Print this page

Enpatikonomia jardunaldia antolatzen ari da AHIZE-AEK hizkuntza aholkularitza

Rate this item
(0 votes)
Print Friendly, PDF & Email

AHIZE-AEK hizkuntza aholkularitzak urteak daramatza Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean, besteak beste, Enpatikonomia jardunaldia antolatzen. Jardunaldi horietan, ingurua eta ingurukoak kontuan hartzen dituen ekonomia inklusiboa sustatu nahi da. Talentuaren erronka eta lanaren zentzua izango dira 4. edizioko mintzagai nagusiak

Aurtengo jardunaldia martxoaren 15ean izango da Oiartzungo Zinealdean, goizeko 09:00etan hasita. Jardunaldiak lanaren zentzua eta talentuaren erronka izango ditu ardatz. XXI. mendeko enpresek duten arazo nagusietakoa bati helduko zaio, eta hitzaldiak, mahai-inguruak eta praktika onak baliatuz, talentua nola sortu, garatu, elikatu, eutsi, zaindu, erakarri… ikusi ahal izango da. Hizlarien artean izango dira Euskal Herriko, Deustuko eta Mondragon unibertsitateetako ikerlariak; GFA, SPRI, ADEGI eta Olatukoopen ordezkariak; Lanbide Heziketako irakasleak, gazteak eta sindikalistak; Bai Euskarari Elkartea, Erakidetuz lantaldea eta praktika onak azalduko dituzten enpresak: Fundiciones Aizpurua, ABB-Niessen, Salto eta Oreka IT.

Jardunaldia euskaraz izango da eta hain zuzen ere, euskara eta hizkuntzen kudeaketa egokia talentua erakartzeko eta zaintzeko tresna izan daitekeela azalduko dute, besteak beste (Ikus egitaraua). Jardunaldiaren amaieran, halaber, aitortza berezia egingo zaie euskara normalizatzeko era bateko edo besteko urratsak egin dituzten eskualdeko enpresei.

Bertaratu nahi baduzu, eman izena!

Jardunaldia streaming bidez ikusi ahal izango da EITBren laguntzarekin. Ikusi nahi baduzu, egin ezazu esteka honen bidez.

Jardunaldiaren aurretik, galdetegi digital anonimo bat sortu da lanbide heziketako ikasleek, langileek eta herritarrek, oro har, lanaren zein alderdi baloratzen duten gehien ezagutzeko. Galdetegia oso laburra da eta anonimoa da (Bete galdetegia).

Horretaz gain, talentuari eskainitako web atala sortu da Oarsoaldaren web gune nagusiaren barnean. Web horrek gaiari buruzko topaleku izan nahi du enpresentzat eta gaiari buruzko interesa duten banakoentzat; artikuluak, hausnarketak, lan akademikoak, liburuak, hitzaldiak, audioak, bideoak eta abar aurkitu ahal izango dituzte bertan. Nahi duen orok zabalik du bertan parte hartzeko aukera eta, hala, atal hori elikatzen laguntzekoa.

Azkenik, jardunaldiaren ondotik, apirilaren 19an, gaiari buruzko lan-ondoko bat antolatuko da. Gaiaren inguruan hizketan eta hausnarrean jarraitu nahi duten pertsona eta eragileei zabalik egongo da. Modu hurbilago eta informalago batean solasean aritzeko aukera emango du ekitaldiak eta eskualde honetarako ideiak, ildoak eta elkarlanak josteko aukera eman dezakeela sinetsita daude agentziako arduradunak. Ahize AEK-ko teknikariek dinamizatuko dute saioa.

Read 582 times Last modified on mardi, 12 March 2024 13:31
mardi, 12 March 2024 13:25