(Korrika18ren Nafarroako aurkezpenean irakurritako diskurtsoa. Euskara ikasleak omentzen)
“Hace 17 años decidí aprender euskara. Tenía esa llamada interna de que yo también queria ser euskaldun, que ya era el momento. Vi un cartel de AEK en la calle Monasterio de Urdax y acabé en el euskaltegi Irrintzi. Egun euskaraz bizi nahi duen euskalduna nauzue, euskaraz bizi naiz, goiz zein gauez, eta arratsalde askotan ere bai.
Euskara ikasleari batzuetan irakasle izatea tokatzen zaio, hala aritu naiz. Eta euskara ikasleari ere halako ardurak iristen zaizkio, baita halako oholtzak eta uneak ere.
Hori dela eta, euskara ikaslea naizen moduan, harro eta gogo biziz hartu dut AEK-k eta Korrika-k euskara ikasleak omentzea. Ohore handia.
Euskara ikasle asko ezagutu dut, hasieran ikaskide, gero urte askotan, irakasle rola hartuta. Dabid, Blanka, Maider, Albaro, Lorea, Jabi, Koldo, Gemma, Itziar eta abar luze bat. Zorionak eta eskerrik asko!
Euskarak hiztun gehiago behar ditu, zuek zein urteotan aritu zaretenok bidea ezagutu duzue, urrats garrantzitsua egin duzue.
Aurten, hiru urte eskasekin, D ereduan hasi diren Jon, Iraider, Iraia, Irati eta Maddik ere helduon erreferentzia behar dute, euskaraz bizitzeko hauspoa emanen diete guraso taldean ari diren Maika, Silbia, Jose eta Kristinak.
Eta behin euskaltegian euskara ikasita, Roberrek eta Isabelek euskaraz bizi nahi dute. Euskaraz erosi, edan, jan eta gozatu nahi dute.
Evak eta Andreak euskaraz sortuko den kultur eskaintza nahi dute, euskaraz informatu nahi dute.
Pedrok, Ainhoak eta Pilik euskaraz arituko den mugimendu politiko, sozial eta sindikala nahi dute. Eliasek euskaraz egin nahi du dantza taldean, kultur koordinakundean eta mendi taldean.
Rakelek euskara ikasi du eta euskaraz egin nahi du greba batzordean, eskolako bileran eta kirol elkartearen ginkanan.
Tomas, Mayu, Nora, Margari eta beste 6.000 lagun inguru euskara ikasten ari dira egun Nafarroan,
Zubiarte Euskaltegian, Hizkuntza Eskola batean, hainbat euskaltegi zein gau-eskolatan, ordutegi eta maila guztietan.
Nafarroa osoko 70 bat auzo eta herritan ari dira eta nabarmendu behar da leku gehienetan IKA edo AEKren euskaltegia dela herritar helduek euskara ikasteko duten aukera bakarra.
Euskarak hiztun gehiago behar ditu eta horretarako, Txema, Pepa, Silbia eta Aliziak euskaltegi indartsuak behar dituzte. 40 urteetako ibilbidea egina dugu eta inoz baino gogotsuago gaude, gobernuaren aldeko politika faltan eta itotze ekonomikoaren aurrean.
Euskaltegi indartsuak behar ditugu. Datozen urteotan izena emanen duten Fernando, Karmen, Luisa, Aissa eta Mikeli gure omenaldirik praktikoena egin diezaiegun: berezkoa dugun euskara doan ikastea euskaltegian.
Helios Del Santo, AEKren Artezkaritza Kontseilua