Atzo, lehengo aldiz, Berbalagunok Bilboko AEK-ko ikasleekin batu ginen azken jaia egiteko. Emaitza ikusita, ez da azken urtea izango, ez. 19:00etan hasi ginen Kalderapekon, turutak prestatzen (bai, bai, kartoi banda ederra muntatu genuen); ondoren, pintxo eta pote pare bat giroan sartzeko eta KALEAN GORA, KALEAN BEHERA ekitaldiari ekin genion. Zazpi taberna izan zen hurrengo geldialdia, kartoi banda oraindik findu gabe. Han, berriz, berotu eta hurrengo geldialdirako bidean erakutsi genuen indarra. 100 pertsonak SanQueremos bandak gidatuta, kontzertu ederra egin genuen Somerako Madariaga tabernarako bidaian. Handik Cafe Bilbao-ra, eta hor sorpresa polita, Mikelek-eta pintxo bero eta gozoak atera zizkiguten jaiak behera ez egiteko. Guk oparia musika eta dantzekin eskertu genien. Kalderapekora bueltatzeko ordua zen eta Sombrereria, Correo, Victor, Loteria eta Perro kaleetan eztanda egin zuen jaiak. Amaieran, pintxo gehiago eta … ZOZKETA MUNDIALA. Bertako ia guztientzat sariak egon ziren: Errigorako saskia, kamisetak, sudaderak, txalekoak. Den-denak pozik etxera bueltatu ziren (baten bat opari gabe gelditu eta triste jarri zen, baina berehala konpondu genuen: Soraya eta Sonia, agindutakoa beteko dut, lasai). “Baten bat” ez zen etxera joan amaitutakoan, eguraldiak horretarako laguntzen zuen eta.
Hurrengo urtean hobetzea zaila izango da. Mila-mila esker guztioi.