Orrialde hau inprimatu

Hiriguneetako gazteek euskarazko kulturarekin duten harremanaz hausnartuko da 'Igo bolumena!' jardunaldian

Elementu hau baloratu
(1 Boto)
Print Friendly, PDF & Email

Hiriguneetako gazteak eta euskarazko kultura. Bi aldagai horien barruan sartzen denaz hausnartuko da abenduaren 2an Barakaldon. IGO BOLUMENA! Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik jardunaldia izango da horretarako zita, eta Ahize-AEK-k bertan aurkeztuko du #Damolat unitate didaktikoa. Proiektuaren helburua argia da: hirigunetako gazteen artean euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioa eta berrartikulazioa bultzatzea. Horretarako diseinatu dute unitate didaktikoa, eta behin jardunaldietan aurkeztuta, materiala doan jarriko zaie eskuragarri euskarazko kultura gazteen artean sustatzen diharduten eragileei: irakasleei, euskara zein kultura teknikariei, gazte teknikariei, erakundeei, gaztetxeei...

Unitate didaktikoaren lanketa Ahize-AEK aholkularitza zerbitzuak egin du --Ikastolen Elkartea ari da diseinu lanak egiten--, eta jardunaldiak ere eurek antolatu dute, erakunde publikoen babesarekin. #Damolat proiektua diruz lagundu du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta IGO BOLUMENA! jardunaldiak, berriz, honako instituzioen laguntza jaso du: Barakaldoko Udalarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailarena.

Jardunaldia gaur goizean aurkeztu da Barakaldoko BIC Bizkaia Ezkerraldean zentroan, eta proiektuaren parte izan diren eragile denetako ordezkariak izan dira bertan: Miren Dobaran (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordea), Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria), Iratxe Foces (Barakaldoko Euskara zinegotzia), Alizia Iribarren (AEK-ko koordinatzaile nagusia) eta Naroa Jauregizuria (Ahize-AEK-ko aholkularia eta proiektuaren arduraduna).

ERTZETATIK EUSKARA ETA EUSKARAZKO KULTURA SUSTATU

IGO BOLUMENA! jardunaldiak helburu argi bat izango du: euskararen erdigunetik urrun egon daitezkeen eremuetako gazteen inguruan hausnarketa egitea. Euskararen ertzean dauden horiei euskarazko kultura ikusgarri egiteko gakoak zein izan daitezkeen bilatzea, hain zuzen. Horregatik defendatu du Naroa Jauregizuriak bolumena igo behar zaiola euskarari eta euskarazko kulturari: “Bilbo Handian, jende asko euskararen ertzetan bizi da euskararen mundua alboan izan arren; ikusezina, entzunezina, sentiezina edo oso lausoa zaio, eta proiektu honen bidez kanalak topatu eta eraiki nahi ditugu euskararen bolumena igotzeko”.

Jardunaldietan ertz ugari landuko dira. Eduardo Apodaka eta Irati Agirreazkuenaga EHUko ikerlariek, hasteko, marko orokorrean kokatuko dute gazteak eta periferia zer den definituz; Iratxe Retolaza EHUko ikerlariak, bestalde, hezkuntza sistemaren erronkak non dauden kokatuko du, eta ondoren, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako hezkuntza sistemako ordezkari banak gogoeta partekatua egingo dute.

#Damolat unitate didaktikoa aurkeztuko dute ostera Ahize-AEK-k eta Ikastolen Elkarteak. Horrekin batera, gazteen artean euskarazko kultura transmititzeko lan egiten duten proiektu gehiagoren berri ere emango da. Ertzetako gazte sortzaileek ere euren ikuspegia plazaratuko dute. Bertan izango dira Beñat Rodrigo ‘Kiliki Fresko’ musikaria, Iholdi Beristain abeslari eta aktorea, eta Sara Nieto abeslari eta aktorea.

Jardunaldiak amaitzeko, ikasleen kultura eta hizkuntza identitateak izan duen bilakaeraren berri emango dute Letizia Garcia Mondragon Unibertsitateko ikerlariak eta Itsaso Junquera Huhezi irakasle eskolako irakasleak. Azkenik, irakaskuntzaren arlotik hausnarketa kritikoa bultzatuko da.

Transmisioarekin kezkatuta dagoen orori bideratuta egongo da Barakaldon egingo diren jardunaldia. Miren Dobaranek, hain zuzen, horien guztien arteko elkarlanaren beharra azpimarratu du: “Jardunaldietan landuko da nola hobetu euskara eta euskal kulturaren transmisioa, gazteen motibazioak, interesak… Euskaraz sortzen ari diren periferiako gazteen esperientziak landuko dira. Eta uste dut eraldaketa sakon bat egin behar badugu, sarean lan egin beharko dugula hezkuntza munduak, kultur eta euskara teknikariek, gizarte eragileek eta erakundeek, eta gazteen beharrizanetara egokitzen diren programak bultzatu. Gaur egun beraiek bilakatu behar ditugu sortzaile eta asmatu behar dugu beraien sorkuntzak zabaltzen eta hedatzen”.

BILBO HANDITIK EUSKAL HERRIKO BESTE ERTZETARA

Naroa Jauregizuriak ikerketa Bilbo Handiko ikastetxeetan egin zuen, eta hortik abiatutako unitate didaktikoarekin pilotajea egiten ari dira egun Barakaldoko Minas institutuan. Baina proiektuak badauka Barakaldoko ertzetik Euskal Herriko beste ertzetara zabaltzeko helburua. Hala azaldu du Alizia Iribarrenek gaur goizeko prentsaurrekoan: “#Damolat proiektuarekin, lehendabiziko hazia Barakaldon jarri da, baina AEK Euskal Herri osoan aritzen da, eta guztiz konbentzituta gaude beste leku askotara eramateko moduko egitasmoa dela, eta honek segida eduki behar duela. Beraz, horretarako konpromisoa jendaurrean hartzen du AEK-k, hemen eta orain”.

Xabier Arauzok, bere aldetik, egungo errealitatera egokitzeko beharra aldarrikatu du, gazteen egunerokoa aldakorra baita: “Errealitate aldakorrean bizi dira gazteak, eta euskararen kulturaren transmisioa eragiten duten faktoreak ere aldakorrak dira. Bada, testuinguru horretan kokatzen da proiektu hau, izan ere, aurrera eramaten ditugun ekimenak errealitate aldakor horretara egokitu behar dira”.

ZERGATIK DU GARRANTZIA PROIEKTUAK?

Une honetan kezka handia pizten duen gaia da. Euskal Herriko gazte gehienek dakite egun euskaraz, eta lorpen hori hezkuntzaren eskutik etorri da. Are gehiago, hiriguneetako gazteen ezagutza izugarri handitu da. Bilbo Handiko gazteen artean euskararen ezagutzak azken hiru hamarkadetan izan duen gorakada aski adieerazgarria da, Mapa Soziolinguistikoko datuetan oinarrituz gero: 1986an 5-24 urte arteko biztanleriaren %10,5a zen euskalduna, eta 2016an %76,5. 66 puntu egin du gora ezagutzak.

Euskararen erabilerak, kontrara, ez du aurrera egiten: kale erabileraren 2016ko neurketaren arabera, 2-14 urte artekoen %4,5ak erabiltzen zuen euskara Bilbon, eta 15-24 artekoen %2,6ak. 2011eko neurketarekin alderatuz gero, bi adin tarteetan ia bi puntu egin zuen behera erabilerak.

Errealitate horrek bultzatu zuen Naroa Jauregizuria ikerketa egitera. Bilbo Handiko lau ikastetxetako ikasleekin egindako lanketatik baieztatu ahal izan zuen euskarazko kulturaren transmisioan etena dagoela haurtzarotik gaztarorako saltoa egiten denean. Oinarri horrekin eta ikasle horien ekarpenarekin, unitate didaktikoaren hezurdura osatu zuen Ahize-AEK-ko aholkulariak. “Euskarazko kulturaren transmisioan dagoen eten horretan eragiten saiatzeko ahalegina da #Damolat”.

Arlo horretan eragiteko asmoz hartu du parte jardunaldietan Barakaldoko Udalak ere, Iratxe Focesen hitzetan: “Gure kaleetan euskararen erabilera bultzatzeko, Barakaldoko Udaletik euskararen sustapenean eta normalizazioan lan egiten dugu hainbat eremutatik. Horietako bat da kulturaren arloa, eta euskararen normalizazioa lantzen da kulturaren bidez”.

IZEN EMATEA

Azaroaren 26ra arte egongo da zabalik izen ematea, doan, helbide honetan

Informazio gehiago jardunaldiaren blogean.

 


Irakurri 2198 aldiz Azken aldaketak Ostirala, 29 October 2021 12:36
Ostirala, 29 October 2021 08:15