Maiatzaren 17an HABEren B1, B2 eta C1 mailetako azterketa idatziak izango dira BECen, eta, horren harira, idazlana hobeto egiteko zenbait ohar eta aholku ekarri ditugu hona:
Azterketara joan aurretik:
- Birpasatu aurretik idatzitako idazlanak eta idazlan horietan izandako gabeziak eta irakasleak emandako aholkuak.
- Egizu normalean burutzen dituzun gramatika akatsen zerrenda bat.
- Azterketa egunean, ahal dela, egizu normalean egiten duzuna, eta saia zaitez azterketa izango den tokira lehenago heltzen, azken uneko ustekabeak eta horrek ekar lezakeen urduritasuna ekiditeko.
- Ez ahaztu boligrafoa eta nortasun agiria eramatea.
Zertan datza azterketa?
- Azterketan bi gai izango dituzu eta bat aukeratu beharko duzu. Aukeratu zuretzat egokiena dena, jakina.
- Gai horri buruzko egoera bat planteatuko dizute eta “rol” bat eman. Bada, “rol” hori barneratu egin beharko duzue eta ekintza komunikatibo bat burutu, hau da, helburu batekin zerbait idatzi.
- Horrez gain, idazlanean derrigorrean agertu beharreko zenbait puntu aipatuko dira: zerbait kontatu, zerbait azaldu, iritzia eman, proposamena egin… Eskatutakoa ondo irakurri eta eskema egitean horiexek dira kontuan hartu beharko dituzun punturik garrantzitsuenak. Normalean, hurrenkeran ematen dituzte, beraz, eskema edo eskema erdia eginda izango duzu.
- Bestalde, puntu horiek garatzeko ideiak emango dizkizute. Horiek ez dira derrigorrean erabili beharrekoak, baina ideiak ematen badizkigute, zergatik ez erabili?
- Mailaren arabera, idazlana burutzeko denbora eta idatzi beharreko hitz kopurua desberdinak dira, baina kontua da denbora muga eta idatzi beharreko gutxieneko hitz kopurua izango dituzuela.
Planifikazioa (Eskema):
- Idazten hasi aurretik, zer idatziko duzun pentsatu beharko duzu, eta, horretarako, eskematxo bat egitea komeni da. Ondo egiten baduzu, ideia nagusiak (lauzpabost izan daitezke) eta ideia nagusi horien barruko azpi-ideiak ondo antolatuta izango dituzu, hurrenkera logikoan.
- Gainera, eskeman ipintzen duzun ideia nagusi bakoitza lerroalde bat izango da, beraz, eskemaren bitartez, lerroalde banaketa eginda izango duzu.
- Eskema idaztean, ideia nagusiak / lerroaldeak lotzeko testu antolatzaileak ere pentsa ditzakezu eta eskeman txertatu, hau da, ideia nagusi batetik beste batera pasatzeko, hurrengo lerroalde hori hasteko erabiliko duzun testu antolatzaile egokia pentsatu, gero, idazlanean idazteko.
- Eskema horretan egitekoan eskatu zaizkizun puntuak agertu behar dira derrigorrean eta gaiari heldu behar zaio.
- Eskemetan ez da askorik idazten, azken batean, eskemak ideien antolaketa islatu behar du, gida baino ez da, eta behin eskema eginda, horri jarraitu beharko diozu, ez egin azkenengo momentuko aldaketarik, koherentzia arazoak ekar ditzake eta.
Idaztea:
- Planifikazioaren ostean, idaztea dator, zalantzarik gabe, faserik zailena eta luzeena.
- Erregistro egokia erabili: ez da kontu bera alkateari edo lagun bati idaztea, ezta?
- Testu naturala sortu behar duzu, hau da, ez idatzi aldez aurretik prestatutako sarrerarik, amaierarik… Berehala igartzen dira eta itxura txarra hartzen zaie.
- Testu antolatzaileak erabiltzean, ondo pentsatu zein eta non erabili. Ez erabili erabiltzearren, ezta gehiegi ere, azkenean ulermenari lagundu baino, kalte egiten diote eta. Hauek ere neurrian eta logikaz, dena bezalaxe.
- Saia zaitez ezagutzen dituzun egiturak erabiltzen eta ez arriskatu gehiegi.
- Ez da komeni esaldi luzeegiak idaztea, horretan trebea ez bazara, behintzat.
- Hitzen bat bururatzen ez bazaizu, edo esaldiren bat nola idatzi ez badakizu, saia zaitez beste modu batera idazten.
- Ez eman denbora gehiegi hitz bat pentsatzen edota esaldi edo lerroalde bat idazten. Kateatuta geratzen bazara, hobe da hutsunea uztea eta amaieran egitea.
- Ondo neurtu idazten ematen duzun denbora, amaieran berrikusketa egiteko tarte bat hartzea komeni da eta.
Berrikusketa:
- Behin idazlana amaituta, ezinbestekoa da idatzitakoa berrikustea eta horretarako denbora tarte nahikoa hartzea.
- Lehenengo eta behin, jar zaitez irakurlearen tokian eta irakur ezazu idazlana osorik ea ondo ulertzen den. Tarte ilunik ikusten baduzu, aztertu eta aldatu, irakurleak ulertu ahal izateko moduan. Irakurraldi hau puntuazioa begiratzeko erabil dezakezu
- Bigarren irakurraldian, begiratu normalean burutzen dituzun gramatika akatsak burutu dituzun: ortografia, deklinabidea, aditza, nominalizazioa… Horrez gain, konturatu barik burututako akats larriren bat ere igarri ahal izango duzu.
- Azkenik, idazlana orraztu, apaindu… Hau da, begiratu hitzen bat askotan agertzen den eta horren sinonimoren bat ematen saiatu, edota esaldiren bat aldatzeko eta egitura aberatsagoren edo egokiagoren bat sartzeko aukera ikusten baduzu, egizu.
Zeintzuk dira ebaluazio-irizpideak?
- Egoera zehatz baten aurrean ekintza komunikatibo zehatz bat burutzeko eskatuko zaizu, adibidez, azken oporrak kontatu, txikitako jolasak eta gaur egungoak alderatu, toki bat deskribatu, gutun bat idatzi, iritzi-artikulua idatzi… Helburu nagusia hori adierazteko testu egokiak eta ulergarriak sortzea da, eta hori ondo egin duzuen jakiteko, idazlana zuzentzerakoan, bost dira kontuan hartzen diren atalak: egitekoa bete duzuen, koherentzia, kohesioa, aberastasuna eta zuzentasuna. Beraz, idazlana idaztean, horiek guztiak izan beharko dituzue gogoan.
- Bestalde, argi izan behar duzu idazlan honetan ez dela baloratuko aukeratutako gaiaren inguruan zenbat dakizun, baizik eta eskatu zaizun ekintza komunikatiboa euskaraz burutzeko gai zaren, beti ere, zeuri dagokizun mailaren arabera.