Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, Bilboko Udalaren Euskara, Gazteria eta Kirol Arloak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Zuzendaritza Nagusiak bultzatuta, Bilboko I. Berbagunea izeneko ekitaldia antolatu da irailaren 25ean, Bilboko Alondegian.
Euskararen erabilera kalera ateratzea izango da ekimen honen helburua, hots, euskara euskaraz konpartitzea.
Euskaraz ulertzeko gaitasuna duen edonork (nahitaezko baldintza, euskarazko solasaldia oztopatuko ez duena, hain zuzen ere) har dezake parte.
Ekimenaren egunean zehar lau txanda antolatuko dira (guztira 1.200 bat pertsona). Lehen txanda (300 pertsona), 09:30 – 11:00. Bigarren txanda (beste 300 bat pertsona), 11:00 – 12:30. Hirugarren txanda (beste 300 bat pertsona), 12:30 – 14:00. Laugarren txanda arratsaldean (beste 300 bat pertsona), 17:30 – 19:00.
Txanda bakoitzean seinaka jarriko dira mahai baten inguruan eta 20 minutuko hiru txandatan gai bat izango da berba egiteko. Mahaikide bakoitzak hiruorriko bat izango du landu behar diren hiru gaiekin.
Egun horretan agertuko direnak kultur arlokoak (idazleak, bertsolariak, antzerki mundukoak…) kirol arlokoak (Athletic, Euskaltel Euskadi, arraunlariak…) alderdi politiko guztietako ordezkariak eta beste sektore batzuetakoak ere (abokatuak, sukaldariak…) izango dira.
Ekitaldiaren dinamizatzaile nagusia ETBko aurkezle Julian Iantzi izango da.