Print this page

EAEko HEZKUNTZA LEGEA: HEA SEKTOREAREN ADIERAZPENA

Rate this item
(0 votes)
Print Friendly, PDF & Email

Helduen Euskalduntze eta Alafabetatzeko sektoreko eragileok hemen elkartu gara Hezkuntza Lege berriak hizkuntza-ereduak mantentzeko arriskuaren aurrean gure irakurketa eta eskaera bateratua egiteko.

Agerraldian Gabriel Arestiko Isa Isazelaia, Maizpide Barnetegiko Laida Begiristain, Juan Mateo Zabala euskaltegiko Nerea Telleria, Bilbo Zaharra euskaltegiko Jon Maguregi eta AEK-ko Lurdes Etxezarreta, Aitzol Gastañazatorre, Galder Lizarralde eta Aize Otaño ordezkariek hartu dute parte; baina Herri Ekimeneko Euskaltegi askok babestu dugu adierazpen hau: ELKARLAN sareko Gabriel Aresti, Bilbo Zaharra eta Joan Mateo Zabala euskaltegiek; BATUZ Euskaltegi Elkarteko Ulibarri, Urrats, Illazki, Hitzez, Legazpi6, Altza-Urumea, Herri Jakintza eta Udaberria euskaltegiek; Gasteizko, Nafarroako eta Errioxako IKA euskaltegiek; Federatu gabeko Leizaur, Jose Antonio Agirre eta Bai&By euskaltegiek; Maizpide Barnetegiak; eta, azkenik, AEK-k.

Desagertu nahi eta ezin. Hizkuntza-eredurik ez

Askotan azpimarratu dugu Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzearen sektorea estrategikoa dela herria euskalduntzeko prozesuan. Euskararen normalizazio-prozesuan beharrezkoa da herritar guztiek euskaraz jakitea eta euskara eroso erabili ahal izateko espazioak izatea, eta, jakina, horretan guztian gure sektoreak ezinbesteko ekarpena egiten jarraitzen du.

Bestalde, egia da hainbatek uste izan dutela belaunaldi berriak euskaraz eskolaratzeak berez euskaldunduko zuela herria. Tamalez, denborak garbi erakutsi digu hori ez dela nahikoa; irakaskuntza arautuaren mugak agerikoak dira.

Horiek horrela, orain da unea muga horiek gainditzeko eta jauzi bat emateko: EAEko Hezkuntza Legearen adoste-fasean murgilduta gaude. Behar-beharrezkoa da abian jartzea belaunaldi berriei euskararen ezagutza egokia bermatzeko euskarazko ikas eredu orokortua. Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioak hiru hanka ditu: Hezkuntza, Transmisioa, eta Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzea. Hiruetako batek kale eginez gero, herren eta nekez iritsiko gara euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiestera; iristekotan, jakina.

Zoritxarrez, Hezkuntza Lege berriak bere egin ditzake urte luzez euskararen normalizaziorako muga izan diren tresna atzerakoiak: hizkuntza ereduak, hain zuzen ere. Ereduen sistemak ez du inondik inora ere bermatzen etorkizuneko belaunaldi euskaldun eleaniztunak sortzea eta, are gutxiago, ezarritako euskarazko komunikagaitasun mailak izatea, argi geratu da.

Gainera, zirriborratutako legeak ez du jasotzen jomuga horietara iristeko zein hizkuntza-ereduri jarraituko dion, nahiz eta ardatz euskara izango omen duen. Baina, hizkuntza-ereduari dagokionez, nola interpretatu behar dugu sistema eleaniztuna izatea? Zalantzarik ez dugu hizkuntzaren eremuan hutsune nabarmenak dituela legeak eta, gure ustez, euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izango duen ikas eredu orokortu inklusiboak izan behar du oinarria. Finean, Hezkuntza Legeak euskara gehiago behar du, gutxien duenari gehiago eman ahal izateko.

Gure sektorea etorkizunean desagertzeko asmoz sortua izan zen eta, lege-proposamen honek aurrera eginez gero, ez dugu inoiz lortuko.

Herri Ekimeneko Euskaltegiak

Read 991 times Last modified on Lunes, 30 October 2023 10:34
Lunes, 30 October 2023 09:10