguratsaren behatzailea; mursien herria ezagutzen...
Hainbat eduki, denborapasa, komiki... irakurketaldi goxo bat eusakraz burutzeko!
Urriaren 23an, larunbatarekin, eta ohiko Ablitaseko auzolanarekin batera, Euskarari Puzka kanpaina abian jarri zen. Aurten ere 3 saski izanen da eskuragarri eta saski hauen salmentaren %25a euskalgintzako proiektuetara bideratuko da.
Saski hauei esker, Errigora jaio zenetik, 2013tik, 1.400.000 euro baino gehiagoko ekarpena bideratu da Nafarroako hegoaldean herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera, gure kasuan ikasleendako bekak sortzeko erabili dugu ekarpenaren zati bat.
Esan bezala, udazkeneko kanpaina honetan 3 saski izanen da: saski beltza (55€), Errigoraren saski klasikoa, saski berdea (65€), ekologikoa, eta saski zuria (75€), berezia. Aurten, saski bakoitzean egutegi bat gehituko da, Errigoraren eta Agerraldiaren argazkiak eta informazioa jasoko dituena.
Herriak egiten du herria!!
AEK-k hartu du Soziolinguistika Klusterraren lehendakaritza, bazkideen artean egiten den txandakako sistemari jarraituz. Ordezkari gisa, Mertxe Mugika izendatu dute.
Aldaketak eginda eta ardura banaketa berrantolatuta, gaur egun honako osaera du Soziolinguitika Klusterraren Zuzendaritzak:
Euskaraz Kooperatiba Elkartea (AEK) (Lehendakaria) – Ordezkaria: Mertxe Mugika
Euskaltzaleen Topagunea (Lehendakariordea) – Ordezkaria: Jasone Mendizabal
Elhuyar aholkularitza (Diruzaina) – Ordezkaria: Maddi Etxebarria
Gipuzkoako Urtxintxa Eskola – Ordezkaria: Maite Asensio
ARTEZ Euskara Zerbitzua – Ordezkaria: Estiñe Astorkia
Emun Kooperatiba Elkartea – Ordezkaria: Anaida Agirre
Mondragon Unibertsitatea – Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI Koop. E.) – Ordezkaria: Eneritz Garro
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) – Ordezkaria: Miren Segurola
Eusko Ikaskuntza – Ordezkaria: Ibon Manterola
Soziolinguistika Klusterra (Bulego teknikoa) – Ordezkaria: Asier Basurto
Soziolinguistika Klusterraren zuzendaria (Idazkaria) - Imanol Larrea
Aurten ere, AEKren Praktikatu zerbitzuak hainbat aukera eskaini nahi dizkizu: astean behin mintzataldean bildu eta patxadaz hitz egin; Gurasolagun egitasmoko tailerrak; bestelako jarduerak, hitzaldiak, txangoak, irakurzale-klubak... Beraz, interesik baduzu, eman izena, zabalik dago-eta horretarako epea. Primeran sentituko zara denetan zure helburua beteta: euskara praktikatzea eta lagun berriekin euskaraz egitea
Oraindik ere ezohiko egoeran jarraitzen dugunez, pandemia dela eta, beharrezko prebentzio-neurri guztiak hartuko ditugu mintzapraktika taldeetan eta ekitaldi guztietan. Horrez gain, aurrez aurreko eskaintza osatze aldera, urriaren amaieran ONLINE taldeetan parte hartzeko aukera luzatuko dugu.
Hortaz, gure eskaintza erakargarria iruditzen bazaizu, jo euskaltegira, euskara-elkartera edo euskara-zerbitzura edota bete fitxa hau.
Datorren asteazkenean, hilak 15, inaugurazio ekitaldia izango da, arratsaldeko 18:30ean hasita.
Ikasturtea hastear, irakasleak azken ukituak ematen ari zaizkie datozen urteetan lantoki izango dituzten lokalei. Izan ere, euskaltegi berria hiru esparruz osatuta dago, Zuberoa kaleko 16. eta 18. zenbakien artean: erdikoan, harrera tokia, bulegoa, irakasleen gela, tutoretza gela eta ikasgela bat egongo dira; ezkerrekoan, hiru ikasgela; eta eskuinekoan, hainbat aukera eskaintzen dituen areto handia, garbia. Lokalak barrutik ez daude lotuta, baina kanpoan estalpe ederra dutenez, batetik bestera erraz eta eroso ibili ahal izango dira ikasleak zein irakasleak. Euskaltegi berria Araba kalean zegoen egoitza zaharretik hurbil dago, eta Zarauzko Udalak 25 urterako egindako lagapenari esker eskuratu du AEK-k, obrak egitearen truke.
Argazkia/informazioa: AIZU! aldizkaria
Urte honen amaieran, AIZU! aldizkariak 40 urte beteko ditu, eta dagoeneko, ospakizunerako, irail-urriko 460. alean, jantzi berria dakar soinean. Berrogeigarren urteurrena beteko duen honetan, urtebetetzeari dotore heldu nahi izan diogu, aldizkariaren itxura goitik behera aldatuta. Hori gutxi balitz, guztiz eraberritu dugu www.aizu.eus webgunea ere bai. Euskara ikasten ari diren horientzat oso lagungarria da AEK-k hilero argitaratzen duen aldizkaria. Haiek doan jasoko dute gure euskaltegietan. Etxean jaso nahi izanez gero, harpidetza egin dezazu edota... Liburudenda eta kioskoetan eskura dezakezu!
AIZU!rekin irakurriz gozatu eta gozatuz ikasi!!
Dagoeneko, hondartzan, igerilekuan, euskaltegian edota beste edozein lekutan irakur dezakezue, ziur udako arratsalde edo goiz pasa atseginagoa izango duzuela!
Eduki interesgarriz beteta dago, besteak beste, Erik Jaka pilotariari zein Dom Campistron Ilustratzaileari egindako elkarrizketak eta etxetik oso urrunera jo gabe, udara pasatzeko plan bikainak.
On egin eta uda on!!
Duela 50 urte Rikardo Arregik idatzitako gutuna gogoan, AEK-k eskutitz bat helarazi die, datozen urteetan euskalduntze mugimendua sendotzeko garatu beharreko arloak zein diren adierazteko; halaber, hitzordu bana eskatu die, gogoetak partekatzeko.
Dinamika otsail erdialdean jarri zen abian, hainbat ardatz zituelarik, baina batik bat aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. Martxoaren 28an Euskal Herriko 90 bat herritan ekitaldiak antolatu ondoren, agintari politikoengana jotzeko unea iritsi da orain. Argi dago oraindik lan handia dugula egiteko; beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezko, baldin eta jendarte euskalduna amets badugu. Horretarako, euskaltegi sendoak behar ditugu, Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko aukera emateko baldintza egoki guztiez hornituta; alta, helburu hori bete ahal izateko, EAEko, Nafarroako eta Ipar EHko administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaio arloari, ezinbestean.
Bide horretan, AEK-k nabarmendu nahi du EAEko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak orain gutxi Herri Ekimeneko Euskaltegi Sarearen finantzaketa egonkortzeko eman duen pausoa, baliagarria izango da-eta hurrengo urteetan sektorea indarberritzeko.
Hemendik aurrera, AEK-k abiapuntuko proposamena partekatuko du administrazio publiko guztiekin: Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza politika Saila eta HABE, Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentua eta Euskarabidea, eta Euskararen Erakunde Publikoa; AEKren ustez, unea iritsi da Helduen Euskalduntzea benetan normalizatzeko eta langintza horretan nahitaezko diren beste zenbait esparrutan ere eragiteko. AEK Euskal Herri osoan aritzen da, eta, hortik abiatuta, lanketa bateratu baten beharra aldarrikatzen du; era berean, lurralde bakoitzeko administrazio(ar)en errealitatea aintzat hartuta, orain arte egindako urratsak tartean, berariazko lanketa egin nahi du administrazio bakoitzarekin.
Bilera-sorta amaituta, AEK-k horien balorazioa egingo du, etorkizun hurbilean euskalduntze-mugimenduak zer-nolako baldintzak izan behar dituen lau haizeetara zabalduta.
Iazkoa aurtengo urtera atzeratu ostean, maiatzaren 21etik 29ra egingo da Ar Redadeg bretoieraren aldeko lasterketa. Pandemiak eragotzi zuen iaz, eta urteon ere guztiz baldintzatuko du. Osasun neurriak zorrotzak izanik ere, ekimenari eustea erabaki dute antolatzaileek, bi urtez jarraian atzeratzea eutsiezina zaielako. Izan ere, Ar Redadegen bildutako dirua bretoiera bultzatzeko eta zabaltzeko hainbat egitasmori laguntzeko baliatzen dute. Ondorioz, unean uneko osasun neurriei erabat egokituta egingo dute. Esaterako, korrikalariek elkarri ematen dioten lekukoa ez da eskuz esku ibiliko, baizik eta lasterketan doan antolatzaileen furgonetan. Korrikaldia izan bitartean antolatzen diren ekitaldiak ere bertan behera utziko dituzte. Une oro indarrean diren osasun neurriak beteko dituztela berretsi dute antolatzaileek. Gainera, egoera zaildu egiten bada eta errepidera ateratzea debekatzen badiete, Ar Redadeg modu birtualean egingo dute. Oraingoz, eta baldintzak okerrera egin ezean, maiatzaren 21ean abiatuko da Karaeztik (Carhaix), eta 29an amaituko Gwengampen (Guingamp). Korrika oinarri hartuta, 2008an egin zuten lehenbizikoz Ar Redadeg. Ordutik, bi urtean behin antolatu dute, iaz izan ezik. Ondo bidean, datorren urtean ere egingo dute.
AEK-KORRIKAren ordezkariek ere breotieraren aldeko lasterketan parte hartuko dute. Izan ere, kilometroa egingo dute hilaren 28an, ostiralarekin.
Artxiboko irudia
Maiatzeko AIZU! kalean! Manu Muniategiandikoetxeari eta Haizea Martiarturi elkarrizketak; Ortuella Jendea taldea, herritarren futbola herritarrentzat; bortuetako larre-suak; Anbotoko Mariri soa; AIZU! bete komiki; Bizipoza sareko elkarteen lana...
Albiste laburrak, komikiak, iritzia, denbora-pasak... eta gehiago AIZU! aldizkarian.
Gaur, apirilak 17, Durangoko Landako guneko hitzaldi aretoan, eguerdiko 12etan, egingo duten agerraldi publikora AEK ere gonbidatu dute, eta bertan bi Artezkaritzakide azalduko dira: Aitziber Balantzategi eta Iñaki Urkijo.
Pantailak, euskaraz!
"Batu dezagun euskara" (KORRIKA berezia) lana estreinako dute gaur, hilaren 31, gaueko 9:30ean, euren youtube kanalean.
Aurten ere, Festaroko lagunek KORRIKA "sinboliko" bat egin nahi izan dute Nafarroa osoan zehar; KORRIKAren lekukoa hartuta, zona bakoitzean euskararekin zerikusia duten erakundeak edo entitateak"KORRIKA" egiten jarri dituzte. Lekuko barruan mezu bat ere joan da, eta guri, AEK-kooi, hori idazteko aukera eman digute; egon adi!
Ikusi hemen
AEK-k 80 ekitaldi baino gehiago egin ditu, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin. Euskal Herriko herrialde guztietan izan dira, eguerdiko 12etan, ekitaldi xumeak, ordu erdikoak, unean uneko osasun-neurrietara zeharo egokituak. Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara! izeneko dinamikaren barruan antolatu diren ekitaldiak dira, aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. AEKren mezua izan dute ardatz (deskargatu hemendik, irakurri hemen)
• Euskaltegiek mende erditik gorako ibilbidea egin dute, eta, poztasunez, esan behar dugu ondorio emankorrak sortu dituztela; gaur, alde batetik, nabarmendu nahi izan dugu, bereziki, aurten ere euskaltegietan ari diren irakasleen eta ikasleen ahalegina.
• Argi dago oraindik lan handia dugula egiteko: beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezko jendarte euskalduna amets badugu. Euskaltegi sendoak behar ditugu, Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko aukera emateko baldintza egoki guztiekin. Horretarako, ezinbestean, EAEko, Nafarroako eta Ipar EHko
administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaio arloari. Herritarren nahiz mota guztietako eragileen bultzaden ondorioz, agintari politikoak mugiarazi nahi ditugu. Apirilaren amaieran, Bultza euskaltegiak! dinamikaren barruan, gutun bat helaraziko diegu Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan
euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota.
• Era berean, Azken urtean bizi izan dugun eta bizi dugun egoera korapilatsuak ez digu utzi euskararen aldeko ekimenik garrantzitsuena aurten egiten. Korrika atzeratu dugu, baina ez dugu bertan behera utzi; eta, gainera, azpimarratu behar dugu oraindik ere nahitaezkoa dela duela 40 urte jaio zen ideia ero eta zoragarri hura gauzatzea. Hortaz, AEKn buru-belarri ari gara lanean datorren urtean 22.KORRIKA egin ahal izateko.
22. KORRIKA inoiz baino beharrezkoagoa izango da, eta guztion guztion bultzada beharko dugu. Ziur gaude babes erraldoia jasoko dugula. Apuntatu data: 2022ko martxoaren 31tik, apirilaren 10era.
ESKERRIK ASKO BULTZADAGATIK, EUSKAL HERRIA!!
Bultza euskaltegiak. Bultza euskara! Egizu ekarpena kanpainak ere zabalik segitzen du. KORRIKA atzeratzeak zuloa eragin du AEKren aurrekontuan, eta zorpetze horri aurre egiteko herritarren sostengua jaso nahi dugu. Ekarpenak AEKren webgunean egin daitezke, hainbat eratan.
Azkenik, mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat ere jorratzen ari gara. Gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako helduen- euskalduntzean.
ICML kongresuaren aurtengo edizioa hasi da, eta Bilbon izatea espero genuen, baina azkenean ICML XVIII online izango da. Gainera, prestaketaren hastapenetan, aurreikusten zen 22. KORRIKAren edizioarekin bat egitea, Biltzarrak parte hartze berezia izatea, KORRIKA Bilboko kaleetatik pasatzen zen bitartean. Azkenean, tamalez, pandemiak guztiz baldintzatu du hasierako asmoa
Hala eta guztiz ere, AEK/KORRIKAren isla izango da egitarauan; batetik, KORRIKAren erakusketa birtuala eta ikus-entzunezkoa kongresuan parte hartuko dutenen esku egongo dira, eta, horrez gain, KORRIKAri buruzko ponentzia bat egongo da.
Kalean da hilabete honetako AIZU! aldizkaria eta gure ikasleek egunotan doan jasoko dute euskaltegian. Harpidetza egin nahi duenak ere aukera ederra dauka. Bestela, kioskoan eskuratzea dago.
Azalean eta elkarrizketa nagusiaren protagonista Miren Basaras dugu, mikrobiologiako irakasle titularra EHUn. Joseba Larretxea 'Josevinsky' marrazkilariarekin ere mintzatu dira arin-arin atalean AIZU!ko lagunak.
Erreportajeak, lehiaketak, komikiak... albiste laburrak eta gehiago topatuko dituzu. Euskara ikaslea edo irakaslea bazara, baliagarria izango zaizu AIZU!. Izan ere, euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez dutenei begira idatzita dago.
On egin!!
2021eko urtarrilaren 26 · 26 de enero de 2021.
Berez, bai, irakasleak berak ematen dien dokumentuaren bidez egiataztuta. Euskaltegian galdetu, zalantzarik edukiz gero (Euskal Autonomia Erkidegoan)
Azken erabakien gaineko ohiko galderei ematen dieten azken eguneraketan, 70. galdera euskaltegien gainekoa da eta ikasleak euskaltegitara joan daitezkeela jaso dute.
"70. Joan naiteke ikastera bizitoki dugun udalerrian ez dagoen zentro, akademia edo euskaltegi batera? Nola justifikatuko dut?
Egoera hori berariaz jasota dago urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1.cartikuluan, hau da, Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta ikastetxeetara joatea, hezkuntza-eskolak barne. Baliozkoa eta nahikoa den edozein dokumenturen bidez egiaztatu ahal izango da"
-------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
En realidad, sí, verificado mediante el documento que les facilita el propio profesorado. Pregunte en el euskaltegi si tiene alguna duda (En la Comunidad Autonoma Vasca)
En la última actualización que dan a las preguntas habituales, la pregunta 70 es sobre los euskaltegis y han recogido que los alumnos y alumnas pueden acudir a los euskaltegis.
"70. ¿Puedo ir a estudiar a un centro, academia o euskaltegi que no esté en el municipio de residencia? ¿Cómo voy a justificarlo?
Esta situación se recoge expresamente en el artículo 6.1.c. del Real Decreto 926/2020, de 25 de octubre, es decir, la asistencia a universidades, centros educativos y centros educativos, incluidas las escuelas educativas. Podrá acreditarse mediante cualquier documento válido y suficiente "
Lander Garrori eta Kai Nakairi elkarrizketak; energia berriztagarriak Arabako herrietan; Behorlegin, autosufizientziaren bidean; Ondarroa zineman eta telebistan; AIZU! aldizkaria, 40 urte betetzear; podcasten ekoizpenari buruz berbetan...
Askotariko gaiak jorratu dituzte urtarrileko AIZU! aldizkarian.
Gozatu euskaraz irakurtzen!!
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt