Duela 50 urte Rikardo Arregik idatzitako gutuna gogoan, AEK-k eskutitz bat helarazi die, datozen urteetan euskalduntze mugimendua sendotzeko garatu beharreko arloak zein diren adierazteko; halaber, hitzordu bana eskatu die, gogoetak partekatzeko.
Dinamika otsail erdialdean jarri zen abian, hainbat ardatz zituelarik, baina batik bat aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. Martxoaren 28an Euskal Herriko 90 bat herritan ekitaldiak antolatu ondoren, agintari politikoengana jotzeko unea iritsi da orain. Argi dago oraindik lan handia dugula egiteko; beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezko, baldin eta jendarte euskalduna amets badugu. Horretarako, euskaltegi sendoak behar ditugu, Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko aukera emateko baldintza egoki guztiez hornituta; alta, helburu hori bete ahal izateko, EAEko, Nafarroako eta Ipar EHko administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaio arloari, ezinbestean.
Bide horretan, AEK-k nabarmendu nahi du EAEko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak orain gutxi Herri Ekimeneko Euskaltegi Sarearen finantzaketa egonkortzeko eman duen pausoa, baliagarria izango da-eta hurrengo urteetan sektorea indarberritzeko.
Hemendik aurrera, AEK-k abiapuntuko proposamena partekatuko du administrazio publiko guztiekin: Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza politika Saila eta HABE, Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentua eta Euskarabidea, eta Euskararen Erakunde Publikoa; AEKren ustez, unea iritsi da Helduen Euskalduntzea benetan normalizatzeko eta langintza horretan nahitaezko diren beste zenbait esparrutan ere eragiteko. AEK Euskal Herri osoan aritzen da, eta, hortik abiatuta, lanketa bateratu baten beharra aldarrikatzen du; era berean, lurralde bakoitzeko administrazio(ar)en errealitatea aintzat hartuta, orain arte egindako urratsak tartean, berariazko lanketa egin nahi du administrazio bakoitzarekin.
Bilera-sorta amaituta, AEK-k horien balorazioa egingo du, etorkizun hurbilean euskalduntze-mugimenduak zer-nolako baldintzak izan behar dituen lau haizeetara zabalduta.
Gaur, apirilak 17, Durangoko Landako guneko hitzaldi aretoan, eguerdiko 12etan, egingo duten agerraldi publikora AEK ere gonbidatu dute, eta bertan bi Artezkaritzakide azalduko dira: Aitziber Balantzategi eta Iñaki Urkijo.
Pantailak, euskaraz!
AEK-k 80 ekitaldi baino gehiago egin ditu, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin. Euskal Herriko herrialde guztietan izan dira, eguerdiko 12etan, ekitaldi xumeak, ordu erdikoak, unean uneko osasun-neurrietara zeharo egokituak. Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara! izeneko dinamikaren barruan antolatu diren ekitaldiak dira, aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. AEKren mezua izan dute ardatz (deskargatu hemendik, irakurri hemen)
• Euskaltegiek mende erditik gorako ibilbidea egin dute, eta, poztasunez, esan behar dugu ondorio emankorrak sortu dituztela; gaur, alde batetik, nabarmendu nahi izan dugu, bereziki, aurten ere euskaltegietan ari diren irakasleen eta ikasleen ahalegina.
• Argi dago oraindik lan handia dugula egiteko: beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezko jendarte euskalduna amets badugu. Euskaltegi sendoak behar ditugu, Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko aukera emateko baldintza egoki guztiekin. Horretarako, ezinbestean, EAEko, Nafarroako eta Ipar EHko
administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaio arloari. Herritarren nahiz mota guztietako eragileen bultzaden ondorioz, agintari politikoak mugiarazi nahi ditugu. Apirilaren amaieran, Bultza euskaltegiak! dinamikaren barruan, gutun bat helaraziko diegu Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan
euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota.
• Era berean, Azken urtean bizi izan dugun eta bizi dugun egoera korapilatsuak ez digu utzi euskararen aldeko ekimenik garrantzitsuena aurten egiten. Korrika atzeratu dugu, baina ez dugu bertan behera utzi; eta, gainera, azpimarratu behar dugu oraindik ere nahitaezkoa dela duela 40 urte jaio zen ideia ero eta zoragarri hura gauzatzea. Hortaz, AEKn buru-belarri ari gara lanean datorren urtean 22.KORRIKA egin ahal izateko.
22. KORRIKA inoiz baino beharrezkoagoa izango da, eta guztion guztion bultzada beharko dugu. Ziur gaude babes erraldoia jasoko dugula. Apuntatu data: 2022ko martxoaren 31tik, apirilaren 10era.
ESKERRIK ASKO BULTZADAGATIK, EUSKAL HERRIA!!
Bultza euskaltegiak. Bultza euskara! Egizu ekarpena kanpainak ere zabalik segitzen du. KORRIKA atzeratzeak zuloa eragin du AEKren aurrekontuan, eta zorpetze horri aurre egiteko herritarren sostengua jaso nahi dugu. Ekarpenak AEKren webgunean egin daitezke, hainbat eratan.
Azkenik, mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat ere jorratzen ari gara. Gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako helduen- euskalduntzean.
ICML kongresuaren aurtengo edizioa hasi da, eta Bilbon izatea espero genuen, baina azkenean ICML XVIII online izango da. Gainera, prestaketaren hastapenetan, aurreikusten zen 22. KORRIKAren edizioarekin bat egitea, Biltzarrak parte hartze berezia izatea, KORRIKA Bilboko kaleetatik pasatzen zen bitartean. Azkenean, tamalez, pandemiak guztiz baldintzatu du hasierako asmoa
Hala eta guztiz ere, AEK/KORRIKAren isla izango da egitarauan; batetik, KORRIKAren erakusketa birtuala eta ikus-entzunezkoa kongresuan parte hartuko dutenen esku egongo dira, eta, horrez gain, KORRIKAri buruzko ponentzia bat egongo da.
Egunero esateko nahi dugun guztia, atzo, gaur, bihar direlako euskararen eguna!!
Euskaraz Koop. E.ren Estatutu Sozialetako 32. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Artezkaritza Kontseiluak Euskaraz Koop. E.ren Ohiko Batzar Nagusirako deialdia egin zuen martxoaren 28rako.
Une honetan ezarritako larrialdi egoeraren ondorioz, ezinezkoa da bazkideon osasuna zaintzeko eskatzen diren segurtasun bermeak betetzea eta, ondorioz, 2020ko martxoaren 17an burututako Artezkaritza Kontseiluaren bileran OHIKO BATZAR NAGUSIA ATZERATZEA erabaki dugu.
Larrialdi egoera hau normaltzen denean, deituko dugu berriro.
Lehendakaria
Aitziber Balantzategi Ibargoitia
Bilbon, 2020ko martxoren 17an
AEK-k aldekotasuna adieraziko dio Gure Eskuk, gainontzeko eragileekin batera, martxan jarri duen Hamaika Gara herri ekimenari.
Altxa. Sinatu. Erabaki.
Duela hiru egun, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deialdia egin zien Euskal Herriko eragile nagusiei, Covid-19 gaitzak sortu duen egoeraren aurrean; bertan, eskatzen du mahai tekniko bat osatzea, berrogeialdiak larritutako krisi-zaintzari heltzeko. AEKn ere bat egiten dugu manifestu horrekin, eta, ere berean, mugimendu feministari nahiz Euskal Herriko eragileei geure prestutasun osoa erakusten diegu, eman behar diren urratsetan parte hartzeko.
Aurten adierazi genuen bezala, AEK-k abian du lau urteko berdintasun-plana, egunerokoan ikuspegi feminista txertatzeko asmoz, hel diezaiogun. AEK-k indarrean du 2019-2023 epealdirako berdintasun-plana
Jon Maia bertsolariak Twitterren abian jarri duen ekimena aprobetxatuta, gonbidapena egin genion euskaltegietako ikasleei bertso bat idazteko. AEKren izenean, Jon, ESKERRIK ASKO!
Euskara ikasleok, hemen duzue:
Milaka ikasle zuen etxetan
isolatuta zaudete
baina euskara ez da hustuko
nahiz eta gelak ez bete
zenbat ahalegin, zenbat denbora
zenbat amets, zenbat neke
Zenbat “baneki”, zenbat “bagina”
zenbat “ahal da”, ”baliteke”
Beste baldintza bat sartu zaigu
ez muga eta ez epe…
isolamendu oro
hizkuntzen azkena izan daiteke
baina ikasleak, zuek bai, zuek
nola utzi esateke...
etsipenaren birusarentzat
antidotoa zarete
Jon Maia
Doinua: Martxa baten lehen notak
Jarraian jasotako bertsioak dauzkazue. Eskerrik asko!
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt