Garai zail hauetan, bai euskararen bai emakumeon* egoera zeharo okertu da. Izan ere, azken urteetan emandako aurrerapausoek atzera egin dute arrapaladan; besteak beste, lan prekarietatea, zaintza, indarkeria eta zaurgarritasuna areagotu egin dira. Ondorioz, bizkarrean daramagun motxila leporaino bete zaigu, eta gero eta gehiago kostatzen zaigu hustea.
Oztopoak oztopo, lanean dihardugu emakume* askok eta askok (bai soldatapean, bai bestela ere), eta helduen euskalduntzean, esaterako, kide eta irakasle gehienak emakumeak* gara: gurean, %63,9, hain zuzen ere. Hori dela eta, ez dugu itxura bakarrik izan nahi, erakundean bertan parte hartu nahi dugu eta ez bakarrik argazkietan, modu aktibo eta eraginkorrean baizik. Horrelakoak baikara!
Arrazoi horiek guztiak aintzat hartuz, eta Emakume Langilearen Nazioarteko egunaren harira, garrantzitsua iruditzen zaigu egiten dugun lana erakustea eta gure jarduna nahiz presentzia ikusaraztea. Horregatik, hor gaudelako eta ehuneko handia garelako, martxoaren 8an emakume* guztion argazkiak zabaldu nahi ditugu, geure indarrak batzeko, eta ikus gaitzaten.
AEK