Nahi duzun guztia ulertzeko, nahi duzun guztia esateko. Horretarako berritu dugu Altsasuko Itsatsi euskaltegia. Sakanako herritarrei zerbitzua eskaintzen jarraitzeko, sakandarrei euskahalduntzen laguntzen jarraitzeko. Horretan ari gara azken urteotan AEKn; euskara egunerokoan edo lanean erabili nahi duten horiek metodo eraginkorra aurkituko dute AEKn. Euskara praktikoa, eguneroko premietarako. Ideia horixe da: AEKrekin lortuko duzue “nahi duzuen guztia ulertzea, nahi duzuen guztia esatea.”
Halere, gu ez gara protagonistak. Izan ere, irailean matrikulazio-kanpainan azpimarratu dugun bezala, AEK-kook laguntzaileak baino ez gara, herritarrek euskara ikas eta erabil dezaten. Benetako protagonistak horiek direlako, IKASLEAK: iaz euskaltegiak bete zituzten milaka ikasleak; udan barnetegi eta ikastaro trinkoetan euskara ikasten jardun duten pertsonak; eta ikasturte honetan euskara ikastera etorri diren lagun guztiak. 1.000 lagun baino gehiago dabiltza dagoeneko AEK-k Altsasun eta Nafarroa osoan dituen euskaltegietan eta ikastaroetan. Aurreko ikasturtean baino jende gehiago hurbildu da. Pozgarria benetan.
Hortaz, euskarak izandako tokia berreskuratzeaz ari gara, urteen eta hamarkaden poderioz eremuak galdu zituen; era berean, hizkuntza-politika zitalek lekua kendu izan diote behin eta berriz, maltzurkeria osoz. Gure herrian, normaltasunez bizi nahi dugu euskaraz, goizetik gauera, edonon. AEKren erronka nagusia ezaguna da, bereziki helduen euskalduntzean eta euskararen berreskurapenean aritzea, hain zuzen ere, gure aurkezpen-txartelak dioen moduan. Berreskuratzea, aditz polita.
Hori bai, kezkak jota geratzen gara aditz hori beste testuinguru batzuetan entzuten dugunean: euskaltegiek inoiz ez dute izan finantzaketa-maila egokirik, euskarak ez du izan hamarkadetan, mendeetan, aldeko hizkuntza-politikarik… Beraz, kezka bizia eragiten digu kontu horiei lotuta “berreskuratu” aditza erabiltzen dela ikusteak.
Gu euskararen herria berreskuratzeaz eta eraikitzeaz ari gara. Horretarako, neurriei dagokienez, berreskuratu baino, bestelako politikak eta neurriak behar dira, arlo juridikoan, jardunbide politikoan, baliabideetan, diskurtsoan eta giro sozialean.
Zonifikazioari izkin eginda, herren jaio da Aldaketaren Gobernua; dena den, neurri eta egitasmo garrantzitsu asko ikusi ditugu asmoen artean, oinarri egokia Hizkuntza-Politika eraginkorrra abian jartzeko. Bide horretan, nola ez, gure konplizitate osoa izanen duzue. Guk berreskuratzen dugun bitartean, zuek eraiki eta abiatu bide berriak Administrazioaren eta Euskalgintzaren artean euskararen normalizazioa erdiesteko.
Bide horretan, beraz, euskaltegi berria dugu abian Sakanan. Zorionak Altsasu! Zorionak Nafarroa osoko euskaltegietan ikasturteari ekin diozuenoi!
Xabi Gartzia, AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidea