Egiazko hizkuntza politika eta baliabideak aldarrikatuko dituzte. Frantziak euskarari ezartzen dizkion oztopoez gain, tokiko erakundeak ere kritikatu dituzte. Batetik, Azterketak euskaraz egitearen aldarrikapena ezarri dute lehen lerroan euskalgintzako eragileek. Bestetik, gainerako arloetan dituzten zailtasunak ere aipatu dira; besteak beste, agerraldian bertan, AEK-ko ordezkariek gogora ekarri dute joan den urriko prentsaurrekoan salatutakoa.
Hori dela eta, manifestaldia deitu dute apirilaren 22rako, Baionan.
Hemen duzue Ihintz Oliden, Iparraldeko AEK-ko koordinatzailea, Hamaika Telebistan
Ezagutzaren Unibertsalizazioari buruzko bigarren jardunaldiak antolatu dituzte Kontseiluak eta Jaurlaritzak elkarlanean. Hiru ardatz izango dituzte, herritar euskaldunak lortzeko bide nagusiak: hezkuntza arautua, hizkuntzaren transmisioa-sozializazioa, eta helduen euskalduntzea.
Gasteizko San Prudentzio fundazioan izango dira azaroaren 10ean eta 11n, eta Jauzirako Prest izena izango dute.
AEKren ordezkaritza bertan izango da eta, azaroaren 11n, Helduen euskalduntzearen mahai-inguruan,Artezkaritza Kontseiluko kide Aize Otañok hartuko du parte. Mahai-inguru horretan, gizarte ekimeneko euskaltegietako ordezkariek euskararen beharra sustatzeari begira egindako hausnarketaren ondorioak partekatuko dituzte.
Informazio gehiago eta izena-ematea www.kontseilua.eus webgunean (azaroaren 7ra arte).
Zonifikazioa gainditzeko garaia da; Nafarroa bat egiteko garaia da. Ia hiru hamarkada pasa dira euskararen legeak lurraldea hirutan zatitu zuenetik, eta bada garaia egoera bidegabe honekin bukatzeko, Nafarroa garaia bat izan dadin. Euskararekin bat egiteko garaia da. Eta horretara dator Errigora!
Kanpaina honetan saskiak eskatzea bada bat egiteko modu bat. Zonifikazioaren afera ez baita nafarren arazoa, euskararena baizik, eta datozen hilabeteak erabakiorrak izan daitezke. Kanpaina honek eskaintzen du, elkartasuna adieraztetik harago, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari baliabide ekonomikoak emateko bidea, baita haien eguneroko batailetan gainontzeko euskaltzaleen babesa eta arnasa sentitzekoa ere.
Azken urteetan egin dugun bezala, hiru saski izanen ditugu kanpaina honetan: saski beltza (55€), Errigoraren saski klasikoa, saski berdea (65€), ekologikoa, eta saski zuria (75€), berezia. Gainera, iaz egin genuen gisan, saski bakoitzean egutegi txukun bat oparituko da.
Eskatu zure saskia/k azaroaren 10era arte eta egin bat euskararekin!
Nafarroako euskaldunen hizkuntz eskubideak aldarrikatuko ditu Hordago! herri ekimenak, urriaren 22an, Tuteran egingo den manifestazioan. AEK-k bat egiten du ekimen honekin eta bertan izanen da.
Euskararen aldeko eta Nafarroa osoan askatasunez bizitzeko aukerak oztopatzen dituen zonifikazioaren aurkako manifestazioa izango da. Hala, Nafarroan “ez euskaldun” izendaturiko eremuetako herritarrei dei egin diete, bereziki Erriberakoei, manifestazioan parte har dezaten. Iazko azaroan aurkeztu zuten Nafarroako Cortes herrian Hordago! herri ekimena. Zonifikazioari aurre egitea du helburu , eta arrazoi linguistikoengatik Nafarroan inolako bereizkeriarik gabe bizi ahal izatea aldarrikatzen du. Horrela jaso zuten orduan Corteseko Adierazpena izeneko idatzian. Erriberako hainbat herritarrek bat egin dute adierazpenarekin, eta Tuterako manifestazioan “euskara Nafarroa osoko hizkuntza dela” ozen aldarrikatzeko deia egin dute. Manifestazioa 17:30ean hasiko da, Tuterako Plaza Berrian.
Hitzekin izan zen 22. Korrikaren leloa: hitza eta ekintza. Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Ekiteko ordua zela aldarrikatu nahi izan genuen; orain dela unea: euskara, hitzetik ekintzara. Aldekotasunetik konpromisora jo behar da, eta konpromisotik eragitera, erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzaten jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko.
Hori dela eta, Korrikaren ingurumarian, esate baterako, dinamika bat abian jarri genuen doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra ere jorratzeko. Gakoa oso argia da: euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izatea.
Azken batean, Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, giltza izango da helduen artean euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere.
Zenbait ekimen proposatu ditugu dinamika abiatzearekin batera, helburua bistaratzeko, eta aurrerapausoak emateko eta erdiesteko. Batetik, lan-munduan, Denok euskara doan. Langileok prest izenekoa: AEK-Korrikatik elkarlan-bide bat landu dugu ELA nahiz LAB sindikatuekin, eta heldu den ikasturterako doako ikastaro laburrak antolatuko ditugu, hainbat lantokitan prest dauden langile-taldeekin. Berez, urtero eta Euskal Herriko lantoki askotan ezaguna den dinamika biderkatu nahi dugu ekimen horren bidez. Edonola ere, gehiagorengana iritsi nahi dugu, eta, batez ere, dinamikaren xedea bistaratzea da asmoa, ekintza praktiko horien bidez. Aurkezpenean langileek eurek adierazi zutenez, euskararen normalizazioa garatzeko ezinbesteko esparrua da lan-mundua, eta berau euskalduntzeko urrats zehatzak aldarrikatu zituzten: «Behar-beharrezkoa da langile guztiei euskara ezagutzeko bideak zabaltzea, horretarako denbora ziurtatzea eta zerbitzu hori doakoa izatea».
Bestalde, Donibane Garaziko adierazpena ere ezagutzera eman genuen. AEK ez ezik, beste euskaltegi askoren ordezkariak daude agiri horren atzean; hauek dira adierazpenaren sinatzaileak: Batuz Euskaltegi Elkartea (Altza-Urumea, Ulibarri, Urrats, Ilazki, Hitzez, Legazpi6, Herri Jakintza eta Udaberria), AEK, Juan Mateo Zabala euskaltegia, Gabriel Aresti euskaltegia, Errioxako IKA, Bai&by, Gotzon Garitanoaindia euskaltegia, Hegoalde euskaltegia, Bilbo Zaharra euskaltegia eta Maizpide.
Adierazpen horren bitartez, Euskal Herriko administrazio nagusiei dei egiten zaie, bertan hauxe jasota: «Unea da euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Proposamen eta bide ezberdinak ezagutzen ditugu. Elkar gaitezen eta osa dezagun, elkarlanean, eta berandu baino lehen, guztiok doan ikasteko bide-orria».
Egun hauetan, hain zuzen ere, bilera bana egingo dugu lurralde administratibo bakoitzeko erakundeekin (Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa), proposamen horri heltzeko.
Berdintasunaren eta kohesioaren izenean, jendarteak euskal hiztun berriak behar ditu, eta justiziazkoa da euskara doan ezagutzeko eskubidea errealitate bihurtzea.
Euskarak aurrera egin dezan, egoerari parez pare begiratu behar diogu. Egoera honek, gizarte zibilaren eta instituzioen arteko elkarlana eta akordio berriak behar ditu. Herri bultzada berri bat behar du. Aurrera egin behar dugu.
Euskara aurrera euskararen aldeko ekinbidea aurkeztu zuten Euskal Herriko hainbat euskaltzale ezagunek, Donostian. Eta maiatzaren 21ean, 17:30ean, Donostiako Antiguako tuneletik abiatuta manifestazioa eginen zutela iragarri ere bai. Mobilizazioan parte hartzera deitu zituzten euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar guztiak.
Adierazpenarekin bat egin dutenak: Kontseilua, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Jakin, Elhuyar, Pantailak Euskaraz, Maizpide, Bai Euskari Elkartea, UEMA, Elkar, Ikastolen Elkartea eta AEK-k
Beraz, badugu beste hitzordu bat, gorde data eta lau haizetara zabaldu deialdia.
Hitzetik ekintzetara pasatzeko unea da. Hitzek hizkuntza, ekinak herria.
Hitzaren eta ekintzaren urtea izango zela 2022a azaldu zuten urte hasieran Korrika eta Euskaraldiko arduradunek. Izan ere, urte berdinean ziren burutzekoak 22. Korrika eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta ekimen bietako antolatzaileek bat egin zuten hitzaren eta ekimenaren garrantzia azpimarratzeko orduan. Ideia hori berretsi dute gaur Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako agerraldian Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijo eta AEKko koordinatzaile Alizia Iribarrenek. Bi ordezkariokin batera parte hartu du gaurko prentsaurrekoan Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzaileak, Maddi Juanikorenak.
Pandemiak bi urtetan eragindako etenak inoiz baino nabarmenago agertu du euskararen normalizazioak gizartearen aldekotasun eta bultzadaz gain, hiztunen praktika linguistiko eraldatzaileak eta era guztietako erakundeen urrats sendoak behar dituela. Horregatik, 2022 urtean euskaltzaleak kalera ateratzeak, euskararen aldeko ekimen jendetsuek eta euskararen ezagutza zein erabilera areagotzeko urrats sendoek berebiziko garrantzia dutela nabarmendu dute ekimen bietako arduradunek.
Donostian bertan Korrika amaitu zenetik hilabete betetzear dela, Alizia Iribarren AEKko koordinatzaileak gogora ekarri du 22. Edizioa aurkeztu zutenetik adierazi eta balorazioan ere azpimarratu zutena: “Korrika egitea helburu bat zen, normaltasunez gauzatu ahal izatea, alegia. Euskararen olatua berreskuratzea, errepidera ateratzera, eta horren aurretik, hilez hil, tokian tokiko batzordeak osatu, herrietan ekintzak antolatzea, Euskal Herriko agenda politiko eta komunikatiboan euskarak toki esanguratsua hartzea”. Iribarrenen iritziz “oso Korrika garrantzitsua izan da, egin dugulako, eta, era berean, zer esanik ez, bizitakoa ikaragarria izan delako: jendarteak erakutsi duen “herri gogoa” zinez indartsua izan da eta gure ustez oso garrantzitsua da Korrikak bistaratu duen energia sozial hori Euskaraldian ere egotea”. Besteak beste, bi ekimenak zinez erabakigarriak direla azpimarratu du AEKko koordinatzaileak, “euskararen dinamika soziala hauspotzeko, indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko eta hizkuntzaren biziberritzean urrats sendoagoak eman daitezen aldarrikatzeko”.
Korrikaren 22. edizio jendetsu eta gogoangarria aurten antolatuko diren gainontzeko ekimenetarako akuilu izango dela esan du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. Korrikak gizartean utzi duen energia eta aktibaziorako olatua euskararen erabileran, ezagutzaren unibertsalizazioan eta euskararentzako gune erosoak zabaltzen urratsak ematen jarraitzeko baliatu beharra azaldu du Urkijok. Euskaraldiak horretan ekarpena egin nahi duela azaldu du eta aurten belarriprest eta ahobizien hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, nabarmendu du era guztietako entitateei euskarazko praktika linguistikoak bultzatzeko neurri zehatzak hartzea eskatuko zaiela.
Euskaraldia batzordeak martxan jartzen hasiak daudela eta herriz herri aurtengo ariketa sozialaren aurkezpenak egiten ari direla azaldu du Goiatz Urkijok. Herritarrak batzordeetan partaide aktibo izateko gonbitea eginez eta Euskaraldian parte hartzeko deia eginez amaitu du bere hitzartzea.
Korrika eta Euskaraldia moduko ekimenen antolaketan herritarrek duten garrantzia azpimarratu du Maddi Juanikorena Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzaileak. Azken bi urteetan batzordeen eta euskalgintza antolatuaren lana normaltasunez garatzeko egon diren zailtasunak aintzat hartuta, aurten berriro herri ekimenak martxan egotea eta batzordeak indartsu aritzea garrantzitsua izango da. Euskaraldia batzordeek aurten belarriprest eta ahobiziei euskarazko hizkuntza praktikak indartzeko tresnak eskaintzen ahalegin handia egingo dutela azaldu du Juanikorenak. Era berean, tokian tokiko entitateetan euskararen erabilera areagotzeko urratsak eman ditzaten herrietako batzordeak proposamenak lantzen ari direla ere azaldu du.
EUSKARALDIA: HURRENGO DATA GARRANTZITSUAK
• Maiatzak 18: entitateek parte hartzea berresteko eta izena emateko epearen irekiera.
• Irailak 29: belarriprest eta ahobiziek parte hartzea berresteko eta izena emateko epearen irekiera.
• Azaroaren 18tik abenduaren 2ra: EUSKARALDIA
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt