Euskaraz bizi nahi dugu. Manifestazioaren aurkezpena Bilbon.

Kaixo lagun:

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak,  abenduaren 1ean  Donostian egingo duen manifestazioaren Bilboko aurkezpen saiora gonbidatu nahi zaitugu.

Manifestazioa euskaraz bizi nahi dugu lelopean egingo dugu eta hain zuzen ere, horixe izango da bertan aldarrikatuko duguna.

Asko gara euskaraz bizi nahi dugun herritarrak, komunitate bat osatzen dugu. Baina gure nahi hori errealitate bihurtzea ez dago beti gure esku. Hori posible izan dadin, beharrezkoak ditugu bitartekoak. Beharrezkoak ditugu euskaraz bizi ahal izateko espazioak eta beharrezkoa dugu baita ere aurrean dugun pertsona hori euskalduna izatea. Euskararentzat espazioak sortu behar ditugu non euskaldunok libre izango garen. Euskararentzat eremuak sortu eta hedatu behar ditugu, euskaraz biziko bagara, euskaraz biziko badira.

 Guztiok dugu gai honetan zer esana eta zer egina. Guztiok jar dezakegu gure hondar alea. Elkarrekin, elkar hartuta, guztiok batera lortuko dugu bidean jartzen dizkiguten oztopoak gainditzea eta euskaraz bizitzea lortuko dugu. Gaur egun bizitzen ari garen unea, testuinguru ezin aproposagoa da euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko. Gure alde dugu haizea behar dugun jauzia eman ahal izateko eta abagunea probestu behar dugu.


Horregatik,  Azaroaren 9an, arratsaldeko 18:30ean, Bilboko “la bolsan”
egingo dugun saio horretan gurekin nahi zaitugu.