Ohorezko ate irekiera eta zinta mozketa egokitu zitzaion larunbatean AEKri Zeid Fest Gaztea 2025 jaialdian, BEC!en. AEK-ko Nazio Kontseiluko Lurdes Etxezarreta, eta Barakaldoko AEK-ko zuzendari den Argiñe Sangradorrek hartu zuten hitza ateak zabaldu aurretik.
BEC-en atarian bildu zen AEKren ordezkaritza goizean goiz, eta Kittu elektrotxarangaz lagundurik, Zeid Festeko pabilioi sarrerara hurbildu zen musika doinuekin: "Araban bagare", "Euskal Herria Korrika", "Bizi ganoraz", "Guk euskaraz" eta "Euskaldu berriaren balada" kantekin AEK kideak izan ziren lehenak BEC musikaz blaitzen.
Lurdes Etxezarretak aipatu legez, AEKn ohituak gara omenaldiak egiten, baina ez hainbeste jasotzen. Halere, biziki eskertu zuen: AEKren xedea Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea da, eta Zeidfest Gaztea jaialdiak horretarako aukera ematen du: euskal musikaz, giro onean, eroso, aske eta, jakina, euskaraz aritzeko gune horietako bat da, dudarik gabe, jaialdi hau. Eskerrik asko, beraz, gu aintzat hartzearren eta gure ikasleei, irakasleei eta euskal herritarrei, oro har, musikaz euskaraz eroso gozatzeko aukera paregabe hau eskaintzeagatik.
Argiñe Sangradorrek, bestalde, zinta mozketa egiteko ohorea izan zuen, eta Ezkerraldeko euskararen egoerari heldu zion: "Sarri egiten dugu berba euskararen arnasguneei buruz; bada, zorionez, hauen guztien ahaleginari esker, gero eta ohikoagoa da Barakaldon, eta Ezkerralde osoan, arnasguneak topatzea, alegia, euskaraz eroso bizitzeko guneez gozatzea".