Ekainaren bigarren erdian HABEren ahozko azterketak izango dira BECen, eta, horren harira, idatzizko azterketarekin egin genuen bezala, mintzamen proba hobeto egiteko zenbait ohar eta aholku ekarri dugu hona:
Zertan datza azterketa?
- Azterketa bikoteka egiten da eta atal nagusi bi ditu: bakarrizketa edo hitzaldia eta elkarrizketa edo eztabaida. B1 eta B2 mailetan, normalean, nork bere aurkezpena egiteko eskatzen da, eta baliteke hasieran aztertzaileek horren inguruko galderaren bat egitea. Beraz, aurkezpena eta horren ingurukoak aldez aurretik prestatzea komeni da.
- Hitzaldiari dagokionez, B1 eta B2 mailetan egoera edo gai zehatza izango duzu -ezin izango duzu hainbaten artean aukeratu-, eta eginkizun zehatza eskatuko zaizu, maila bakoitzeko helburuen araberakoa: zerbait deskribatu, kontatu edo azaldu, alde onak eta txarrak aipatu, arrazoitu, iritzia eman, proposamenen bat egin,.. bada, ondo irakurri eskatutakoa eta eskema egitean horiexek dira kontuan hartu beharko dituzun punturik garrantzitsuenak. Normalean, hurrenkeran ematen dituzte, beraz, eskema edo eskema erdia eginda izango duzu eta hori ideiekin betetzea baino ez duzu faltako.
- C1 mailan, hitzaldiaren atalean, antzeko eginkizuna izango duzue, baina testu baten oinarrituta, beraz, testu horretan aipatzen dena kontatu beharko duzu, eta, horrez gain, eginkizunean eskatzen zaizuena.
- Azterketari bakoitzak hitzaldia amaitu ondoren, gaiaren gaineko iritzia emateko eskatuko zaio beste azterketariari, galdera orokor edo zehatz baten bitartez. Hortaz, adi egon bikotekideak esaten duenari.
- Elkarrizketa / eztabaida: gai zehatz baten inguruko argazkiak banatuko dizkizuete eta horren gaineko elkarrizketa burutu beharko duzue. Aztertzaileek esango dizuete zer egin beharko duzuen, baina elkarrizketaren helburua desberdina izaten da mailaren arabera, normalean, B1 mailan, argazkietan zer ikusten duzuen kontatzea edo zerbait aukeratzea; B2 mailan, zerbait adostea; eta C1en, berriz, rolak banatuta, gai baten inguruko eztabaida eta iritzi kontrajarriak ematea.
- Esan bezala, C1 mailan, eztabaida burutu beharko duzue, baina horrek ez du esan nahi beti bestearen ideien kontra egin behar duzuenik, izan ere, zenbait puntutan ados egon zaitezkete, beti ere, nork bere rolari eusten badio. Amaieran, baliteke aztertzaileek zeure benetako iritzia eskatzea.
Zeintzuk dira ebaluazio-irizpideak?
- Mailaren arabera, ekintza komunikatibo zehatz bat burutzeko eskatuko zaizu, adibidez, azken oporrak kontatu, txikitako jolasak eta gaur egungoak alderatu, toki bat deskribatu, gai baten ingurukoak azaldu, irakurritako artikulu bati buruz hitz egin, alde onak eta txarrak aipatu, iritzia eman, zerbait adostu, ikuspuntu baten alde ala kontra egin,… Helburu nagusia hori naturaltasunez, modu ulergarrian eta ahalik eta egokien eta zuzenen adieraztea da, eta hori ondo egin duzuen jakiteko, ahozkoa baloratzean, hauek dira kontuan hartzen diren atal nagusiak: egitekoa bete duzuen, erregistro egokia erabili duzuen, jarioa, koherentzia (diskurtsoaren antolaketa), kohesioa (ideien arteko loturak), aberastasuna, zuzentasuna eta elkarreragina.
- Bestalde, argi izan behar, idazlanean bezala, ez dela baloratuko aukeratutako gaiaren inguruan zenbat dakizun, baizik eta eskatu zaizun ekintza komunikatiboa euskaraz burutzeko gai zaren, beti ere, zeuri dagokizun mailaren arabera.
Azterketara joan aurretik:
- Aurreikusi azterketan ager daitezkeen gaiak, hau da, begiratu aurreko deialdietan atera direnak, eta egizu balizko gaien zerrenda. Ohiko gaiak izaten dira eta ezinezkoa da guztiak aurreikustea, hala ere, pentsa ezazu aurretik landutako gai bat agertzeak duen abantaila.
- Behin balizko gaien zerrenda eginda, gai bakoitzaren inguruko ideiak eta lexikoa lantzea komeni da.
- Egizu normalean burutzen dituzun gramatika akats larrienen zerrenda, eta saia zaitez azterketa aurreko egunetan horiek zuzentzen. Berba egitean, akatsetako bat burutu duzula konturatzen bazara, egizu berehalako auto-zuzenketa.
- Gogoan izan irakasleak ahozkoaren gainean emandako aholkuak.
- Praktikatu edo entrenatu ahalik eta gehien, eta, horretarako, baliatu zeure ingurua, izan ere, hainbat aukera dago: ikaskideak, lagunak, familia, berbalagunak…
- Bakarkako entrenamendua ere egin dezakezu. Gaur egun, denok daukagu grabatzeko gailuren bat eskura, beraz, presta ezazu gai baten inguruko hitzaldia, azterketetan egiten den eginkizunaren antzera, eta entzun ezazu grabatutakoa. Horrela, zelan egiten duzun konturatuko zara eta gabeziak igartzeko eta zuzentzeko aukera izango duzu.
- Hitzaldia lantzean, neurtu eskema prestatzen eta hitzaldia burutzen ematen duzun denbora; prestaketa, zer esana eta ematen edo eskatzen duten denbora tartea egokitu beharra dago eta.
- Ahal dela, azterketa egunaren aurreko egunetan, euskaraz bizi, baita azterketa egunean ere. Horrela, euskara naturalago aterako zaizu eta ez da hizkuntzaren bat-bateko aldaketarik izango.
- Azterketa egunean, egizu normalean egiten duzuna, eta saia zaitez azterketa izango den tokira lehenago heltzen, azken uneko ustekabeak eta horrek ekar lezakeen urduritasuna ekiditeko.
- Ez ahaztu boligrafoa eta nortasun agiria eramatea.
Prestaketa gelan (Planifikazioa / Eskema):
- Prestaketa gelan azterketaren gaineko nondik norakoak azaltzeaz gain, zure azterketa kidea ezagutuko duzu eta hitzaldia prestatzeko tartea emango dizute. Ezinbestekoa da hor igaroko duzun denborari zukua ateratzea, gero, azterketa gelan patxadaz eta ganoraz aritzeko.
- Idatzizko azterketan bezalaxe, hitzaldian zer esango duzun pentsatu beharko duzu, eta, horretarako, eskematxoa egin beharko duzu. Kontuan izan hitzaldian izango duzun papar bakarra eskema izango dela.
- Eskeman hitzaldian esango dituzun ideia nagusiak eta azpi-ideiak idatzi eta hurrenkera logikoan antolatuko dituzu, baina ez da hitzaldia bera, ideien mapa lagungarria baizik.
- Hainbat eskema mota dago, hala ere, zuretzat irakurterraza izan behar du, hau da, begi-kolpe batean irakur daitekeena, izan ere, hitzaldia burutzen ari zarenean, haria galtzen baduzu edo burua hutsik geratzen bazaizu, eskemara -ideien mapara- jo eta berehala ikusi behar duzu zer esan behar duzun.
- Eskema idaztean, aipatuko dituzun ideia nagusiak egokiro lotzeko, erabiliko dituzun testu antolatzaileak ere pentsa ditzakezu eta eskeman txertatu, hau da, ideia nagusi batetik beste batera pasatzeko, hurrengo ideia hori hasteko erabiliko duzun lotura logikoa pentsatu: lehenengo eta behin, horregatik, hala ere, horren ondorioz, amaitzeko,… Dena dela, ez daitezela normalean erabiltzen ez dituzun antolatzaileak izan, naturaltasuna kenduko baitiote hitzaldiari.
- Eskema horretan egitekoan eskatu zaizkizun puntuak agertu behar dira derrigorrean eta gaiari heldu behar zaio.
- Behin eskema idatzita, zer esana pentsatuta, nola esan pentsatu beharko duzu, hau da, hitzaldia zeure baitan burutuko duzu, sarrera, erabiliko dituzun hitzak, esaldiak, egiturak, amaiera… entsegua egin beharko duzu, baina ez ikasi ezer buruz, baliteke-eta gero ez gogoratzea, eta hanka sartzeko arriskua handiagoa da
- Ondo pentsatu zelan hasi eta amaituko duzun, hasiera edo amaiera txarrek aztertzaileen balorazioan nolabaiteko eragina izan dezakete eta.
Azterketa gelan (Azterketa):
- Azterketa gelan bi aztertzaile egongo dira: bata, zuen aurrean egongo da eta zuekin hitz egiteko eta azterketa dinamizatzeko ardura izango du; bestea, berriz, bazter batean egongo da, ordenagailu baten aurrean, eta zuen datuak hartzeaz eta oharrak hartzeaz arduratuko da.
- Zuk hitz egin bitartean, bigarren aztertzailea oharrak hartzen ikusten baduzu, ez kezkatu, izan ere, datuak betetzen edo oharrak hartzen arituko da, eta oharrak aldekoak ere izan daitezke: jario ona, ondo antolatutako diskurtsoa, hiztegi egokia, egitura aberatsak, akats gutxi, …
- Jesarri zuzen, baina gogortu gabe, arreta erakutsiz, natural,… Sekula ez nagi edo etzanda. Ahozko azterketa bada ere, jarrerak eta gorputzaren hizkuntzak garrantzi handia daukate.
- Arestian aipatu bezala, gorputzaren hizkuntzak garrantzi handia dauka ahozkoan, komunikazioa eraginkorragoa izaten laguntzen du, beraz, erabil itzazu eskuak azalpenei laguntzeko, adierazkorra izan, baina keinu nabarmenak baztertuz.
- Ez begiratu oinetara edo paperetara etengabe, begiak azterketa kideari, edo, batzuetan, beharrezkoa denean, aztertzaileari begira. Behar duzunean begiratuko diozu eskemari, baina ez dezala eman dena irakurtzen ari zarela.
- Hitzaldia burutzeko denbora bete beharko duzun arren, ez egon erlojuari begira eta ez kezkatu denbora betetzen ez baduzu. Hala bada, aztertzaileek galderaren bat edo beste egingo dizute, denbora bete dezazun. Kontrakoa ere gerta liteke, denbora betetzea eta aztertzaileak hitzaldia moztu behar izatea. Horrek ez du esan nahi txarto egin duzuenik.
- Ez zaitez saiatu ondo erabiltzen ez dituzun egiturak edo esaldi luzeegi eta konplexuegiak egiten; nahastu egingo zara edo aurretik esandakoa ahaztu.
- Azterketa bikoteka egiten denez, entzun bikotekideari -ez ahaztu bere hitzaldia amaitzean, horren gaineko galderaren bat egingo dizutela- eta bilatu elkarreragina. Gainera, berarekin gustura bazabiltza, erosoago arituko zarete eta bien emaitza hobea izango da.
- Bikotekideak oso ondo hitz egiten duela iruditzen bazaizu, ez pentsatu horrek kalte egingo dizunik. Oso uste zabala eta okerra da hori. Gogoan izan aztertzaileek ahozkoan maila duzun baloratzen dutela, eta ez nork egin duen ondoen, hau da, ez dute konparaziorik egingo.
- Iritzia eman behar baduzu, hobe da “nire ustez”, “nire iritziz” eta antzekoak erabiltzea “uste dut” bezalakoak baino, izan ere, lehenengoek ez dute -(e)la eskatzen eta hori ahaztea ekidingo duzu.
- Akatsen bat burutu duzula konturatzen bazara, zuzendu berehala. Dena dela, ez da komeni behin eta berriro auto-zuzentzen ibiltzea, horrek jarioari kalte egin eta diskurtsoa astun bihur dezake eta.
- Une batez hitzaldiaren haria galdu edo nahastuz gero, ez larritu. “Haria galdu dut”, “Nahastu egin naiz” edo antzeko zerbait esan, begiratu eskema, arnasa hartu eta segi aurrera.
- Hitzen edo esaldiren bat ateratzen ez bazaizu, ez kezkatu. Aztertzaileek ez dakite zer esan nahi duzun, beraz, erabili hitz horren sinonimoren bat edo “hau da” edo “esan nahi dut” esanez, birformulatu esan beharrekoa, beste bide bat hartuz.
- Hitzaldia amaitu aurretik, amaituko duzula aurreratzea komeni da: “Eta, amaitzeko,…”.
- Elkarrizketa edo eztabaidari dagokionez, errespeta ezazu bikotekidearen txanda eta saia zaitez berak esaten duena osatzen edo hari erantzuten.
- Gaiaren inguruko adibideak emateak edo bikotekideari galderak egiteak elkarrizketa hobeto bideratzen lagun dezake.
- Elkarrizketan jorratzen ari zareten ideiaren batekin eroso ez bazaude, beste ideia batera pasatuko zarela ohartarazi eta ideiaz aldatu.
- Azterketa kontu serioa izan arren, umorea neurrian erabiltzeak urduritasuna kentzen eta erosoago sentiarazten laguntzen du.