BILBOKO IBILBIDEA IKUSTEKO SAKATU HEMEN K18 Bilbon
Bilboko Euskalgintza Bilboko euskara ikasleekin bat
EMAN EUSKARA ELKARRI da Korrika 18k aukeratu duen leloa. Euskara da, izatez, euskal herritarrok ELKARREKIN bizitzeko aukeratu nahi dugun hizkuntza. ELKARRI hitz egiteko hizkuntza. ELKAR entzuteko eta ulertzeko.
Bilboko euskalgintzak bat egiten du Korrikaren leloak adierazten duen mezuarekin. ELKAR entzutea eta ulertzea izanik helburua, ELKAR bizitzarako erabili beharreko hizkuntza euskara da eta Bilbon ere horrela behar du. Horregatik da garrantzitsua dakienak ikasi nahi duenari irakastea, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera ematea, agintariek, herritar orori ikasteko bideak erraztea… azken batean, ELKARRI ematea euskara bakoitzak duen egoeratik abiatuta.
Euskara euskal herritarron ELKAR bizitzarako gakoa izanik, ELKARREKIN bizitzeko, ELKARRI hitz egiteko, ELKAR entzuteko, eta ELKAR ulertzeko tresna izanik, euskal herritarrok euskal kultura ezagutzea eta euskara jakitea beharrezkoa da.
Horregatik, KORRIKA 18k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omendu nahi ditu. Bilboko Euskalgintzak ere, bereziki, Bilbon euskaldun izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak omendu nahi ditu, edozein izanda ere euren egoera linguistikoa edo euren jatorria.
Aurreko Korriketan bezala, botere publikoei dei egin nahi diegu, eta Bilboko Udalari espresuki, euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak ezar ditzaten. Bilboko euskalgintzako taldeok, omendu ez ezik, euskara ikasleen lekukotza ozen plazaratu gura dugu, ez delako zilegi bertako hizkuntza ikasteko ikasleek ordaindu behar dutena ordaindu behar izatea. Doakotasuna aldarrikatzen dugu, euskal herritar guztien eskubidea delako euskaldun izatea
Beraz, Bilboko euskalgintzako kide guztiei, eta beren beregi, Bilboko euskara ikasle guztiei, dei egiten diegu datorren martxoaren 21ean Bilboko Euskalgintzako kilometroan parte har dezaten.
Artez, Asapala Kultur elkartea, Bai & By, Berbaizu Euskara Elkartea, Berton Aldizkaria Bilbo Hiria irratia, Bilbo Zaharra Euskaltegia, Bilboko AEK, Bilboko Berbalagunak, Deustuko Unibertsitateko Irakaslego Eskola, Euskal Herrian Euskaraz, Euskarri Euskara taldea, Gabriel Aresti Euskaltegia, GITE-IPES, Hamaika TB, Hau Pittu Hau, Hordago Abante, Ibaizabal Mendebalde Kultur elkartea, Juan Mateo Zabala Euskaltegia, Labayru euskaltegia, Lizardi Mintza Taldea, Mikelats Euskaltegia, Mondragon Lingua, Palanka Euskara taldea Prest! Aldizkaria, Tanttaka Uribarri Euskaltegia, Zenbat Gara, Zorrotzako Euskal Txokoa