Print this page

Euskararen aurkako azken sententzien aurrean, langileen eta herritarren eskubideen alde elkarretaratzea deitu dute bihar

Rate this item
(0 votes)
Print Friendly, PDF & Email

Euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko bihar, hilak 6, elkartaratzea egongo da Foru Jauregiaren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiko 227 lanposturen egonkortze, promozio eta esleitze prozesuak baliogabetu dituztelako, euskararen ezagutza eskatzea «diskriminatzailea» dela iritzita.

Euskara eskatzea soilik da “gehiegizkoa”

Beste behin, lanpostu publikoen % 100ean gaztelania derrigorrezkoa bada ere, epaileen arabera euskara eskatzea soilik da “gehiegizkoa”. Administrazio publikoan euskaldunon hizkuntza-eskubideak etengabe urratzen diren arren, lanpostu batzuetarako euskararen ezagutza ere eskatzea elebakarrekiko “diskriminatzailea” da. Eta derrigortasun indizearen interpretazio murriztaile honen bidez, kristalezko sabai bat ezartzen zaio euskararen normalizazio prozesuari, hizkuntza-berdintasuna hautsiz eta orain arte ezagutu dugun euskararen ofizialtasuna bera kolokan jarriz.

Sententzietan, epaileek baieztatzen dute Bizkaiko Foru Aldundian herritarren hizkuntza-eskubideak erabat bermatuta daudela, nahiz eta datuek kontrakoa erakusten duten. Izan ere, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotako kexa ugariek aurkakoa adierazten dute: sail ezberdinetako arreta presentzialean zein telefonikoan euskaraz egiteko ezintasuna, gaztelaniaz hitz egitera behartzea, kartelak, gidak eta dokumentazioa soilik gaztelaniaz jartzea, herritarraren hizkuntza-hautua errespetatu gabe gaztelaniaz zuzentzea, eta abar luze. Hizkuntza-eskubideak, gainera, ez dira administrazioarekiko harreman hutsetara mugatzen, ezin baita ahaztu langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea.

Azkenik, azpimarratu behar da sententzia hauek lanpostuak egonkortzeko fasean dauden 227 langile kaltetzen dituela; beraz, oldarraldi judizialak herritarren eskubideei ez ezik langileen eskubideei ere kalte egiten die.

Elkarretaratzearekin bat egiteko deia

Euskalgintzaren Kontseiluak bere babesa adierazi dio Bizkaiko Foru Aldundiari euskararen normalizazio prozesuaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko. Era berean, Hizkuntza Eskubideen Babeserako Protokoloa oinarri, sententziak salatzeko elkarretaratzea deitu dute ELAk, LABek eta Kontseiluak martxoaren 6an 12:00etan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusiaren aurrean (Kale Nagusia 25, Bilbo), eta parte hartzera deia egiten die hizkuntza-eskubideen defentsan sinesten duten gizarte eragile, alderdi politiko, sindikatu eta norbanako guztiei.

AEK-k ere bat egiten du deialdiarekin.

Azkenik, euskararen aldeko hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko akordio soziopolitiko zabal baten beharra eta norabide horretan lan egiteko konpromisoa azaldu du Kontseiluak.

Read 487 times Last modified on Martes, 05 March 2024 09:37
Martes, 05 March 2024 09:19