Orrialde hau inprimatu

2020-2021 ikasturtean, KORRIKArik ez; 2022ko udaberrian, herriz herri igaroko gara berriro

Elementu hau baloratu
(1 Boto)
Print Friendly, PDF & Email

22. KORRIKA 2022. urtera atzeratu dugu. Erabaki latza, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu; gainera, KORRIKAk helburu ekonomiko zehatza dauka (AEKren euskaltegietako lana indartzea) eta atzeratzeak kalte egingo dio lan horri, zalantzarik ez.

Azken hilabeteotan, gauzak ikaragarri aldatu dira. Pandemiak mundu osoa kolpatu du eta ez dirudi epe motz-ertainean erabat kontrolpean izango denik. Egoera uste genuena eta nahi genuena baino askoz okerragoa da orain. Hori dela eta, AEKn hobetsi dugu KORRIKA bezalako ekimena atzeratzea, besteak beste, pandemiaren barruko transmisioa ahalik eta gehien murrizteko. KORRIKAren atzerapenak hutsunea sortuko du, baina KORRIKA bera horren garrantzitsua izanik, beharrezkoagoa da KORRIKA denok desiratzen ditugun baldintza hobeetan egitea. Une honetan, ez dugu KORRIKAren ordezko eskas bat nahi. Izan ere, euskarak bezala, KORRIKAk kalea behar du, bizia, mugimendua. Eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek. Denbora gehiago hartu nahi dugu, normalitate berria nondik nora joango den ikusteko, etorkizuna hobeki ezagutzeko, eta, ondo bidean, egoera hobetzen bada, denok desiratzen dugun KORRIKAra iritsiko gara, 2022. urteko udaberrian.

KORRIKArik ez izateak, baina, ez gaitu geldiaraziko. Hasteko, unea baliatu nahi dugu martxan den 2. EUSKARALDIAN parte har dezagun; Belarriprest edo Ahobizi izan gaitezen animatu nahi dugu Korrikazale oro.

Gainera, hartu behar izan dugun erabakiaren ondorioz, kolpe ekonomiko handia pairatuko dugu. Hori dela eta, KORRIKAren sorreratik, edizio guztietan egiten dugun bezala, azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea, Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa du-eta. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian. Alabaina, egoera ekonomiko zailagoan izango baga ere, berretsi nahi ditugu AEKide guztion konpromisoa eta lana. Oso gogorra izan da atzeratzeko erabakia hartzea, zinez, baina ziur gaude goiari helduko diogula eta KORRIKAra inoiz baino indartsuago itzuliko garela.

Bitartean, lanean arituko gara, euskaltegietara hurbiltzen ari zaizkigun milaka lagunek eskolak modurik eragingarrienean ikas ditzaten, eta egunero, goizetik gauera, jarraituko dugu mintzapraktika-egitasmoak abian, normalizazio-planak, itzulpen- eta zuzenketa-lanak, hilero argitaratzen dugun AIZU! Aldizkaria eta abar egiten; lanez lepo ibiliko gara, euskarak toki handiagoa har dezan.

Bidenabar, Euskalgintzako gainerako eragileekin ere elkarlanean segituko dugu 2021 urtean oinarri sendoagoak jar ditzagun herri honen euskalduntze bidean: “Hizkuntza Gutxituen Protokoloa”ren garapena, “Geroa Euskaratik” dinamika, Hizkuntza Gutxituen XVIII. Nazioarteko Biltzarra...

Amaitzeko, txalotu nahi dugu euskara ikastera hurbildu diren herritarren ahalegina, mintzalagun egitasmoetan daudenak, euskara planarekin dabiltzan eragile eta enpresak, AIZU!ko harpidedunak...segi euskaraz bidea egiten, zorionak.

“Herriz herri igaroko gara”, kaleetan eta herrietan elkartuko gara berriro.



Irakurri 2825 aldiz Azken aldaketak Azteazkena, 25 November 2020 11:18
Ostirala, 16 October 2020 10:15